Bilbok 60 emonaldi ingurugaz ospatuko dau zapatuan Musika Eguna

Bizkaie! 2008-06-19 15:52   Musikea

Bilborrock aretoan, egitaraua barikuan, hilaren 20an hasiko da. Danetara, pop-rock estiloko 20 talde pasauko dira hemendik musikeari eskainiko jakozan bi egun honeetan, arratsaldeko 18:00tatik goizaldeko ordubatak bitarteko ordutegian.

Datorren zapatuan, bagilak 21, udearen etorrereagaz batera, mundu osoko urietan Musikearen Eguna ospatuko da. Bilbok bat egingo dau aurten be ospakizun honegaz, egun osoan zehar izango diran musika emonaldiakaz. Genero eta estilo desbardinetako 239 emonaldi baino gehiago (57 kontzertu eta eskola eta kontserbatorio desbardinen eskutik 182 emonaldi), eta urian zehar banaturik 80 ordu baino gehiagoko errezitalakaz gozetako aukerea izango da.

Iker Sanchezek zuzendurik, Orkestra Sinfonikoaren emonaldia eta Sociedad Abesbatzak (Iñaki Morenoren zuzendaritzapean), XX. mendeko klasikoa dan pieza sinfonikoetako zein abesbatzetako gustokoena dana eskeiniko dabe Plaza Barrian: ‘Carmina Burana’ ikuslegoren aldetik be ezaguna dana. Marta Urbieta (sopranoa), David Sagastume (kontratenorea) eta Jose Manuel Diaz (baritonoa) izango dira bakarlariak.

Musikeguna´08ko ekitaldiak Kultura eta Hezkuntza Sailak Uriko musika erakunde desbardinen laguntzinoagaz antolatu ditu eta eguerdian emongo jako ofizialki hasierea Areatzako kioskoan Udal Bandearen kontzertuagaz, nahiz eta goizeko 11etatik aurrera urian zehar izango diran 13 eskenatokietako batzuetan jada entzungo dan musikarik. Ohikoa dan legez, eskenatokiak euskal konposatzaile esanguratsuenen izenak hartuko ditue egun honetan, besteak beste, Arriaga, Aranbarri, Labegerie, Gayarre, Guridi edo eta Bernaolarenak.


Bilborrocken, barikutik

Bilborrock aretoan, egitaraua barikuan, hilaren 20an hasiko da. Danetara, pop-rock estiloko 20 talde pasauko dira hemendik musikeari eskainiko jakozan bi egun honeetan, arratsaldeko 18:00tatik goizaldeko ordubatak bitarteko ordutegian. Karmeloko plaza eta Martzana Kaia izango dira musika modernoa entzun ahal izango dogun beste bi kokalekuak.

Modu desinteresatu batean Musikeguna’08 egitarauan parte hartuko daben musikari ez profesional kopuru handiko interpreteakaz batera, Kultura eta Hezkuntza Sailak Bilboko musika eskola garrantzitsuenen kolaborazinoa izango dau, besteak beste, Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioa, BilbaoMusika, Artebi, Sociedad Abesbatza, Juventudes Musicales, Muzzik Arte edo eta Jazz Bai Musika Modernoko Eskolak. Hamaika abesbatz talde, fanfarre eta kaleko musikariek osotuko dabe egun honetako kontzertuen eskaintzea eta zelan ez, Udal Musika Bandeak eta Orkestra Sinfonikoak. Oro har, milaka interpretek osotuko dabe Bilboko Musika Eguna.

Horrezaz gan, fanfarreak, trikitilariak eta jazz klasikoa egiten daben Marching Bands taldeak arituko dira uriko kaleetan zehar goiz eta arratsaldez. Eta aurtengo barrikuntza nabarmenena, Jazz On Quartet taldeak Diputazino kalean eskainiko dauen kontzertua izango da, taldea osotzen daben lau kideek jam session inprobisatu baten parte hartzeko konbita luzatuko deutselako bertaratzen dan edozein musikariri 19:00etatik 21:00etara bitartean.

Gainera, musikea egiteko eraikuntza erraldoiak jarriko dira kalean danon gozamenerako, baina bereziki txikienentzako zuendurik izango dira. Mobimentuagaz eta soinuakaz esperimentetako asmakizunak izango dira: kariloiak, lira erraldoiak, gurpil musikalak eta bestelako tramankuluak. Erakusketa hau Abandoibarra pasealekuan izango da gozagarri 12:00etatik 14::etara goizez eta 17:00etatik 21:00etara arratsaldez.

Carl Orffek konposatutako ‘Carmina Burana’-ren nota harrigarriek Plaza Barrian Musikeguna’08 egunari amaiera parebakoa emon aurretik, Bilboko barruti desbardinetan zehar dagozan 13 eskenatokiek, musika genero eta estilo desbardinak eskainiko ditue, musika klasikotik rock estiloraino, tango, herrialde desbardinetako folklore, flamenko, jazz, abesbatz, rumba, bilbainada edo eta blues-etik pasatuz. Eskaintza zabal hau da hain zuzen be, dobakotasunagaz eta musikari profesional eta kaleko musikari amateurren konbinazinoagaz batera, ospakizun honen oinarrizko ezaugarria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu