Berria egunkariaren bosgarren urteurrena ospatzeko jaia antolatu dabe bagilaren 21erako

Bizkaie! 2008-06-12 14:14

Apirilaren 15ean hasi eta bagilaren 17ra bitartean eskualdez eskualde urteurrena ospatzeko antolatutako jaiei amaierea emoteko, egunkariko arduradunek Donostiako Kursaal Jauregian antolatu dabe jai berezia. Ekitaldia 19:30ean izango da.

Bagilaren 21ean bost urte beteko dira Berria egunkaria sortu zanetik eta egun horretarako jai berezia antolatu dabe Donostiako Kursaalen. Arratsaldeko 19:30etatik aurrera, mueta askotako ikuskizunak izango dira. Bertan parte hartuko dabe Logela Multimediak, dantzariek, Anari eta Ruper Ordorika musikariek; Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Xabier Paya, Asier Otamendi, Xabier Silveira eta Amets Arzallus bertsolariek; Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe idazleek; Kike Amonarriz eta Ilazki Serrano telebistako aurkezleek eta Berriako zutabegileek.

Apirilaren 15ean hasi eta bagilaren 17ra bitartean eskualdez eskualde ekitaldiak antolatu ditue Berria-ko arduradunek. Ekitaldien helburua bikotxa da: Berria sortzeko egindako lana eskertzea eta aurrera begirako proiektuak aurkeztea. Danetara, 22 ekitaldi egingo dira, beste hainbeste eskualdetan.

Herrietako ekitaldiak osotzeko, bagilaren 21ean, ekitaldi nagusia egingo da Donostiako Kursaalen, 19:30ean. Egun horretan bertan, goizez, Euskerazko Komunikazino Taldearen (EKT) akzinodunen batzarra egingo da Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean.

EKTren helburu nagusia euskerazko hedabideak sortzea eta kaleratzea da, 'euskeraz bizi gura dauen euskaldunak komunikazino tresnak eskura izateko'. Horretarako, norabide bitan egin dau lan EKTk: komunikabideak sortu eta garatzen eta hedabideen zabalkunderako azpiegiturak indartzen.

EKTren komunikabideak honakoak dira: Berria, Matraka, Mantangorri, Hitza eta Nora.

Ganera, Interneten www.berria.info dago, informazinoa jazo ahala eskaintzen dauen Sareko egunkaria. Bestalde, Hitza bakotxak be bigarren produktu bat egiten dau Interneten, eta www.hitza.info eratu barriak, barriz, Hitza egunkarietatik eta beste hainbat herri komunikabideren webguneetatik hartuta, herri informazinoa eskaintzen dau.

Telebistan, azkenik, Hamaikaren bitartez, lekuan lekuko telebista digitalak sortzeko baimenak eskuratu ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu