Enpresek eta gizarte erakundeek Bai Euskarari Ziurtagiriaren aldeko apustua berretsi dabe
2008-06-20 10:35 Euskerea berbagaiBai Euskarari Ziurtagiria arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiten dauen proiektu estrategikoa da. Zortzi urteko ibilbidean Euskal Herri osoko 1.516 entidadek eskuratu dabe (danetara, 20.000 lagun baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean dabilzanak).
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Alkarteak urteko ekitaldi nagusia egin eban bart Donostiako Kursaal jauregian. Aurtengo ekitaldia berezia izan da, Ziurtagiriaren Alkarteak antolatu dauelako lehenengoz, Kontseiluaren ekimenez igazko bagilean Bai Euskarari Ziurtagiria kudeatzeko ardurea hartu ondoren. Ekitaldian, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu daben enpresa eta gizarte erakundeetako ordezkarien testigantzak entzun dira, eta Rober Gutiérrez alkarteko zuzendariak euskerearen alde egiten ari diran ahalegina eskertu deutse.
Ekitaldia Ilaski Serrano ETBko ‘Mihiluze’ saioko aurkezleak gidatu dau. Ziurtagiriaren Alkarteak Fremap, JEZ Sistemas Ferroviarios, SkunkFunk, Reala eta Atlhetic-egaz grabautako iragarkiak emon deutso hasierea. Jarraian, Iurretako Institutuko, Bruesa Gipuzkoa Basket taldeko, Laia janari-dendako, La Braserie Marie Galant jatetxeko, Euskadiko Gazteria Kontseiluko, Obe Hettich S.L.-ko eta Refractarios Kelseneko ordezkarien testigantzak entzun dira. Guztiek, Bai Euskarari Ziurtagiriagaz sendoagoak dirala, hartu-emon sarea zabaldu dabela eta gizartearen aurrean irudi hobea lortu dabela azpimarratu dabe.
Ziurtagiriaren Alkarteko zuzendariak Ziurtagiria eskuratu daben guztiei euskerearen alde egiten daben lana autortu deutse, eta arlo sozioekonomikoa euskalduntzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dau. ‘Alkarlanean bide luzea egin dogu, baina asko dago oraindino egiteko. Beraz, indarrak batu eta lanean jarraitu behar da arlo sozio ekonomikoa erabat euskaldundu arte’, esan dau. Hori posible izan daiten, danon parte-hartzea beharrezkoa dala adierazo dau.
Umore ukitua Oihulari Klow taldekoek jarri dabe. Ezustean agertu dira Kursaaleko oholtza gainean, inprobisazinoan oinarritutako sketxa eskainiz. Ekitaldia amaitzeko, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu daben enpresa eta gizarte eragileek Remigio Mendiburu artistearen artelan bana jaso dabe oroigarri legez -aurreko edizinoetan Chillidaren, Zumetaren, Basterretxearen, Oteizaren lanak banatu ditue-.
Ziurtagiria gorako bidean
Bai Euskarari Ziurtagiria arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiten dauen proiektu estrategikoa da. Zortzi urteko ibilbide honetan Euskal Herri osoko 1.516 entidadek eskuratu dabe (danetara, 20.000 lagun baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean dabilzanak), besteak beste, Bankoa, Elkargi, Euskadiko Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa, Eroski, Athletic Club, Real Rociedad, Saski Baskonia, Miramon Kutxa Gunea, Hotel Restaurante Argiñano, La Casa del Café, Gaiker Fundazinoa, Euskadiko Kooperatiben Konfederazinoa, Kalidadea Fundazinoa, Vista Alegre Zezen Plaza eta SkunkFunk.
Sektoreka, Bai Euskarari Ziurtagiria daukien entidadeak honela banatzen dira: % 13, hau da, 194 enpresa industrialak dira; % 37, 558, merkataritza eta ostalaritza sailekoak dira; % 19, 289 Kultura, gizarte mobimentu eta kirolaren sailari jagokoz; % 7, 112, hezkuntzeari; % 20, 310, zerbitzuen eta finantzen mundukoak dira; % 1, 17, administrazinoak eta alderdi politikoak; eta azkenik % 2, 36, lehen sektoreari jagokozanak dira.
Azken urtean Ziurtagiriaren Alkarteko zuzendaritzea datozen lau urteetarako oinarriak finkatzen egon da. Ziurtagiriaren diagnostikoa egin dabe eta azterketa horretan oinarrituta datozen lau urteotarako ardatzak zehaztu ditue: Ziurtagiriaren zabalkundea areagotzea, Euskal Herrian erreferente izatea eta personen gogobetete mailea areagotzea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!