Jokin Aspuru: ‘GetxoPhoto komunikazinorako leiho bat da’

Koldo Isusi Zuazo 2008-06-23 11:31   Barriketan
GetxoPhotoko zuzendaria

Igaz, Begihandi kolektiboak antolatuta, GetxoPhotoren lehenengo edizinora 40 mila lagun inguru erakarrri ondoren, aurten bigarren edizinoan (irailaren 11tik urriaren 12ra) marka hori gainditzea espero dabe antolatzaileek. Artea, kasu honetan, argazkiak kalera atara eta kaleak museo bihurtzea esperientzia ederra izan zan. Giro horretan, European Design Award saria jaso dau GetxoPhotok ibilbide laburrean, aurtengo edizinoari indarrez ekiteko pizgarria.

Jokin Aspuru da GetxoPhotoren zuzendaria eta berak kontau deuskuz argazki jaialdi gazte baina indartsuaren gorabehera guztiak.


1.- Zelako saria da European Design Award? Zer suposatu dau sariak ibilbide laburra dauen festibala antolatzen dozuenontzat?

Oso pozik gagoz eta oraingoz ibilbide laburra dauen festibala izan arren, bide onetik goazela baieztatzeko balio izan dau sariak. GetxoPhoto argazkigintza jaialdi bat da, beraz irudia dago oinarrian, komunikazino tresna legez horixe erabilten dogu eta hasieratik argi geunkan jaialdiaren irudia mimo handiz zaindu behar zala. Horretarako, sormen handiko eta mundu osoko lagunez osotutako taldea izanik, asko estimetan dogun Madrilen egoitzea dauen Barfutura taldeagaz jarri ginan hartu-emonetan eta hasieratik eurak dira festibalaren irudiaz arduratzen diranak. Orain jasotako sariak gure apostua zuzena izan zala adierazoten dau.

European Design Award Saria, sano garrantzitsua da eta Europako diseinu aldizkari garrantzitsuenetako zuzendariek emoten dabe. Best Brand Logo kategorian jaso dau saria Barfuturak, hau da, marka logo onena kategorian, hautagai asko izan dan atalean, hain zuzen be.

Bitxikeria legez, sariak Estokolmon banatu ditue eta guri ilusino handia egin deusku ze egindako lanaren kalidadearen aintzatespena izateaz gan, Nobel sariak emoten diran areto berean izan zan saribanaketa ekitaldia.


2.- Aurtengo GetxoPhotoren kartela eta merchandising-a be aurkeztu dozuez honezkero…

Bai. Aurten, irailaren 11tik urriaren 12ra izango da GetxoPhoto ‘Mutazioak’ gaitzat hartuta baina hau geroago zehaztuko deutsut.

GetxoPhotok espazio publikoa erabilten dau argazkiak erakusteko eta ez ohiko euskarrian erakusten ditu argazkiak, tela edo olanan, hain zuzen be. Kontua da ze, jaialdia amaituta, material hori guztia sastarrera botatea pekatua zala pentsau eta zeozelan birziklatzearen aukerea erabagi genduan. Hori, ganera, jaialdiaren beste konpromiso bat da. Erabagia hartuta, Ecoline erakundeari proposatu geuntson argazki horreekaz guztiekaz hainbat artikulu sortzeko, zorroak, poltsak, amantalak eta holakoak. Pieza bakarrak, argazkigile ezagunen obrakaz osotutako piezak. Edozelan be, lan honen alderik inportanteena egileak eurak dirak, izan be, beharra topetako zailtasunak dituen lagunak izan dira horretaz arduratu diranak, papelik bakoak, alkoholikoak izandakoak, prostitutak eta holakoak. Danetara, 500 bat pieza egin doguz eta esan behar dot, irabazi asmorik bako taldea izanik, ataraten dan dirua AFTAL, Getxo Sahararen Aldeko taldeak jasoko dauela. Ganera, azpimarratu gura dot produktu bakotxagaz batera, txartel bat topauko dauela erosleak. GetxoPhoton jentearen parte-hartzea sustatzeko, produktu horrek aldean izanik argazki bat egitea eskatzen deutsegu gero weborrian jarteko, era horretara, eurak be GetxoPhoto izan daitezan.


3.- GetxoPhoton argazkiak dira ardatz eta kaleak, leku publikoak erakustoki bihurtzea. Datuei erreparauta, sano arrakastatsua izan zan lehenengo edizinoa…

Bai. Pozarren gagoz. Zuk sarreran aitatutako berrogei milako datu hori gure estimazinoa izan zan eta komunikabide batek zabaldu eban baina badakigu horrenbesteko zehaztasunetan sartzea ez dala erraza, arriskutsua be bada ze herri osoa da erakustokia eta ez dago esaterik zenbat jente erakarri eban GetxoPhotok. Hori bai, asko izan ziran argazkiei begira ibili ziranak eta antolatutako ekitaldietan parte hartu ebenak.


4.- Herritarrek zelan hartu zituen herrian zehar jarritako argazkiak?

Ondo. Era horretako lehenengo esperientzia zan herrian eta herritarrek gustora hartu ebela pentsetan dot. Ganera, kasu askotan herritarren euren ekinbidez hurreratu jakuzan, berbarako eskoletatik eta eretxi negatiborik behintzat ez genduan jaso.


5.- Begihandi kolektiboaren ekinbidez abiatu zan GetxoPhoto. Zergaitik? Zelako helburuekaz?

Begihandik UK aldizkarian dauka sorrerea; eskualde mailako euskerazko aldizkaria da UK eta beti aparteko garrantzia emon deutsagu irudiari. Edozelan be, jaialdia egitea otu jakunean, proiektuak bereiztea eta ez nahastetearren, talde txiki bat sortu behar zala pentsau genduan, ideia laborategi moduko bat eta holan jaio zan Begihandi, alkarte bat baino gehiago ideia bat, sinergiak eta ahalginak batzeko ideia bat da.

GetxoPhotoren helburua ez da kaleak apaintzea. Urien ohiko erabilpenari (erosketak egitea, paseatzea…) zeozer erantsi gura izan deutsagu, uria komunikazinorako euskarri bihurtuz. Uria bera erabili gura dogu interesetan jakuzan gaien komunikazinorako markotzat.


6.- Igaz, bertokoakaz buztarruz, nazinoarteko argazkilarien obrak izan ziran nagusi, gehienbat Latinoamerikako egileenak. Zeintzuk dira egileak eta argazkiak aukeratzeko erispideak?

Jaialdiari koherentzia emon guran, programazinoaren arduradun edo komisario baten beharra argi ikusi genduan eta, beraz, Alejandro castellote, estaduan, Europan zein Ameriketan izen handiko komisarioagaz bat egin eta hiru urtetarako hitzarmena sinatu genduan. Bera eta Begihandi arduratzen dira programazinoaz, gaiaz eta argazkilarien eta euren obren aukeraketaz.


7.- Argazkiak ez eze, GetxoPhotok irauten dauen egunetan, instalazinoak, tailerrak, proiekzinoak eta argazkiak ardatz hartutako bertso-saioak izaten dira.

Jaialdiak alde bi ditu. Alde batetik, argazki erakusketak edota kaleko interbentzinoak; iraupena hilebetekoa izango da aurten. Bestetik, jaialdiaren lehenengo lau egunetan, argazkilariak herrira ekarri eta aurkezpenak egiten doguz, argazki proiekzinoak be izaten dira, tailerrak... Aurten, barrikuntza moduan herriaren inplikazinoa sustatzea da asmoa eta horretarako kanal bi zabalduko doguz, lehiaketa bat eta gaika antolatuta, edozein argazkilarik euren lanak erakusteko aukerea pantaila erraldoi baten bidez. Herritarrek GetxoPhoto bere egitea da asmoa, izan be, jaialdi hau komunikazinorako leiho bat da.


8.- Aurten zein izango da GetxoPhotoren gai nagusia? Zeintzuk dira aurtengo barrikuntzak?

Aurtengo gaia ‘Mutazioak’ izango da, eta beraz, aldaketak, transformazinoak, gizartean diran gorabeherak… aldaketa asko bizi doguzalako eta denpora tarte laburrean. GetxoPhoto saiatuko da aldaketa horreei guztiei buruzko argazkiak erakusten eta bidebatez herritarren artean gogoetea sorrarazoten.

GetxoPhotok igazko espirituari eutsiko deutso eta, esangura horretan, espazio publikoa erabiliz, argazkiak eurak izango dira protagonista. Edozelan be, aurten igaz baino interbentzino-erakusketa gehiago egongo dira eta, beraz, espazio gehiago erabiliko doguz. Jaialdia hazi egingo da. Barrikuntzen artean, aurten igaz baino egun gehiago izango dirala eta herritarren parte hartze zuzena sustatuko dogula nabarmenduko neukez. Goitik beherako proposamena izan beharrean, jaialdia herritarrena eurena izatea gura dogu.


9.- Egungo arte adierazpenen artean, zein da argazkiaren lekua?

Argazkigintzea artea dan edo ez dan… Eztabaida hori aspaldikoa da baina gaur egun zentzurik bako debatea da, izan be, argazkigintzea pribilegizko lekuan dago arte bisualaren alorrean eta gitxi izango dira kategoría hori ukatzen deutsienak. Ganera, gaur egun arte adierazpenen buztarketea dagoala esango neuke, berbarako, eskultore bat argazkilaria be bada kasurik gehienetan.


10.- Zuri-baltzekoak ziran lehen eta orain, barriz, koloretakoak. Era berean, gaur egun argazki digitala da nagusi. Argazkiak zelan eboluzionau leike?

Igarle lana egitea ez da erraza baina teknologiaren abiadurea sekulakoa da, batez be azken urteotan. Dana dala, beti planteetan dot gauza bera, papela eta boligrafoa edozeinek dauka baina ‘idazlea’ ez da edozein; argazkiakaz bardin pasetan da; danok daukagu argazki-makinea baina edozein ez da ‘argazkilari’.

Argazkien mundua nora doan asmetea ez da erraza baina nik esango neuke gaur egun Internet dala iraultza nagusia eta, esangura horretan, argazkiak erakusteko moduetan izan daitekez gorabeherarik handienak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu