Nazinoarteko bederatzi taldek parte hartuko dabe Zornotzako Haizetara jaialdian

Bizkaie! 2008-06-17 15:41   Musikea

Asteburu honetan fanfarre, banda eta kaleko musikearen hirugarren Haizetara lehiaketea izango da Amorebieta-Etxanon. Aurreko ekitaldi bietan izandako arrakastearen ondoren, hirugarren honetan jatorri eta estilo desbardinetako bederatzi banda izango dira.

Asteburu honetan, bagilaren 20tik 22ra, fanfarre, banda eta kaleko musikearen hirugarren Haizetara lehiaketea izango da Amorebieta-Etxanon. Aurreko ekitaldi bietan izandako arrakastearen ondoren, hirugarren honetan jatorri eta estilo desbardinetako bederatzi banda izango dira.

Haizetara jaialdia orain dala urte bi sortu zan eta San Juan jaien bueltan egin izan da beti, ohitureari jarraituta. Lehiaketan, danetara bederatzi taldek parte hartuko dabe: The Non Meltin Ice Cream Band (Holanda), Jaipur Maharaja Brass Band (Rajstan, India), Magicaboola Brass Band (Italia), Dr. Macaroni Latin Jazz (Madril), Mademoiselle Orchestra (Frantzia), Houba (Frantzia), Marmara Dixieland (Bizkaia), Brincadeira (Bartzelona) eta La Parrús Dixie Band (Valladolid). Irabazleak 9.000 euroko saria eskuratuko dau, nazinoarteko adituek osotutako epaimahaiak emonda. Era berean, ikusleek 4.000 euroko saria emoteko aukerea izango dabe, botazino bidez. Bestalde, musikarien artean musikaririk onenari 1.000 euro emongo deutsoz epaimahaiak.

Lehiaketeaz gan, beste hainbat ekitaldi izango dira asteburuan Zornotzan. Tabernarik taberna, berbarako, hainbat talde ibiliko dira giroa alaitzen, besteak beste: The Broken Brothers (Euskadi), Cooperativa Rakia (Katalunia-Bulgaria) eta Mikel Bikandi Quartet (Euskadi).


Bigarren eskuko musika-tresnen azokea

Haizetara jaialdiagaz bat, urtero legez, ekimenak irauten dauen hiru egunetan, goizez eta arratsaldez, bigarren eskuko musika-tresnen azokea izango da ikusgai.

Ganera, aurreko urteetako arrakastea ikusita, musika-tresna fabrikatzaileen (luthier) erakusketea be izango da.

Azokeaz eta erakusketeaz gan, hiru tailer izango dira. Alde batetik, 21ean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Bilboko Musikaterapia Zentroko Carles Perez adituak emongo dauen musikaterapia tailerra izango da. Egun berean, Augusto Gonzalez luthierrak perkusino tailerra eskainiko dau, goizez. Eta, azkenik, nobedade moduan, Jesus Reolid (bibolin egilea) harizko musika-tresna tradizionalen luthierrak musika-tresnak zelan egiten diran irakatsiko dau zapatuan, goizez eta arratsaldez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu