Juanra Madariaga: 'mendian, bikotea zure parte bat da'
2008-06-09 15:16 BarriketanCho Oyu (8.201 metro) eta Broad Peak (8.047 metro) zortzimilakoak egin ostean, Juanra Madariaga bilbotarrak munduko tontorra zapaldu eban joan dan maiatzaren 21ean eta, holan, amesa bete: Everest (8.844,43metro). Jordi Estanyol katalana izan dau bidaide eta ekimenaren barri blog batean emon dabe, pausuz pausu. Hasierako asmoa tontorra Nepaleko bidetik egitea bazan be, Tibeten aldeko altxamentuen aurrean Txinak hartutako jarrera gogorrak bete-betean eragin eutson espedizinoari eta azken orduko aldaketa asko egin behar izan zituen, tartean ibilbidea bera barriro diseinau. Argibide gehiago Madariagak berak emongo deuskuz.
1.- Atzera begiradea egin eta espedizinoa antolatzen hasi zinaneko sasoia gogoratuko dogu. Zergaitik Everest?
Betiko esaldia: hortxe dagoalako eta mendirik altuena dalako. Hein batean, hori egia da. Pirinioetara joakeran, 2.000 metroko mendi txikitxuak egiten doguz baina beti pentsetan dogu nonoiz Perdido mendira joan beharko garala.
Nire ibilbidean, beti joan izan naz txikienetik altuenera. Akonkaguara joan nintzanean, zazpimilakoa neukan buruan. Zazpimilakoa egin ostean, zortzimilakoa probau behar neban. Probau ostean, ondo sentidu nintzan, arlo fisikoan bikain nenbilan eta gustura sentiduten nintzan han goian. Beraz, zergaitik ez Everest?
Bestalde, beti entzun izan dot handik puntatik munduaren kurbadurea ikusten zala eta hori niretzat ilargitik lurra begiratzea modukoa zan eta pentsau neban: 'hori ikusi egin behar dot'. Azkenean, ez dot ikusi, tontorra egiterakoan lainotuta egoalako, tarteka argiuneak egon arren.
2.- Aurten, Joko Olinpikoen harian, Everest modan dagoala esan daiteke. Zenbat lagunek egin zenduen tontorra maiatzaren 21ean?
Egun berean, 21ean, espedizino horretarako batu ginan zazpi lagunek egin genduan tontorra, kataluniako lagun bik, kordobako beste bik, Sevillako batek, Jordik eta biok. Gure espedizinoaz gan, hainbat lagun izan ziran han.
Guretzat harritzeko modukoa izan zan zazpiok egun berean eta danok tontorra egitea. Normalean, nonor beti sentiduten da txarto baina danok gengozan ondo eta egun hori tontorra egitekoa aukera parebakoa zala pentsau genduan. Indartsu ailegau ginan, baina muga-mugan. Bajaukeran, batzuk oso, oso nekatuta ailegau ziran kanpamentura.
3.- Masifikazinoa dala eta, mitoa, zeozelan, urtzen doa?
Bai, baietz uste dot. Edonor joan daiteke hara baina mendia pasinoz bizi dogunon eta euren ames edo abenturea topetan doazenak desbardindu behar dira. Azken horreek, akaso, Australian ibili dira urpekaritza egiten korala begiratzen eta orain Everestera etorri dira. Horreek, batez be, dirudunak dira, dirutzea ordaintzen dabe goraino joateko eta teknika faltea eta preparazino fisiko eskasa igarten jake. Uste dabe oxigenoagaz edozer egin daitekela eta ni benetan harrituta etorri naz ikusita ze mundu dagoan montauta Everesten. Gero, tontorrean, alpinistakaz bat egiten dozu, ames hori benetan bizi dabenakaz, mendia pasinoz bizi dabenakaz.
4.- Espedizinoa hasi baino egun batzuk lehenago, Txinak Everestera igoteko debekua ezarri eban. Berehala ibilbidea aldatu arren, hara ailegau eta trabak bata bestearen atzetik etorri ziran. Bildurrik edo arrisku-unerik sentidu zenduen?
Bildur, bildur, bildurrik ez, baina dana zan lotsagarria, ez bururik ez hankarik. Ejerzitoak kamarak entregau behar genduzala esan euskun, Tibeten aldeko aldarrikapenak ebitetako. Baina behin txinatarrek suzi olinpikoa tontorrera eroan ostean, gureari ekingo geuntson, eta hori bagenkian. Egoerea nahiko surrealistea zan, ze loturea egoan kirolaren eta politikearen artean, dana modu horretan nahastauta...
Bildurrik... ez, Nepaleko ejerzitoak ez dau bildur lar eragiten. Baina sufridutako bahiketa informatiboaren aurrean indarrik barik sentiduten zara eta aurrerantzean zer jazo leiken pentsarazoten deutsu. Egia esan, egoerea nahiko deserosoa bihurtu zan, egun asko emon genduzan oinarrizko kanpamentuan, tentsino handiko egunak izan ziran eta egun txarrak pasau genduzan, gure artean be tentsino momentuak bizi izan ziralako. Bat bestea baino urduriago ebilen, gora joan guran... Baina, azkenean, txinatarrek tontorra egin eta ejerzitoak bideak zabaldu zituan.
5.- 'Ez dogu esku-hutsik etxera bueltau gura eta ahal dan guztia egingo dogu tontorrera ailegetako'. Oxigeno barik egitea zan asmoa baina azkenean oxigenoa erabili dozue.
Oinarrizko kanpamentuan itxaroten egondako egunak zirala eta, maiatzaren 10ean oraindino aklimatau barik gengozan eta ez geunkan astirik. Egon zitekean aukera bat oxigeno barik egiteko eta arin-arin joan ginan oinarrizko kanpamentutik bigarrenera, han lo egin, hurrengo egunean hirugarrenera, lo egin... Hurrengo egunean 7.500 metroko tontorra egiteko asmoa geunkan baina eguraldiak ez euskun bape lagundu. Haizeak ikaragarrizko indarra eukan, dendatik atara eta soka bat atrapau behar izan neban, bestela akabo. Oinarrizko kanpamentura bajau eta ikusten genduan oxigeno barik egiteko aukerea gero eta eskasagoa zala.
Bestalde, espedizino komertzialak antolatzen zituenakaz berbetan egon ginan eta esan euskuen aurten oso gatxa zala oxigeno barik egitea, jente lar egoalako eta tontorra egiterakoan jentea pilatu eta ordu erdiz itxaron behar izan ezkero, oxigeno barik itxaronaldi hori oso arriskutsua izango litzatekelako.
Eta pisuzko beste arrazoi bat aspaldiko lagun Uwe Gianni Goltz suitzarrari jazotakoa zan, oxigeno barik tontorra egin ostean laugarren kanpamentuan hil zala. Hori ikusita, oxigeno barik egitea arriskutsua zala pentsau genduan.
6.- Helburuak bitarteko guztiak justifiketan ditu?
Helburua amesa da, saiatu ezkero tontor barik eta kongelazinoakaz etortea porrot itzela izango litzateke. Zeozer larriagoa pasau eta ez bagatoz, porrot handiagoa, noski. Orduan, pentsau genduan: frakaso txikiena oxigenoaren erronkea ez betetea izango litzateke baina, behintzat, tontorra egitea. Jakin bagenkian babesleek eta laguntzaileek tontorra gura ebela eta azkenean erabagi genduan tontorra egitera joan ginala eta 'pekatu' txikia egin laugarrenetik tontorrera oxigenoagaz joatea.
7.- Jordi Estanyol izan dozu bidaide. Gatxa da alkarbizitzea mendian? Eta erabagiak alkarregaz hartzea?
Bai, polita da, baina gatxa, gogorra, erabagiak hartzea oso gogorra da. Itxaroten egon behar izan ginan egun hareek izan ziran gogorrenak; ni oso hotza nintzan, itxaroteko agindua geunkan, itxaron egin behar zan eta kitto. Baina Jordik txarto pasau zituan egun hareek.
Bestela, oso ondo. Hamar urteko 'bikotea' gara eta ondo ezagutzen dogu alkar. Lehenengo zortzimilakoa izan da berarentzat eta nahiko larri ibili da, makalik. Ez dot inoiz hain kantsauta ikusi eta ez nekian nondik urtengo eban. Baina nik banekian Jordik ura eta jatekoa hartu ezkero, urtengo ebala. Tontorra egin eta beherako bidean, hirugarren kanpamentura bajau nintzan ni bakarrik eta handik ebilen gizon bati ura eskatu neutsan laguna oso txarto etorrela esan ostean... Ura hartu ebanean berpiztu egin zan eta, egia esan, ni bai larritu nintzan.
8.- Goi mailako mendizaletasuna eta heriotzea, zoritxarrez, eskutik oratuta doaz eta horren erakusle da zuek Everesten magalean egon zinienean Annapurnan jazotako ezbeharra. Zelan enterau zinien? Zer sentidu zenduen?
Deseginda bajau ginan tontorretik eta, aldi berean, pozik. Baina oinarrizko kanpamentura ailegau ginan egun berean enterau ginan. Nik hasieran ez neban sinistu, Iñaki lako Himalayista batek egoera horretatik urteteko esperientzia eukalako. Baina ezetz esan eustienean, sinistu ezinik geratzen zara, maila altuko mendizaletasuna ez dala erraza eta beti arriskuan ibilten garala jakin arren.
9.- Iñaki Otxoa de Olza gaixotu zanean, hainbat mendizale mobilizau ziran erreskate-lanei ekiteko. Zenbaterainoko garrantzia hartzen dau adiskidetasunak espedizinoetan?
Nik argi neukan Jordi txarto jarri ezkero ni bertan egongo nintzala. Ez neukan besterik. Jesarten zan bakotxean ni be jesarri egiten nintzan, animau egiten neban... Ez eustan kasurik egiten eta barriro hasten nintzan azalpenak emoten eta animetan. Baina sokearen erdian barriro jesarten zan eta barriro hasi behar nintzan, ume txikitxuei moduan, azalpenakaz eta animoakaz. Argi neukan ez nebala Jordi han itxiko inondik inora. Berak be gauza berbera egingo eban nigaitik, seguru nago, duda barik. Mendian, bikotea zure parte bat da eta zure lana, momentu horretan, horixe da. Nik esaten neutsan: Jordi, hau bion lana da eta ondo amaitu behar dogu. Buruagaz baietz egin eta altzau ostean, ordu erdira, barriro errepetidu behar neutsan gauza bera ze jesarri egiten zan. Baina, zorionez, dana joan zan ondo.
10.- Zeren bila zoaz mendira? Naturearen bila, zure egoa elikatzera...
Ez dakit zeren bila noan. Topau bai, zer topetan dodan badakit. Orain arte topau dodana lasaitasuna izan da, Cho Oyuko puntan sentidu nebana, bakea eta askatasuna. Baina ez dakit horren bila noan ala ez.
Beste batzutan, gauza handi bat egin dodala sentidu dot, gauza handia niretzako, ez jenteari begira. Eta horrek beteten nau.
Oso gauza sinpleak topetan dodaz, ahalegin baten osteko frutua edo saria. Momentu magikoak bizi dira han goian.
11.- Everesten, baina, lasaitasunik ez zan izango...
Ez. Ganera oso kantsauta ailegau nintzan, ezin arnasik hartu eta jente piloa egoan puntan, Kordobakoak, hiruzpalau sherpa... Bakardaderik eta isiltasunik ez neban bizi. Gero, Jordi ailegau zanean, larri imini nintzan ze bajau egin behar genduan eta hori be arriskutsua zan.
12.- Nor edo zer etorri jatzun burura lehenengo? Zenbat denpora egon zinien han eta zer egiten?
Nire ilusinoa tontorretik etxera deitzea zan eta egin neban, emazteari eta Jaume lagunari deitu neutsien.
Ordubete baino gehiago egon ginan han goian. Hasieran, Jordi etorri arte, itxaroten. Gero, Jordi ez zan luzaroan egon goian, txarto egoala konturatu zalako. Hiru lagun geratu ginan, ia ordu bi, saltoka, zarataka, argazkiak ataraten... Zerura begira, inguruetara begira...
13.- Zelakoa da isiltasuna zortzi mila metrotik gora, horrenbeste mobimentugaz isiltasunik bada? Eta gauak, zelakoak dira gauak?
Isiltasuna Cho Oyun sentidu neban. Belarrian zeozer arraroa sentiduten zan, nire pausuak izotzean baino ez. Momentu magikoa izan zan ha, bakarrik sentidutea. Bake berezia sentidu neban eta libre sentidu nintzan, 'orain naz benetan izan gura dodana'.
Gauak, Everesten, oso gogorrak dira ze glaziar baten ganean egiten dozu lo eta glaziarra asko mobiduten da, zarataka dabil eten barik. Lo bazagoz be, zaratek izartu egiten zaitue. Edur-jausiak be entzuten dira eta adi-adi egon behar zara. Hori bai, zerua gauez zoragarria da, izar piloa ikusten ziran. Gauak oso politak dira Everesten.
14.- Abentura guztia blog batean kontau dozue eta, horri esker, familia, lagunak edota bestelakoak hurragotik bizi izan dabe espedizinoa. Halanda be, eurak dira, akaso, txarren pasetan dabenak. Berba batzuk merezidu ditue...
Jakin badakit bestelako tentsinoa biziten dala hemen. Egia da, aurten, satelite bidezko telefonoari esker astean hirutan edo lautan egin izan dogula berba familiagaz eta hurrekotasun hori sentidutea zoragarria da. Baina Iñakiren kontuagaz eta bestelakoakaz, jenteak asko sufridu dau eta bai igarri dogu ardura handiagoa.
Beti saiatzen gara ingurua kontroletan hurrekoak trankil egon daitezan eta lortu dogu.
15.- Mendian bizitakoak poesia bihurtzen abila zara. Idazteko astirik, gogorik edota inspirazinorik izan dozu?
Blogean idatzitakoaz gan, nire egunerokoa eroan dot eta bai, inoiz baino gitxiago idatzi arren, zeozer bai egin dot. Horregaz, batez be, ez dot ezer berezirik egingo. Everest mendiaren ganean zeozer hasita izan dot eta ha amaitu behar neuke baina oso alperra naz horretarako.
16.- Zein izango da Juanra Madariagaren hurrengo abenturea?
Buruan ez daukat beste zortzimilako bat egitea epe laburrean. Datorren urtean, behintzat, ez dot uste. Jaume lagun katalanak dino 2010ean Shisha Pangma egin behar dogula. Ez dakit. Mendi hori gustetan jat, ingurua polita da eta, akaso, bai.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!