Euskal Herri osoko berbalagunak alkartuko dira Getxon bagilaren 14an III. Mintza Eguna ospatzeko

Bizkaie! 2008-06-12 11:19   Euskerea berbagai

‘Mingainak dantzan’ lelopean, Euskal Herri osotik etorritako ehunka berbalagun alkartuko dira Getxon. Hirugarren edizinoa izango da, aurrekoak Iruiñean eta Donostian izan ondoren.

Datorren bagilaren 14an, III. Mintza Eguna ospatuko da Getxon, Egizu Getxo Euskaldun Alkartearen eskutik eta Getxoko Udalaren eta Topagunea, Euskara Alkarteen Federazinoaren laguntzinoagaz, ‘Mingainak dantzan’ lelopean. Egun horretan Euskal Herri osotik etorritako ehunka berbalagun alkartuko dira Getxon. Hirugarren edizinoa izango da, aurrekoak Iruiñean eta Donostian izan ondoren.

Mintza Egunaren helburua mintzapraktika egitasmoetan, hau da euskeraz dakitenak eta ikasten ari diranak gauzak egiteko eta mintzatzeko alkartzen dituen egitasmoetan parte hartzen daben berbalagun eta mintzakide guztiek alkar ezagutu eta ondo pasetea da.

Helburu horregaz bat dator Getxoko Udalak sustatutako Euskerea Bizibarritzeko II. Plana, Koldo Iturbek, Euskera arloko zinegotzi arduradunak Mintza Egunaren aurkezpenean azaldu dauenez, ‘erronka bat ezagutzatik erabilerarako saltoa emotea da’. Esangura horretan, Jose Antonio Rodríguezek, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak esan dau ‘berbalagunek oso lan garrantzitsua egiten dabe hizkuntzearen erabilerea sustatzeko, horreekaz saltoa emon eta praktikarako aukerea dagoalako’. Mintza egunaren metodoa eta edukia azpimarratu ditu. ‘Batetik, herri erakundeen eta euskalgintzako eragileen arteko alkarlana sustatzen da holako ekimenen bidez. Bestetik, holakoak sano lagungarriak dira euskerea ikastetik erabiltera pasau nahi dabenentzat, lotsa eta bildurra kentzeko aukerea emonez. Euskalduna izateko ez da euskaltzain osoa izan behar, eta, hasieran akatsakaz bada be, garrantzitsua da hizkuntza ikasten dabenek komuniketako erabiltea. Euskerarik onena berba egiten dana da, ez txoko batean gordeta ixten doguna, eta ekimen honeek horixe bultzatzen dabe, euskerea kalera ataratea, bakotxak ahal dauen neurrian, azken finean, badakizue, honetan be pixka bat es mucho..’

Getxon 170 bat lagunek hartzen dabe parte berbalagunaren ekimenean, 27 taldetan banatuta. Berbalagunen taldeak (4 edo 5 lagunek osotuta) adinen eta denpora librearen arabera alkartzen dira, ekitaldi desbardin batzuk egiteko. Getxon ekimena antolatzen dauen Egizu alkarteko koordinatzailearen, Rozio Luzesen esanetan, Mintza Eguna jaia udalerrian antolatzea eta ospatzea ‘oso garrantzitsua izan da egitasmoaren inguruan ahaleginak batzeko balio izan dauelako’.

Oskar Zapatak, Topagunearen mintzapraktika saileko arduradunak azpimarratu dauenez, ‘gaur egun 48 gunetan dagoz mintzapraktika egitasmoak, eta 2.500 lagunetik gora dabilz era aktiboan parte hartzen’. Egitasmook hizkuntza paisaian daben eragina be azpimarratu dau Zapatak: ‘kontuan izan behar da taldeak leku publikoetan batzen dirala: kalean, plazan, tabernatan... eta horrek euskereari ikusgarritasuna emoten deutso, presentzia’.


Egitaraua

Jaia goizeko 11:00etan hasiko da Algortako Portu zaharreko orubean bertsolari, txalapartari eta suziriekaz. Gainera Getxoko berbalagunek hamaiketakoa preparauko dabe 350 bat lagunentzako. 11:30etan, Portu Zaharretik eta Usategitik Xabier Payak gidatutako ibilaldi gidatua izango da. Bi ordu geroago kalejira koloretsua eta musikala izango da Basagoiti etorbidetik, Kasino plazatik eta Telletxe plazatik.

Arratsaldeko 14:30ean, herri bazakaria izango da Erromoko Santa Eugenia Plazan. Bazkariaren ondoren, mintzapraktika egitasmoen bilakaeran parte hartze eta garrantzia berezia izan daben zenbait erakunde eta laguni eskerrak emon eta erregalu xume bat egingo deutsee. 16:30etik aurrera erromeria izango da Patxi Perezen taldearen eskutik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu