Behatokiak hizkuntza-eskubideen egoerearen barri emon deutso Nafarroako Arartekoari

Bizkaie! 2008-06-10 14:31   Euskerea berbagai

Aurten euskerearen telefonora heldu diran kexa gehienak, % 39 hain zuzen be, Nafarroako herritarrek egindakoak izan dirala. Horrezaz gan, kexa kopurua hazi egin dala gogorarazo dau Behatokiko zuzendariak. Nafarroako Gobernuak esaterako, inoiz baino kexa gehiago jaso ditu 2007an.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak hasierea emon deutso urteko txostena instituzinoetako arduradunei aurkezteari. Esangura horretan, Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok bilerea egin dau gaur goizean Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaecheagaz. ‘Herritarrek emondako datuakaz egindako egoerearen diagnosiaren barri emon nahi dogu’, azaldu dau zuzendariak.

2007 urtean jasotako kasuen barri zuzena emon deutso Enériz jn.ari Paul Bilbaok, eta horretarako Nafarroako Administrazinoei helarazotako kexei buruzko eranskina jarri dau Arartekoaren esku. Era berean, gogorarazo deutso Nafarroako Gobernuak, Euskal Herriko beste gobernuek bezela, eskubideen urraketak naturalizau egin dituala. Kontuan hartzekoa da, aurten euskerearen telefonora heldu diran kexa gehienak, % 39 hain zuzen be, Nafarroako herritarrek egindakoak izan dirala. Horrezaz gan, kexa kopurua hazi egin dala gogorarazo dau Behatokiko zuzendariak. Nafarroako Gobernuak esaterako, inoiz baino kexa gehiago jaso ditu 2007an.

Horren harira, Behatokiak Nafarroako Gobernuaren jarrereagaz dauen ardurea helarazo deusto Arartekoari: ‘Zoritxarrez, ohiko bihurtu da legeak eta dekretu murritzek eskaintzen dituen aukera txikiei be muzin egitea, eta azkenean naturalizau egiten dira hizkuntza-eskubideen eta legeen urraketak’.

Eremu sozioekonomikoari jagokonez, Behatokiko zuzendariak Nafarroako Gobernuaren jarrerea erabat diskriminatzailea dala adierazo deutso Enériz jaunari: ‘Ordenamendu juridikoan ez ditu nafar euskaldunen kontsumitzaile-eskubideak kontuan hartu, eta ondorioz, enpresek eremu ez-euskaldun bihurtu dabe Nafarroa osoa’. Horren harira interes orokorreko zerbitzuak eskaintzen dituen enpresen adibideak jarri ditu Behatokiak haren esku.

Lehen bilera honegaz Behatokiak hasierea emon deutso urteroko bilera-hitzorduei txostenaren aurkezpena egiteko. Hurrengo asteotan beste hainbat erakundetako ordezkariei be urteko txostenak zer emon dauen azalduko deutse Behatokiak zuzenean. ‘Administrazinoentzat tresna sano interesgarria da Behatokiaren txostena, izan be, herritarrek zuzenean sufridutako eskubideen urraketak izanik, horreen konponbiderako mekanismoez hausnartzeko aukerea eskaintzen dau’ adierazo dau Bilbaok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu