Euskerearen ezagutza eta erabilerea gora doaz baina erabilerea ez da hazi ezagutzaren maila berean

Bizkaie! 2008-06-19 12:48   Euskerea berbagai

Hamasei urte edo gehiagoko biztanleen artean, 1991n baino 137.200 elebidun gehiago dagoz 2006an. Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez be, EAEn gertatu da. Iparralden, barriz, oraindino be galerak dagoz, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten. Aldi berean, hamasei urtetik gorako erdaldun elebakarrak orain 15 urte baino 133.900 gitxiago dira Euskal Herrian (% 70 1991n eta % 58,9 2006an).

Eusko jaurlaritzeak euskerearen egoera eta bilakaerearen barri dakarren IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emoitzak plazaratu ditu eta ondorio nagusienetako bat da inoiz baino jente gehiago dagoala gaur maila batean edo bestean euskeraz berba egiteko gai dana. Euskal Herriko biztanleen % 25’7 elebiduna da; % 15’4 elebidun hartzailea eta % 58’9 erdaldun elebakarra. Lurraldeka, EAEn 15 urtetik gorako elebidunak % 30,1 dira (1991n baino 6 puntu gehiago -% 24,1-), Iparraldean % 22,5 (1991n baino 11 puntu gitxiago -% 33,1-) eta Nafarroan % 11,1 (1991n baino 1,6 puntu gehiago -% 9,5-).

Euskerearen erabilerea, barriz, ez da hazi ezagutzaren maila berean. Euskal Herriko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 25,1ek euskerea erabilten dau neurri batean ala bestean. Azken 15 urteotako bilakaerea aztertu ezkero, euskerearen erabilereak gora egin dau apurka-apurka EAEn, bere horretan dago Nafarroan eta behera egin dau Iparralden.

EAEn euskerearen erabilereak izan dauen igoerea erabilera-eremu guztietan gertatu da oro har. Halan da be, igoera hori handiagoa izan da eremu formalean, hau da, udalagaz, osasun-zerbitzuakaz, bankuakaz edo kutxakaz eta dendetan egiten dogun erabileran, eremu informaletan baino, hau da, etxekoakaz, lagunakaz edo auzokoakaz egiten doguna baino.

Kontuak kontu, euskerearen erabilerea sustatzearen alde dagoz 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 64,7 EAEn, % 41,2 Iparralden eta % 37,7 Nafarroan.

Euskerea sustatzearen ez alde ez kontra, biztanle-multzo esanguratsua dago: % 41,1 Iparralden, % 28,1 Nafarroan eta % 24 EAEn.

Euskera sustatzearen kontra dagozanak % 11,2 dira EAEn, % 17,6 Iparralden eta herena (% 34,2) Nafarroan.

Beste alde batetik, hizkuntzearen familia bidezko transmisinoari jagokonez, gaur egun, gurasoak elebidunak diranean, euskerearen transmisinoa ia erabat ziurtatuta dago EAEn eta Nafarroan, eta oraindino galerak dagoz Iparralden.

Datu horreek guztiak ikusita, ondokoak azpimarra daitekez: historia guztian inoiz baino jente gehiago dago gaur maila batean edo bestean euskeraz berba egiteko kapaz dana. Eta funtzioetan be inoiz ezagutu bako zabalerea ari da irabazten euskerea. Batzuek nahiko leukiena baino motelago, eta beste batzuk nahiko leukien baino azkarrago, baina indarbarritzen ari da euskerea. Beste berba batzukaz esanda: zenbaitek autortzen dauena baino hobea da euskerearen osasuna, baina, aldi berean, askok nahiko leukiena baino ahulagoa da. Urteetako eta belaunaldiak behar dituan prozesua da hau, eta prozesu horretan ez goaz atzera, ez gagoz geldi, aurrerantz goaz, nabarmen EAEn, aurrerantz baita Nafarroan be eta espero daigun Iparraldeko hodei ilunen ondoren azaltzen hasi diran argiuneak zabaltzea etorkizunean.

Nabarmenak dira, hiru euskal lurraldeen arteko aldeak eta horrek argi erakusten dau hizkuntza bati marko juridikoak edo lege babesak emon leikion bultzadea. Edozelan be, EAEn lege babes osoa dauka euskereak, hemen ari da aurrerapausu handienak emoten, baina EAEko bilakaereak erakusten ddau legeek bakarrik, ez eta hizkuntza politika eragingarriek bakarrik be, ez dabela hizkuntza baten erabilerea bermatzen. Gizartearen atxikimendua da giltzarri nagusia, eta horrek gizarteak bere barruan dituan mugak oso kontuan hartzea eskatzen dau. Izan be, euskerea erabilteko aukera barriak sortzea eta honezkero doguzanak sendotzea behar-beharrezkoa dan moduan baita be ezinbestekoa eta erabagigarria da egon badagozan erabilera-aukerak herritarrek eguneroko jardunean baliatzea.

Hamasei urte edo gehiagoko biztanleen artean, 1991n baino 137.200 elebidun gehiago dagoz 2006an. Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez be, EAEn gertatu da. Iparralden, barriz, oraindino be galerak dagoz, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten. Aldi berean, hamasei urtetik gorako erdaldun elebakarrak orain 15 urte baino 133.900 gitxiago dira Euskal Herrian (% 70 1991n eta % 58,9 2006an). Erdaldun elebakarren ehunekoak behera egin dau EAEn eta Nafarroan. Iparralden, barriz, gora egin dau bai kopuruak baita ehunekoak be.

2006ko abenduan amaitutako datu batzean oinarriturik eginiko inkesteak euskerearen lurraldeetako hamabost urtetik gorako biztanleak hartzen ditu aintzakotzat (2.500.000 persona gitxi gorabehera). Beraz, ez ditu kontuan hartzen hamasei urtetik beherakoak. Edade-tarte hori pisu handikoa da euskerearentzat, eskolaren eraginez euskaldunenak diran gazteen edade-tartea dalako. Danetara, 7.200 inkesta egin dira eta informazinoa jasoteko, galdetegi egituratu eta zarratua erabili da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu