Nahia Aia: 'bularreko minbizia ebitetea nahiko gatxa da'

Saioa Torre Gereketa 2008-06-30 15:37   Barriketan

Ginekologoa eta bularreko minbizian aditua

Gurutzetako ospitaleko Ginekologia sailean mediku egoiliar legez egin beharreko orduak beteta, bularreko minbiziaren ganeko doktore tesia amaitu eta aurkeztu dau egunotan Nahia Aiak. Tartean, ACAMBI (Bularreko Minbiziaren Bizkaiko Alkartea) alkarteagaz kolaborau eta gaixorik dagozan emakumeei edota, besterik barik, gaixotasunaz jakin gura dabenei eskainitako berbaldiak egiteko astia be ataraten dau. Tartean, gugaz barriketalditxua egin eta bularreko minbiziaz gehiago jakiteko aukerea eskaini deusku.


1.- Ze sintoma igarri ostean jo behar dau emakumeak medikuarengana?

Sintoma ugari dagoz. Bularreko zein besapeko konkorrak igarri ostean; titiburuetako azalean edota bularreko azalean asaldurak edo aldaketak agertzen diranean; konkorren ordez, bularretan hondoraketak dagozanean; titiburuetako jariakin arraroak, odola zein beste edozein jariakin arraroak; edota, batzutan, bularrean zain dilatatuak agertzen diranean.

Sintoma horreek ez dira zertan oso begibistakoak izan. Konkorrak, gehienetan, txikiak izaten dira eta jariakinak be gitxi izaten dira. Askotan, gatxa izaten da konturatzea, sintomak ez diralako oso esanguratsuak edo ikusgarriak izaten. Horregaitik, oso garrantzitsua da emakumeak bere bularrak ondo ezagutzea, autoesplorazinoa egitea, zeozer arraroa igarri ezkero berehala medikuarengana joateko.


2.- Zertan oinarritzen da autoesplorazinoa?

Autoesplorazinoa lehenengo ikuskapena da. Bularren simetria, formea, itxurea... aztertu behar dira. Hilerokoa daben emakumeek hilero-hilero aztertu behar ditue bularrak, aldaketarik dagoan ikusteko. Bular osoa atzamarrakaz ikutu behar da, zelako formea daukan aztertzeko. Normalean, bularrak ez dira guztiz erregularrak izaten; baina irregulartasun hori noraino ailegetan dan jakin behar da.

Autoesplorazinoari buruz gauza asko argitaratu izan dira. Datu estadistikoetan oinarrituta, autoesplorazinoak ez dau bularreko minbiziaren hilkortasun-tasea bajau. Baina ezelako kostu ekonomikorik ez daukan gomendioa da eta emakumearentzat oso aberasgarria da bere bularra ondo ezagutzea. Horretan oinarrituta, hilkortasun-tasan eragin nabarmenik izan ez arren, gomendio merkea da eta minbizia balego, autoesplorazinoari esker hasierako fasean detektetako aukerea legoke.


3.- Zeintzuk dira bularreko minbizia detektetako egin beharreko probak? Ekografia, mamografia, termomamografia...

Proba ugari dagoz. Ezagunena eta baliogarriena mamografia da. Mamografia agertu baino lehenago, bularra ikutu eta bertan igarten zanaren arabera jarduten zan. Baina, ordurako, minbizia garatuta egoten zan. Orain, mamografiari esker, oraindino ikutu ezin diran aro goiztiarreko bularreko minbiziak atzemon daitekez.

Mamografia oso teknika zorrotza da baina bular-ehun oso desbardinak dagoz eta hainbat gauza ez dira mamografian ikusten. Horregaitik, beste proba batzuk be badagoz: ekografiak, konpresino-mamografiak edo mamografia anplifikauak, erresonantziak... Horreek guztiak irudi-teknikak dira eta ez dabe bularreko minbiziaren diagnostikorik emoten, susmoak baino ez. Bularreko minbiziaren diagnostikoa bularreko zati hori analizau ostean egin daiteke, beste dana susmoak dira eta, jakina, susmo-maila desbardinak dagoz eta horren arabera bularreko zatitxua hartu eta analizau egiten dogu. Emakume asko bildurtu egiten dira, analisi hori bularreko minbiziagaz lotzen dabelako, eta ez da zertan. Proba osogarriak eta biopsiak ez dira zertan positiboak izan, hau da, emakumeak ez dau zertan bularreko minbizia izan mamografiaz gan biopsia egiten badeutse. Biopsia horrek esango deusku minbizia dagoan ala ez, ez mamografiak.


4.- Badaezpadako ze neurri har leike emakumeak gaixotasuna ebitetako?

Bularreko minbizia ebitetea nahiko gatxa da. Emakumeen esku dagoan gauzarik garrantzitsuena goiz detektetea da. Minbizia ebitetea, egun, ezinezkoa da. Probabilidade estudioen arabera, minbizirik ez izateko oinarrizko aholkuak berberak dira kasu guztietarako, bizitza-kalidade ona mantentzea, kirola egitea, ez erretea, ondo jatea...

Hormonen tratamentuen eraginak, oraindino, guztiz aztertu barik dagoz. Epe laburrean hormonak hartzeak, menopausiarako edo antikonzeptibo moduan, berbarako, ez dauka eragin zuzenik bularreko minbiziagaz. Bai, ostera, hormonak epe luzera hartzeak, bost-hamar urte baino gehiago.

Baina, egia esan, arrisku faktoreak ebitau arren, ez dago minbizia ebitetako jarraibiderik.


5.- Zoritxarrez, bularreko minbiziaren albiste txarragaz batera, bularretako bat edo biak kendu behar izatea etorten da. Hori da minbiziari aurre egiteko bide bakarra?

Tratamentuak asko aldatu dira. Lehen, oso kirurgia erradikalak izaten ziran eta, normalean, bular osoa kentzen zan, baita bularreko muskuluak eta besapeko gangail guztiak be. Kirurgia mutilanteak ziran baina egoerea asko aldatu da. Orain, tratamentuari balio estetikoa ganeratu jako.

Tratamentuan, lau zutabe dagoz: kirurgia, radioterapia, kimioterapia eta horma bidezko terapia.

Bularreko minbizia operetan dogunean, bularra kentzeaz gan, besapeko gangailak be kendu behar dira, minbizia bertara zabaltzen da eta. Orduan, minbizia noraino ailegau dan jakiteko, gangail horreek aztertu behar dira. Bularra operetako, egun, teknika bi dagoz: batetik, bularra bera kentzea, inguruko giharrak kendu barik; bestetik, tumore osoa kentzea baina bularra kendu barik. Besapeko gangailak kentzeko be, teknika bi dagoz. Orain dala urte batzuk, besapeko gangail guztiak kentzen ziran eta, ostean, patologoak esaten euskun gangail horreetariko zenbat egozan minbiziaren eraginpean. Gangailak kentzeak ez dauka eragin estetiko larririk, baina osasunean bai, gangaila kendu dan besoa minduta geratzen baita bizitza osorako, ondo mobidu ezinik, pisurik ezin hartu, lanak egiteko arazoak... Horregaitik, orain teknika barri bat erabilten dogu. Bularreko minbiziak, batez be mamografiei esker, gero eta goizago detektetan doguzan legez, ez doguz gangail guztiak kentzen, bularreko minbizia dagoan eremu horregaz lotutako gangaila aztertzeagaz nahikoa da. Gangaila horren azterketeak negatibo emon ezkero, ez dira gangaila guztiak kendu behar eta besoan ez dogu ezelako kalterik eragingo.


6.- Behin gaixotasunari aurre egin ostean, mindutako eremua berregiteko aukerea izaten da kasu askotan. Gehienak animetan dira ala askok gurago dabe egoera barrira moldatu?

Gero eta gehiago, batez be gazteenak. Berreraikuntza-teknikea zirujia garrantzitsua da, ebakuntza sakona. Baina emakume gazteak, normalean, animau egiten dira eta gomendagarria da, ganera, autoestimarako, arlo estetikoa garrantzitsua dalako.


