Elkarrek Benito Lertxundiren disko barria eta Itoizen CD-DVD bilduma bat kaleratuko ditu udagoienean
2008-06-20 14:47 Musikea2005. urtean kaleratu eban zuzeneko diskoari buelta handia emon eta gero, Benito Lertxundik beste disko bat aurkeztuko dau kantu barriakaz: ‘Itsas ulu zolia’. Elkar diskoetxeko arduradunen arabera, Orioko musikariaren disko barriak ‘itsas usaina dakar’.
Elkar diskoetxeak datorren udagoienean argitaratuko dituan nobedadeen aurrerapen bat jakinarazo dau gaur, eta, horreen artean, Benito Lertxundiren disko barria eta Itoiz taldearen musika eta irudiak jasoko dituan CD-DVD bilduma bat nabarmendu daitekez.
2005. urtean kaleratu eban zuzeneko diskoari buelta handia emon eta gero, Benito Lertxundik beste disko bat aurkeztuko dau kantu barriakaz: ‘Itsas ulu zolia’. Elkar diskoetxeko arduradunen arabera, Orioko musikariaren disko barriak ‘itsas usaina dakar’.
Diskoaren azalerako eta diseinu orokorrerako, Karmelo Bilbao Unanue marrazkilari bizkaitarraren itsas giroko margolan eder eta arduragarri bat erabili da. Diskoaren aurkezpen data urriaren 16a izango da.
Era berean, aurtengo abenduan, Itoiz taldearen lehenengo diskoaren (‘Lau Teilatu’) 30. urtemugea ospatzeko, CD-DVD bat kaleratuko dau Elkarrek. Alde batetik, taldearen diskografian holakorik ez dagoala ikusita, CD bilduma bat (estudioko diskoetatik aukeratua) osotzen ari da; 18 bat funtsezko kantu izango dira.
Bestetik, eta benetako barritasun modura, taldearen irudiak, bideoklipak edo telebistetan grabautako programak jasoko dituan DVD adierazgarria eta historikoa osotzen ari da. ‘Itoizek, barriro be, ezustean atrapau gaitu, altxor bat eukan ezkutuan, besapean gorderik: bere irudia’, adierazo dabe. Lan osoa urriaren 30ean aurkeztuko da.
‘Gu Gira’
Horreez gan, euskal kantagintzearen hasieratik 1983. urtera bitartean ibilbide mardula egiten dauen diskoa be plazaratuko dau Elkarrek: ‘Gu gira’. Parte-hartzaileen artean dagoz Mixel Labeguerie, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Julen Lekuona, Lurdes Iriondo, Antton Valverde, Estitxu, Imanol Larzabal, Txomin Artola, Gorka Knörr, Gontzal Mendibil eta Xeberri, Urko, Itoiz, Errobi, Ruper Ordorika, Niko Etxart, Pantxoa Carrere eta Peio Ospital, Oskarbi, Oskorri, Haizea edo Iñaki Eizmendi.
Diskoak batuko dituan kantu guztietatik 15 ez dira inoiz CD euskarrian merkaturatu. Columbia eta Kardantxa-Movieplay (orain Sony/BMG eta DRO/Warner) katalogoetatik Estitxu, Iñaki Eizmendi, Gorka Knörr eta Niko Etxart kantarien kanturik ospetsuenak jaso ditu Elkarrek bilduma honetarako. Urriaren 2an aurkeztuko da.
Era berean, Pier Paul Berzaitzen ‘Arnaud d'Oihenart (1592-1667). Poèmes de jeunesse’ lana be argitaratuko dau diskoetxeak. Oraingoan, Pier Paul Berzaitzek Oihenart olerkariaren obra poetikoa musikatu dau sokearen musikalidadean oinarriturik. 2002an kaleratu eban diskoak arrakasta handia izan eban, eta Muskildiko kantariak ezagutza zabala izan eban Hego Euskal Herrian. Aurkezpena urriaren 9an izango da.
Azkenik, Oskarbiren ‘Olentzero’ izango da Elkarrek udagoienean kaleratuko dauen beste nobedadeetako bat. 1976an Herri Gogoa diskoetxeak kaleratutako Gabonetako kantuz osotutako diskoaren berrargitalpena da, baina beste lau kantu sartuta. Zemendiaren 13an izango da kalean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!