Asia etorkizuneko merkatua
2008-06-11 13:52 Jan edanakDominikque Heriard Dubreuil and.aren, Vinexpo Asiako presidentearen arabera, ikerketa guztiek adierazoten dabe Asian egon daitekeela ardaoaren eta edari apardunen merkatuaren hazkunde nabarmenena datozen hurrengo bost urteotan.
Vinexpo, Asiako ardao eta edari alkoholdunen erakusketarik handiena, Hong Kongen inaugurau da maiatzaren 27an, eta mundu osoko saltzaile guztiak saiatu dira merkatu barri honek izan leikezan erosteko beharretara hurreratzen. Hirugarren edizinoa dan erakusketa honetan, 700 stand inguru egon dira eta 32 herrialde desbardinetako saltzaileak, 2006an baino askoz gehiago; beraz, nabarmen geratu da barriro be, merkatu hau ezin interesgarriagoa dala munduko saltzaile guztientzat.
Dominikque Heriard Dubreuil Andrea, Vinexpo Asiako presidentearen arabera, ikerketa guztiek adierazoten dabe Asian egon daitekeela ardaoaren eta edari apardunen merkatuaren hazkunde nabarmenena datozen hurrengo bost urteotan. Aditu honen arabera, datozen bost urteotan, Asiako merkatuak urtero % 8 gora egitea aurreikusi da. Ganerako lekuetan, barriz, % 1 edo haztea espero dabe. Asiako alde guztietan aurreikusten dabe hazkunde hau, taberna eta jatetxeetako kontsumoa gora doa, gero eta luxuzko hotel gehiago dago…
Kontuak kontu, Japoniak jarraitzen dau izaten Asiako erosle handiena, 2006an Asiara heldu zan guztiaren % 56´6 bertara joan zalarik. Baina, Vinexpoko estadistikak gogoan hartuta, Txina da kontsumitzaile handiena, kontsumoaren % 62´7gaz. Halan da be, Txinan edaten daben ardaoaren % 92´8 bertan produzidutakoa da. Txinako produktore handiak, Dynasty, eta Changyu Vinexpon euren ardaoak erakusten eta saltzen egon diran bitartean, kanpoko toki guztietakoak, txinatar eliteari erakutsi guran ibili dira mahats karuakaz egindako goi mailako ardaoak.
‘Asia etorkizuneko merkatua da’ esan ei eutsen Robert Beynat Vinexpoko zuzendariak kazetariei. Txina eta India nabarmen hazten ari dira ekonomiaren aldetik, eta ganerako herrialdeek bizi daben moteltzearen aurrean, aukera polita ikusi dabe bertan.
Bestalde, Asia hazkunde honetatik etekinak atara guran badabil. Hong Kongeko gobernuak, orain dala hilebete batzuk, ardaoa saltzeagaitik zituan zergak kentzea erabagi eban. Izan be, Tokio eta Singapurrgaz lehia bizia dabe Hong Kong izan daiten ardaoaren ingurune neuralgikoa. Gaur arte, Asiako hazkundean etekin handiena atara dauena Frantzia da, munduko bigarren ardao saltzaile handiena eta Asiara gehien eroaten dauena, Estadu Batuak, Australia, eta Chilek baino gehiago.
Azken buruan, antolatzaileek jakinarazo dabe ardaoa ez eze edari apardunentzat be Txina izango dala merkatu barria. Halan da be, 2011rarte edo espero da edari horreen kontsumoa behera joatea, izan be, arrozagaz egindako edari tradizional asko, mendebaldeko produktoreak uriburu handietan egiten ari diran kanpaina erraldoiak tarteko, baztertzen doaz gero eta gehiago eta jatorriz arroza daben edarien kontsumoa jaisten. Aldiz, Coñac eta brandien merkatuan esaterako, Txina kontsumitzaile handienetarikoa izanik, 2011rako % 38´8 haztea espero da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!