7.- Minbiziak arlo psikologikoan izaten dauen eraginak ze lotura dauka gaixotasunaren eboluzinoagaz?

Minbizia diagnostiko baten atzean, edozein minbizia izanda be, heriotzearen ideia beti dago hor atzean.

Baina bularreko minbiziak beste minbiziek ez daukien ondorio larri nabarmena dauka: bularra kentzea. Kolon zati bat kenduta edo barruko organoren bat kenduta, eragina, arlo psikologikoan, txikiagoa izaten da normalean. Baina bularrak beti dauka aparteko garrantzia, estetikeagaz, amatasunagaz, feminidadeagaz... lotuta dagoalako. Horregaitik, bularra kentzeak emakumearen arlo psikologikoan izaten dauen eragina nabarmena da eta horrek eragin zuzena dauka gaixotasunean, batez be eroangarritasunean, hau da, emakumeak egoera barriaren aurrean hartutako jarrereak gaixotasunaren eboluzinoan eragin zuzena dauka. Ez ebakuntzan, ondorengo tratamentuan baino. Tratamentua luzea izaten da eta, gero, bizitza osoan egin behar da jarraipena. Hor, bai izaten dau eragina emakumearen jarrereak.


8.- Egun, arlo psikologiko hori be lantzen dau Osasun Publikoak?

Nik dakidanik, Osakidetzak ez dauka, berenberegi, bularreko minbizia daukien emakumeei zuzendutako psikologo talderik. Hori bai, psikologo orokorrak bai. ACAMBI alkarteak bai badauka psikologo bat.


9.- Zenbaterainoko garrantzia daukie familiak eta lagunek gaixoaren osasunean?

Minbizi guztietan legez, familiaren eta lagunen babesa oso garrantzitsua da. Baina badago desbardintasun bat gainontzeko minbiziakaz konparauta: arlo psikosexuala, bikoteagazko hartu-emonetan eragina izan leike.

Bestalde, kimioterapia tratamentua oso gogorra izaten da eta familiaren babesa ezinbestekoa da. Ganera, beti dago gaixotasuna barriro agertzeko arriskua eta horrek pisu psikologiko handia izaten dau emakumeakan, hilero, sei hilabetero eta gero urtero mamografia egin behar dauenean.


10.- Egungo tratamentuak kontuan izanda, bularreko minbizia osatu egiten dala esan geinke?

Egun, Euskal Autonomia Erkidegoan, urtero, batazbeste, 742 kasu barri detektetan dira, hau da, 100.000 kasutatik 46. Biziraupen tasea, 5-10 urtera begira, % 70 inguruan dago. Hori bai, oso goiz detektetan diran minbiziak, sintomak igarri aurretik tratetan hasten diranak, % 80tik gorako biziraupen-mailea daukie. Bestalde, kontuan izan behar da bularreko minbizia kasuen % 5-10 oinordetzakoa edo hereditarioa dala.

Aitatzekoa da 35-65 urte bitarteko emakumeen artean bularreko minbizia lehenengo heriotza-kausea dala. 65 urtetik gorakoetan, bigarrena. Edade-tarteari jagokonez, talde bi egin geinkez: 45-55 urte bitarteko emakumeak batetik eta 65-70 urtekoak bestetik.


11.- Aurten 20 urte bete dituan ACAMBIko (Bularreko Minbiziaren Bizkaiko Alkartea) kide be bazara. Zein da alkartearen zeregina? Zer eskaintzen dau?

Alkartekoek hobeto erantzungo leukie hori. Ni kolaboratzailea naz eta, dakidanez, alkarteak, batez be, aholkularitza lana egiten dau. Psikologo bat daukie emakumen galderak argitzeko, berbaldiak eskaintzen ditue... Ganera, minbizia izan daben emakumeek eta gaixorik dagozanek euren esperientzien ganean berba egiteko aukerea izaten dabe alkarteak antolatutako batzarrei eta osteratxuei esker. Arlo estetikoari garrantzia emoten deutse eta pelukak non egiten dituen, bularretako bereziak edota protesiak non saltzen dituen... dakie. Informazino-gune garrantzitsua da eta hori da baliagarriena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu