Santiago Onaindia bekearen IX. edizinoan euskal literatura sistemea eta literaturearen didaktikea aztertu dira

Bizkaie! 2008-06-30 15:29

Idurre Alonsik alde batetik, euskal literatur sistemearen ikuspegi orokorra dakarzku, hogeita hamalau euskal idazle eta kritikariren eretxietan oinarri hartuta eta, bestetik, euskal literaturearen didaktikeari egindako hurreraketea.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Santiago Onaindia bekearen bederatzigarren edizinoko lanaren aurkezpen ofiziala egin dau oraintsu. Bekearen irabazle izan zan Idurre Alonso Amezuak ‘Euskal Literatur sistema eta literaturearen didaktikea aztergai’ izeneko lana idatzi eban, eta bi ardatzen inguruan egituratu. Alde batetik, euskal literatur sistemearen ikuspegi orokorra dakarzku, hogeita hamalau euskal idazle eta kritikariren eretxietan oinarri hartuta eta, bestetik, euskal literaturearen didaktikeari egindako hurreraketea daukagu. Ikasleei zuzendutako galdeketen eta ikas materialaren azterketea abiapuntu izanik, euskal literaturearen irakaskuntzearen egoerearen deskripzinoa XXI. mendearen hastapenetan.

2006ko zezeilean aukeratu zan beraren proiektua aurrera eroateko eta 2007ko maiatzean onartu azken txostena. Harrezkero, argitaratzeko hainbat lan egin behar izan da. Urtebetez jardun dau Idurre Alonsok lan honetan, eta 9000 euroko diru-zuzkidura izan dau horretarako.


Santiago Onaindia Bekea

Amorebieta-Etxanoko Udalak 1989an atondu eban lehenengoz Santiago Onaindia ikerketa bekea, izena emoten deutson euskal idazle eta ikerlari handiaren omenez. Euskal literaturearen arloan ikerketea sustatzeko asmoz sortu zan eta arlo hori lantzen daben aztertzaileei dago zuzenduta.

Halan da be, beharrok ez eben argirik ikusi 1995era arte. Udalak Labayru Ikastegira jo eban orduan eta, harrezkero, lankidetzeak ez dau etenik izan eta erakunde biek, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, alkarlanean jardun dabe.

Gauzak holan dirala, 1995ean lehenengo (Euzkereaeta Yakintzaaldizkarietako olerkigintza) eta bigarren (Eusebio Erkiagaren gerraosteko elaberrigintza) edizinoko lanak argitaratu ziran.

Udalaren eta Ikastegiaren arteko lankidetza horretatik orain arte sei liburu argitaratu dira, eta zazpigarrenaren argitalpenaren aurkezpenera gatoz oraingoan.

Ondorengook dira orain arte argitaratutakoak:

Euzkerea eta Yakintza aldizkarietako olerkigintzea (Jon Kortazar): Liburu honetan gerra-aurreko aldizkari biotan agertu ziran olerkien eta olerkigileen azterketea egin da, euron bizitzaren eta lanaren barri emonez eta obrearen azterketa literarioa eginez.

Eusebio Erkiagaren gerraosteko elaberrigintza (1958-1964)(Roberto Mielgo): Eusebio Erkiagak gerra ostean egin eban eleberri-lan nagusia. Liburu honetan 1958-1964 urteen artean argitara emon eban lanon azterketa literarioa egin zan.

Gerraurreko literatur kritika (1930-1936) (Iñigo Aranbarri, Koldo Izagirre): Lan honetan euskal idazle eta kulturgileak gerra zibilaren aurreko urteetan, egunkarietan eta aldizkarietan, euskal literaturea zala eta, agertutako eretxi eta eztabaiden barri emoten da.

Joseba Sarrionandia: irakurketa proposamen bat (Aitzpea Azkorbebeitia): Aitzpeak Joseba Sarrionandiaren idazlanen gainean ikerketea egin eban Harrera Teoriaren ikuspegitik aztertuta. Bai poesiak, bai prosako lanak kontuan hartuta, idazleak darabiltzan estrategiak eta emoitza literarioak sakon eta zehatz azaldu zituan egileak.

Euskal eleberriaren historia (Mari Jose Olaziregi): Mª Jose Olaziregik lan honetan ikertu eban, eleberri generoaren historia euskal literaturan, hastapenetatik XX. mendearen amaierara arte.

Isla Malako haritza. Ignazio Argiñarena Otsotorenaren bizitza eta lanak (1909-1997) (Oscar Alvarez Gila, Alberto Irigoyen): Errazkindar hau, gerra zibilean, 'nazionalen' bandoan ibili zan Lácar Tertzioan, errekete. Gerraren esperientziak injustizia eta soldaduen manipulazinoa erakutsi eutsozan. Arazo ekonomikoak behartuta, 1950ean Uruguayra emigrau eban. Bertsolaritzeari ekin eutson bertan, eta haren lana batu eben liburu honetan egileek.


Santi Onaindia

Santi Onaindia Amoroton jaio zan 1909an. Hamabi urte zituala, Amorebietako Larreako Karmeldarren Komentura sartu zan, eta bertan jardun eban lanean, nekerik ezagutu barik, berrogeita hamar urte luzez.

Gerra Zibila baino lehen emon zituan lehenengo pausuak literaturan, olerkiak idatziaz. Francoren garaiko kartzelak ezagutu zituan, eta behin baino gehiagotan erbesteratu eben. Garai horretakoa da ‘Milla euskal olerki eder’ (1954) antologia poetikoa. Euskeraz idatzitako olerkien gaineko lanik oparoenetakoa dogu berau. ‘Karmel’ (1956), ‘Olerti’ (1959) eta ‘Aurrera’ (1968) aldizkarien sortzaile eta sustatzaile izan zan. Hainbat dira aldizkari horietan idatzi zituan artikuluak, baina zeozer nabarmentzekotan, aldizkarion orriak baliatuz, eta batik bat lehiaketa lirikoen bidez, olerkari barriei emondako bultzadea litzateke aitagarriena. Era berean, azpimarratzekoak dira Aita Santiren lan handiaren barruan, besteak beste dirala, Goethe, Dante eta Virgilio idazle klasikoen lanen itzulpenak.

Bertsolaritzeagaz lotutako hainbat lan be argitaratu eban eta horreen artean dago ‘Gure Bertsolariak’ antologia (1964). Euskaltzaindiaren ohorezko kidea izan zan, eta Euskal Letren Saria emon eutsen 1990ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu