BiscayTIK, administrazinoa herritarrakana hurreratzeko tresna

Bizkaie! 2008-06-12 15:07

Honako honeek dira proiektuaren helburu nagusiak: administrazinoa herritarrakana hurreratzea, komunikazino bide barri baten bidez, Internet bidez; Bizkaiko udalen informatika-tresnak homogeneizetea, udal horreen barne-kudeaketa eta herritarrakazko loturea hobetzeko; eta Bizkaia nazinoarteko erreferente bihurtzea udal administrazinoan informazino eta ezagutza teknologien aplikazinoari jagokonez.

José Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak BiscayTIK proiektua aurkeztu dau. Proiektu horren bidez, gobernu-programan teknologia barrien arloan hartutako konpromiso bat bete gura dau Bizkaiko Foru Aldundiak.

'Bizkaiko ia biztanle danek eskuragarri dabe Interneteko sarbidea banda zabalaren bidez; egunez egun Internet gero eta gehiago erabilten da; eta baliabide seguruak dagoz nortasuna eta sinadura elektronikoa egiaztatzeko'. Puntu horreek gogoratuta, proiektuari ekiteko une egokia dala azpimarratu dau Bilbaok.

Aldundiak urtebete behar izan dau BiscayTIK proiektuaren diseinua eta lizitazinoa egiteko. Lantik foru enpresearen bidez, MICROSOFT enpreseari adjudikau deutso proiektuaren garapena. Horretarako, 17,4 miloe euro ordainduko deutsoz. Honako honeek dira proiektuaren helburu nagusiak: administrazinoa herritarrakana hurreratzea, komunikazino bide barri baten bidez, Internet bidez; Bizkaiko udalen informatika-tresnak homogeneizetea, udal horreen barne-kudeaketa eta herritarrakazko loturea hobetzeko; eta Bizkaia nazinoarteko erreferente bihurtzea udal administrazinoan informazino eta ezagutza teknologien aplikazinoari jagokonez.

Hiru helburu horreek proiektuaren hiru ardatzetan oinarritzen dira: Posta elektronikoko zerbitzua herritarrentzat; udaletarako informatika-programak eta herritarrek izapideak egiteko web ataria; eta nazinoarte mailan erreferente izango dan zentro teknologiko bat.


Dobako posta elektronikoa

Bizkaiko Foru Aldundiak 'bizkai.eu' domeinua jarriko dau martxan eta bizkaitar guztien esku egongo da dobako postontzi bat. Postontziaren edukiera 5 GBkoa izango da eta administrazinoagaz zuzenean loturea izango dau.

Aurreikuspenaren arabera, 2009. urtearen hasieran gutun bat bialduko jake bizkaitar guztiei, eskatzen daben guztiei posta-kontua eskaintzeko.


Udaletarako informatika-programak eta herritarrek izapideak egiteko web ataria

Proiektuaren bigarren jarduerea udaletarako informatika-sistema bat martxan jartea da. Horren bidez, udalek kudeaketa integraleko sistema bakarra izango dabe.

Sistemeak barne-kudeaketarako soluzino informatikoak eskainiko ditu hainbat arlotan: erregistroan, erroldan, kontabilidadean, giza baliabideetan, aurrekontuan, ondare eta inbentarioan, zergen kudeaketan eta bilketan edota menpekotasunaren zerbitzuan.

Web atariak aukerea emongo deutse herritarrei Internet bidez euren udalagaz 100 izapide egiteko (ziurtagiriak, baimenak, eskabideak, izen-emoteak eta abar); herritarren eta administrazinoaren arteko loturea erraztuko dau; izapideak egun osoan, 24 orduetan, egin ahal izango dira, eta urtearen 365 egunetan; arreta personalizatua emongo dau; erabiltzailearen nortasunaren egiaztapena egingo dau; erantzuna denpora-tarte laburrean emongo dau; bidaiarik eta itxaronaldirik ez da egin behar izango eta espediente bakotxaren egoerea jakin ahal izango da.

Bizkaiko Foru Aldundiak proiektua probetako saio bat egingo dau Abanto Zierbenako, Balmasedako, Basauriko, Galdakaoko eta Mundakako udaletan eta Arratiako Udalen Mankomunidadean.


Zentro teknologiko aitzindaria

José Luis Bilbaoren esanetan, zentro barria aitzindaria izango da nazinoarte mailan; bertan, teknologien eta BiscayTIK proiektuaren bidez martxan jarritako herritarrentzako zerbitzuen ganeko ezagutzea sortu eta zabalduko da.

Helburua herri administrazinoek teknologiak gehiago eta hobeto erabiltea da, herritarrei aukerea emoteko zerbitzu publikoak Internet bidez erabilteko. Zentro honetan, Bizkaiko udaletarako sistema bateratua garatuko da eta enpresei lagunduko jake.

Urte honen amaieran inaugurauko da zentro teknologikoa, behin-behineko leku batean. Zentro barria Getxon egongo da; Bake-Eder jauregian eta Areetako udal Azokan izango dira Informazinoaren eta Ezagutzaren Teknologien ganeko BiscayTIK proiektuan aurreikusitako Teknologien Zentroa eta Gunea. Proiektu barritzailea da, munduan bakarra, Lurraldeko herritarrei gobernu elektronikoa hurreratu nahi deutsena. Bizkaiko Aldundiak 45 miloe euro zuzenduko ditu proiektura, horreetatik 20 miloe bere garapenerako izango dira, 15 miloe Bake-Eder jauregian egongo dan zentro teknologikoa egiteko eta beste 10 Areetako udal Azokea gaur egun dagoan orubean eregiko dan eraikin barrian egongo dan Gune Teknologikoa atontzeko. Proiektuari esker 30-40 lanpostu barri sortuko dira lehenengo hiru urtetan, eta 150 izango dira ondorengo lanpostuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu