'Lasturbidean', sasoiko trikiti doinuak batzen dituan diskoa

Bizkaie! 2008-06-26 15:13   Musikea

Sasoi bateko trikitilariek modan egozan kantak entzun eta euren musika-tresnara egokitzen zituen. Jon Ostolazak eta Rakel Pujanak plazaratutako diskoan, fandangoak, arin-arinak, pasodobleak, kalejirak, trikitixak... grabau dira, beti be lehengo eran. Koplak, barriz, moldatu egin ditue. Halanda be, diskoari laguntzen deutson liburutxuan aldaketarik barik agiri dira.

Sasoi batean, erromeria asko egiten ziran Gipuzkoan, Itziar eta Lastur inguruan: Larraskandan, Santuaranen, Aittolan, Arbilen, Soarten, Endoian, Oktaban, Ziolaren eta beste hainbat lekutan. Erromeria horreetan, trikitilari askok parte hartzen eben. Baina, Sakabi, Elgeta, Gelatxo eta Txankarta nabarmendu behar dira, hamarkada luzeetan izan ziran-eta bertan joten, entzuleen gozamenerako.

Trikitilariak iturri askotatik edan behar izan dau bere errepertorioa osotzeko eta lau soinujole horreek alkarri piezak erakusteaz gan, txistularien, musika banden, dultzaineroen, albokarien eta abarren errepertorioak trikitira moldatu zituen. Hareek joten zituen pieza asko entzuten dira oraindino be, baina beste asko galdu egin dira. Hori dala eta, orduko errepertorioko pieza batzuk, gehienak instrumentalak, jaso eta Jon Ostolazak eta Rakel Pujanak 'Lasturbidean' izeneko diskoa plazaratu dabe Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik.

Trikitilari hareek modan egozan kantak entzun eta euren musika-tresnara egokitzen zituen, orain hainbeste entzuten dan 'musika fusinoa' dalakoaren aitzindari legez edo. Fandangoak, arin-arinak, pasodobleak, kalejirak, trikitixak... grabau dira, batez be, Ostolazaren eta Pujanaren disko honetan, beti be lehengo eran. Koplak, barriz, moldatu egin ditue. Halanda be, diskoari laguntzen deutson liburutxuan aldaketarik barik agiri dira.

'Lasturbidean' lanak zuzenean grabauta dago eta jentearen txalo eta irrintziak be entzuten dira. Trikitizaleentzako disko berezia da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu