Merkealdian, produktuen kalidadeari, bermeari eta baldintzei eutsi behar jake

Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzea 2008-07-01 11:56

Gogoan izan behar da merkealdiak ez dituala ezelan be gure eskubideak murrizten, eta beraz, bai produktuen kalidadeak eta bermeak, eta bai erosteko baldintzek, garai horretatik kanpo dagozanen bardin-bardinak izan behar dabe.

Gaur, garagarrilak 1, merkealdiari hasiera emongo jako eta irailaren 30era arte iraungo dau. Merkealdiagaz batera, saltokiek sobran dituen produktuak saltzeko aukerea ikusten dabe, eta kontsumitzaileek produktuak prezio hobean lortu leikiez, baina hori bai, urteko ganerako denporaldietan erositako produktuen kalidade eta berme bardin-bardinagaz, Eusko Jaurlaritzako Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzeak gogorarazo dauenez.

Ezer erosi baino lehen, beharrezkoa da aurretik hausnartzea eta erosketen plangintzea egitea. Holan, sarritan publizidadeak edo prisak eta jentetzeak eragindako jokabide oldarkorrak egitauko doguz, benetan behar ez doguzan produktuak konsumidutera bultzatzen baikaitue holakoek batzuetan.

Merkealdian berme guztiakaz eta modu arduratsuan konsumiduteko, honako informazino kontuan hartzea komenidu da:

1.- Merkealdiak gitxienez astebete eta gehienez bi hilebete iraun leike, garagarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean. Merkatari bakotxak bere saltokiko merkealdiaren iraupenaren barri emon behar dau.

2.- Merkealdia hasi baino gitxienez hilebete lehenago prezio arruntean merkaturatu ez diran produktuak ezin dira merkeago saldu, eta ezta hondatu diralako gitxiago balio daben produktuak be, horreek saldo moduan baino ezin daitekezalako iragarri. Ez doguz merkealdia eta likidazinoa nahastau behar, likidazinoak salbuespenezko baldintzek eraginda ezarri behar baitira, esaterako jarduerea bertan behera ixteak, edota merkataritza-orientazinoz edo lekuz aldatzeak. Eskaintzak edo promozinoak be ez dira merkealdiak, horreek produktuak sustatzeko edota merkataritza garatzeko erabilten baitira.

3.- Merkealdiak dendako produktu guztiak eraginpean hartzen ez baditu, beheratutako produktuak eta ganerakoak argi eta garbi bereizi behar dira.

4.- Beheratutako produktuek etiketa egokia eroan behar dabe, eta konposizinoa adierazo behar dabe.

5.- Produktu bakotxaren prezioak argi eta garbi adierazo behar ditu lehen eukan prezioa eta prezio beheratua.

6.- Kanpotik ikus daitekeen moduan adierazo behar dira erakusleihoetako produktu beheratuen prezioak.

7.- Saltokiek eskaintzen dituen ordainbideek, besteak beste, txartelek, indarrean jarraituko dabe merkealdian, argi ikusteko moduan ordainbide horreek onartzen ez dirala adierazoten ez bada.

8.- Faktura edo erosketa-tiketa eskatu behar da beti, eta erreklamazinoak egiteko aukerea izateko, gorde egin beharko dira.

9.- Establezimenduak produktu akastunen itzulketak onartu behar ditu.

10.- Ondasun iraunkorrak erosten badira, etxetresna elektrikoak, esaterako, artikuluaren bi urteko lege-bermea aplikatzeari eutsiko jako.

Laburbilduz, gogoan izan behar dogu merkealdiak ez dituala ezelan be gure eskubideak murrizten, eta beraz, bai produktuen kalidadeak eta bermeak, eta bai erosteko baldintzek, garai horretatik kanpo dagozanen bardin-bardinak izan behar dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu