'Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina' Nazinoarteko XVI. Biltzarra egingo dau Euskaltzaindiak urrian
2008-06-19 12:01 Euskerea berbagaiEuskaltzaindiak urrian Iruñean egingo dauen Nazioarteko XVI. Biltzarra aurkeztu dau Nafarroako uriburuan. Biltzarra urriaren 6tik 10era egingo da, Baluarte Batzar Jauregi eta Auditoriumean, 'Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina' titulupean.
Euskaltzaindiak urrian Iruñean egingo dauen Nazioarteko XVI. Biltzarra aurkeztu dau Nafarroako uriburuan. Biltzarra urriaren 6tik 10era egingo da, Baluarte Batzar Jauregi eta Auditoriumean, 'Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina' titulupean. Biltzar horretan Pirinioetako mendikate zabalaren alde bietako hizkuntzak eta kulturak ikertuko dira. Aldi berean, Euskaltzaindiaren 90. urteurrenaren lehenengo ospakizuna izango da.
Aurkezpenenean honako honeek izan dira: Andres Urrutia euskaltzainburua; Jose Luis Lizundia diruzain eta Biltzarraren Antolatzaile Batzordearen burua; Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria; eta Joseba Lakarra Biltzarrararen Batzorde Akademikoaren kidea.
Biltzarrak irauten dauen aste osoan Pirinioetako hizkuntza historikoen nondik norakoak aztertuko dirala adierazo dau Urrutiak. Euskerearen, aragoieraren, katalanaren eta okzitanieraren hainbat arlo ikertuko dira, hala nola, euren historia, dialektologia, literatura, soziolinguistika, teknologia barriak eta toponimia, aditu eta jakitun askoren ekarpenakaz.
Euskaltzaindiak aldian-aldian egiten ditu bere Biltzarrak. Oraingoa hamaseigarrena da eta erakundearen ibilbidean 'aldi eta une erabagigarrian' jazoko da. Batetik, Euskaltzaindia 90 urte betetera doa eta, bestetik, azken urteetan Euskerearen Akademiak hainbat aldaketak eta gaurkotze egin ditu, kide zein egitasmo barrietan.
Euskaltzaindiak 'dei zabala' egin dau ikertzaileek euren txosten eta lanetan parte hartzeko. 'Horixe gura leuke oraintsu hil jakun Henrike Knörr euskaltzainkideak. Hari eskainiko jako omenaldia biltzarraren barruan eta ha izango dogu norabidea, bera izan zan-eta biltzar honen proposatzaile eta bultzatzaile nagusia', adierazo dau euskaltzainburuak.
Jose Luis Lizundiak Euskaltzaindiak Institut d'Estudis Catalans, Association Internationale d'Estudes Occitanes eta Academia de l'Aragonés erakundeakaz izan dituan hartu-emonen barri emon dau. Izan be, horreek guztiek parte hartuko dabe XV. Biltzarrean.
Andres Iñigok, bere aldetik, azaldu dau Euskaltzaindiak 90 urteko ibilbidean 15 biltzar egin dituala eta Nafarroan egin zan azkena hamargarrena izan zala, Iruñeko Compañia kalean inaugurau barri zan Nafarroako Hizkuntza Eskolearen egoitzan, 1984an, A. Campionen mendeurrena ospatzeko, hain zuzen. Biltzar haren gaia Euskal Gramatika izan zan.
Pirinioetako Hizkuntzak
Aurten Baluarten egingo dan XVI. Biltzarragaz, Euskaltzaindiak bere 90. urteurrenari hasierea emongo deutso eta biltzar horretan landuko dan gaia Pirinioetako hizkuntzen lehena eta oraina da.
'Nafarroa dogu mendilerro horren hasierako edo amaierako egungo Autonomia Erkidegoa, eta Iruñea bera (Pampilona), orain dala 12 mende, mendikate horren inguruan sortu zan lehenengo erresumea, eta orduko hizkuntza zelan edo holan bizirik mantendu dauena eta azken bolada honetan pixkanaka loratzen ikusten ari dana', azaldu dau Iñigok.
Euskaltzaindiari 'egoki' otu jako Iruñea izatea biltzar horretan landuko diran gaien egoitza. 'Pozgarri izateaz gan, ohore be izatea espero dogu nafarrentzat bere uriburua aste oso batez hizkuntza horreen Akademien eta sona handiko ikertzaileen bilgune izateaz gan, mendilerro horren inguruko hizkuntzen egungo egoeraren barri emongo dauen puntu erreferentziala be izatea', ganeratu dau.
Amaitzeko, Joseba Lakarrak egitarauaren inguruko zehaztasun batzuk emon ditu. Biltzarraren sarrera-berbaldia Michael Metzeltin Vienako Unibersidadeko irakasle eta erromanista famatuak emongo dauela aitatu dau Lakarrak. Ganera, Biltzarrak lau lerro nagusi izango dituala esan dau: historia eta dialektologia, literaturak, hizkuntzak eta gizarteak eta toponimiak. Danetara, 36 adituk parte hartuko dabe Biltzarrean. Txostenak be onartuko dirala azpimarratu dau Lakarrak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!