Kulturgileek ‘euskaraz bai’ abestu dabe

Bizkaie! 2008-06-09 15:32   Euskerea berbagai

Xabier Mendigurenek ‘Euskaraz bai adierazpena’-ren esanahia azaldu dau: Danok egiten dogu euskerearen normalizazinoan lan, idatziz, hitzez, musikaz edo ekintzez. Euskerea Euskal Herriko berezko hizkuntzea dogu eta etorkizuna behar dauelako hartzen dogu geure aldarrikapen legez’.

Euskal Kulturako hainbat persona ezagun alkartu dira astegoienean Bilboko Liburu Azokan ‘Euskaraz bai’ era berezi batean esateko. ‘Idatzian, ahozkoan, antzezpenean edota sukaldean ‘euskaraz bai’ esaten badakigu, gainera esateko modu asko daukaguz: poetikoa, dramatikoa, espontaneoa, goxoa…’, aurkeztu dau ekitaldia Asier Hormaza aktoreak.

Hainbat izan dira ekitaldian parte hartu daben kulturgileak (aktoreak, idazleak, bertsolariak, kantariak eta musikariak) eta Kontseiluaren Batzar Nagusian 2007an adostutako ‘euskaraz bai’ adierazpenagaz bat egin dabenak: Itziar Ituño, Asier Hormaza, Andoni Agirregomezkorta, Mikel Losada, Aitor Mendiluze, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes, Igor Muniategi, Eneritz Artetxe, Jon Enbeita, Markos Untzeta, Amaia Zubiria, Hasier Rekondo, Gotzon Barandiaran, Ander Manterola, Joseba Apaolaza, Kandido Uranga, Edorta Jimenez.

Danak ezin izan dira hurreratu; beraz, asko eta askok euren atxikimendua webgunetik emon dabe (www.kontseilu.org/euskarazbai).

‘Euskaraz bai’ leloagaz esan nahi danari musikea eta poesia Amaia Zubiriak jarri deutso. Bestetik, bat-bateko freskotasuna, erritmoa eta errima, Iratxe Ibarra eta Arkaitz Estiballesk ipini deutsie. Amaitzeko, idazle baten hitzak izan dira, hain zuzen be, Edorta Jimenezenak euskerearen alde.

Ekitaldian Kontseiluko idazkari nagusiak be berba egin dau: Gu be artista, euskerea erabilteko aukerak zabaltzen, batzuetan malabarista edota funanbulista’. Xabier Mendigurenek ‘Euskaraz bai adierazpena’-ren esanahia azaldu dau: Danok egiten dogu euskerearen normalizazinoan lan, idatziz, hitzez, musikaz edo ekintzez. Euskerea Euskal Herriko berezko hizkuntzea dogu eta etorkizuna behar dauelako hartzen dogu geure aldarrikapen legez’.

Era berean, Kontseiluko idazkari nagusiak urteotan egindako lana aitatu dau: ‘Lana egin dogu, euskeraz bizitea dalako gure aukerea. Euskalgintzan ari garan lagunok lanerako ilusinoa eta pasinoa dogula berresten dogu adierazpen honegaz, euskaraz bai esanez’.


Babesak

Euskararen Gizarte Erakundeek ‘euskaraz bai’ adierazpenaren atxikimendu kanpainearen laugarren agerraldia egin dau. Kontseiluak jentartean ‘euskaraz bai’ esan eta egiteko proposamena zabaltzen ari da adierazpen honen bidez. Dagoeneko Kontseiluko sortzaileek, euskal kirolariek eta sindikatuek emon dabe babesa. ‘Euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortu nahi doguz, geure bizitza euskeraz normaltasunez egin ahal izateko, hizkuntzeari esparruak garatu eta zabaldu nahi deutsaguz’, azaldu dau idazkari nagusiak.

Era berean, edozein herritarrek atxikimendua emoteko bidea azaldu dabe; norbanakoen datuak Kontseiluko webgunean emotea besterik ez dago, hain zuzen be www.kontseilua.org/euskarazbai helbidean.


Abenduaren 13an BECen

Abenduaren 13an hitzordua jarri dau Kontseiluak Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren. Euskaraz bai’ eginez euskerearen normalizazinoa posible da, eta posible dala irudikatuko dogu abenduaren 13ko ekitaldi nagusian’, azaldu dau Mendigurenek.


10 urte bidea zabaltzen

10 urteotan egindako lana azaltzeko erakusketa ibiltaria jarri dau martxan Kontseiluak. Bertan, urterik urte zabaldutako bideak azaltzen dira. ‘Kontseilua 10 urte bidea irekitzen’ erakusketea Iruñean izan da eta bagilaren 9tik 13ra Seguran izango da, ondoren, bagilaren 14an Azpeitira joango da eta 16tik 20ra Bergarara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu