Behatokiak nafarren hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoaren barri emon dau Parlamentuan
2008-06-17 14:09 Euskerea berbagaiHizkuntz Eskubideen Behatokiak Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordearen lan-saioan parte hartu dau urteko txostenaren emoitzak aurkezteko, Nafarroa Bai taldeak eskatuta.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordearen lan-saioan parte hartu dau urteko txostenaren emoitzak aurkezteko, Nafarroa Bai taldeak eskatuta. Behatokiak euskerearen telefonoaren bidez herritarrei urratzen jakezan hizkuntza-eskubideen barri izaten dau. Informazino horregaz urtero diagnosia egiten dau eta instituzino eta eragileei horren barri emoten deutse. Nafarroako Legebiltzarrean be, horren barri emoteko aukerea izan dau, hain zuzen be, nafarren hizkuntza-eskubideak modu sistematikoan urratzen dirala barriro salatzeko.
Bileran Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok eta kudeatzailea dan Arantza Haranburuk Nafarroako herritarrek zabaldutako espedienteen hainbat datu zabaldu ditue: 475 espediente zabaldu ditue Nafarroako herritarrek, horreetatik 440 kexa, 21 zorion eta 14 kontsulta. Kexei jagokenez, 266 erakunde publikoei zuzendu jakez eta 174 pribatuei. Era berean, Erakunde publikoei jagokenez: Nafarroako Gobernuak 130 kexa jaso ditu, Espainiako Estaduko Administrazinoak 68 eta udalek beste 68 (Iruiñeak 47). ‘2007 urtean aurreko urteetako jokereari eutsi deutso Nafarroako Gobernuak hizkuntza-eskubideen bermean ez eze, autortzan be’, adierazo dabe ordezkariek Hezkuntza Batzordean.
Lehenengo eta behin Behatokiak agirian jarri nahi izan dau egungo ordenamendu juridikoak nafarren artean eragiten dauen bereizkeria, ‘izan be, nafar guztiei betebehar bardinak ezartzen bajakez be, eskubide desbardinak autortzen jakez, eta horrek herritarren bardintasun-printzipioaren kontra egiten dau’.
Behatokiak 2007an Foruzainen lan-deialdian gertatutako iruzurraz ondokoa esan dau: hainbat lanpostu barri sortu ziran Elizondo eta Altsasuko polizia-etxeetan eta horreetako batean be ez zan izan euskerearen derrigorrezko ezagutza eskabiderik. Ganera, merezimendu legez be ez eben balorau berezko hizkuntzearen ezagutza.
Zazpi urtez hizkuntza-eskubideen urraketa bardina azaltzen daben kasuak bideratu izana arduratzeko elementua dala gogoratu dabe Behatokiko ordezkariek. ‘Hizkuntza-eskubideen bermerako tempusik ez dauka ezarrita Nafarroako Gobernuak eta ohiko bihurtu dau eskubide zein lege murritzen urraketa sistematikoa’, azaldu dau zuzendariak.
Eremu sozio-ekonomikoa be berbagai izan dabe Behatokiko ordezkariek. Gogora ekarri dabe Nafarroan 2006an onartu zala kontsumitzaileen eta erabiltzaileen Legea, eta bertan ikusezin bihurtu zituala kontsumitzaile euskaldunak. ‘Horrek be ondorio zuzena izan dau Behatokiaren diagnosian, are gehiago, interes orokorreko zerbitzua eskaintzen daben hainbat enpresak atzerapausuak emon ditue aurten’.
Era berean, Behatokiak parlamentarioen esku jarri dauen txostenean herritarrek helarazotako kasu zehatzak jarri ditu, eta bertan nahikoa garbi ikusten da Nafarroako Gobernuak indarrean dan lege murritza be ez dauela beteten.
Osasunbideko lan-deialdia
Azkenik, Behatokiak hedabideen aurreko agerraldia aprobetxau dau oraintsu Osasunbideak argitaratu dituan lan-deialdien inguruko balorazinoa egiteko, izan be, handitu egin dabe Osasunbidea erakundeko plantila oinarrizko osasun laguntzako zuzendaritzako lanpostuetan. 250 lanpostu barri sortu ditue eta horreetako batean be ez dabe ezarri euskerearen derrigorrezko ezagutza. ‘Are gehiago, legeak ezarritako eremu mistoari jagokonez, ez dakigu merezimendu moduan be balorauko daben euskerearen ezagutza’, autortu dau Paul Bilbaok.
Behatokia gaia sakon aztertzen ari da, behar izan ezkero, auzi-bidea hartzeko. Behatokiko kideek gogoratu dabe 2007ko urteko txostenak egiaztatu dauela nafar guztiak eremu ez euskalduneko herritar bihurtu dituala Osasunbideak.
Amaieran hausnargai eta eskaera bana egin deutse Behatokiko zuzendariak parlamentu-taldeei. Eskaereari jagokonez, galdera egin daiotsela Nafarroako Gobernuari 2001etik sortu diran lanpostuetatik zenbati ezarri deutsen euskerearen derrigorrezko ezagutza. Hausnargaiari jagokonez, ariketa bat proposatu deutse Bilbaok: ‘Pentsaizue zein ondorio atarako zeunkien baldin eta administrazino batek legea herritarren eskubideak ez autortzeko erabiliko baleu, edota legeak eskubideak bermatzeko jasoten dituan arauak beteko ez baleuz’.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!