Behatokia: ‘Bardintasunaren izenean diskriminazinoa’
2008-06-18 10:48 Euskerea berbagai‘Barriro be bardintasunaren izenean, hizkuntza gitxiagotuen kontra egin dau Frantses instituzino batek, eskubide kolektiboen eta gitxiengoen autorpenaren beharra agirian itxita’, horrexek dira Behatokiak egindako adierazpenak
‘Barriro be bardintasunaren izenean, hizkuntza gitxiagotuen kontra egin dau Frantses instituzino batek, eskubide kolektiboen eta gitxiengoen autorpenaren beharra agirian itxita’, horrexek dira Behatokiak egindako adierazpenak Frantses akademiak egindako adierazpenaren ondotik. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gogoratu dau, urtetan, bardintasunaren atxakiagaz, gure hizkuntzen kontra egin dabela. Izan be, Behatokiak Iparraldean euskerearen egoerea penagarria dala ohartarazo dau: ‘Urteetan euskaldunoi etenbako trabak ezarri jakuz identidade nazionalaren’ izenean’.
Bestalde, gogora ekarri dabe, 2008ko maiatzaren 19an NBEko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak Frantziako Estaduari Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazinoarteko Ituna betetearen inguruan eginiko gomendio barriak: Frantziako Estaduak ez dituala Nazino Batuetan onartutako gitxienekoak errespetetan. Izan be, NBEko Batzordeak berresten dau ‘bardintasun’ printzipioa eta bereizkeria eragiteko debekua ez dala beti egokia giza eskubideen berme eraginkorra segurtatzeko. Beraz, gomendioa egiten deutso Frantziako Konstituzinoak gitxiengoen inguruan dauen jarrerea barrikusteko, eta ofizialki onar daiela gitxiengoen taldeak edota kultura-aniztasuna bermatzeko beharra.
Gomendioen artean, Konstituzinoan gitxiengoen edo eskualdeko hizkuntzen autortza formalik ezari jagokonez, Estaduaren jarrerea barrikus daiala eskatu deutso Nazino Batuetako Batzordeak, hau da, ezinbestekoa dala gure hizkuntzen autortza ofiziala.
Konstituzinoaren aldaketak eragin eskasa
Bestalde, gogora ekarri dau Behatokiak, 1. artikuluaren moldaketeak ez dauela eragin handirik izango, izan be, 2. artikulua indarrean gelditzen dan neurrian, frantsesak segiduko dau frantses Errepublikearen legezko hizkuntza bakarra izaten. ‘Euskerea eta Frantziako lurraldean diran beste hizkuntza gitxituek frantsesak dauen estatutu bera behar dabe, eta gitxieneko egoeratik atarateko estatutu egokia behar dau, hau da, berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izentau behar dau’.
Amaitzeko, euskerea normalizetea eskubidezkoa dala ohartarazo dau Behatokiak, eta horretarako Konstituzinoari egin nahi jakon aldaketatik harago joan behar da euskerearen estatusa frantsesak dauenagaz bardinduz. ‘Estatus egokiaz harago, babes juridikoa be behar da eta normalizazinora eroango gaituen hizkuntza-politika eraginkorra’.
Testuingurua: Frantses akademiaren adierazpenak
Joan dan bagilaren 12an, aho batez, Frantses hizkuntzearen akademiak, adierazpen bidez, maiatzaren 22an, Frantses legebiltzarrean, diputaduek hartu erabagia gaitzetsi dau, hau da, Frantziako Konstituzinoan hizkuntza gitxituei aitamena egitea. Horrezaz gan, aitamena bertan behera ixtea eskatu dau, moldaketa onartezina iruditzen jakolako, eta kezkagarritzat jo dua. Akademiak dino, ‘Bost mendez frantsesak frantziar nortasuna eregi dau, eta Konstituzinoko bigarren artikuluak ebidentzia hori autortu dau, normala danez: frantsesa da Frantziako hizkuntza bakarra’.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!