Ikastaro bat antolatu dabe Shanghain euskal enpresek Txinan dituen aukerak sustatzeko
2008-06-06 14:33 Euskaldunak munduanIkastaro hau CEIBSek eta Euskadik (Eusko Jaurlaritzeak SPRI eta Orkestraren bidez) Lehiakortasunaren Euskal Katedra abian jarteko sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da.
Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Soziedadeak (SPRI), Orkestra Lehiakortasunaren Euskal Institutuak eta CEIBSek (China Europe International Business School) ‘Being Competitive in/from China’ (Lehiakorra izatea Txinan eta Txinatik) ikastaroa antolatu dabe. Ikastaroa Shanghain egingo da bagilaren 21etik 26ra bitartean.
Ikastaro hau CEIBSek eta Euskadik (Eusko Jaurlaritzeak SPRI eta Orkestraren bidez) Lehiakortasunaren Euskal Katedra abian jarteko sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da. Katedra hori joan dan urtean abian jarri zan Txinako eta EAEko ekonomian interesa agertu eben enpresaburuei lehiakortasunagaz lotutako esperientzia globalak eta ezagutzak eskaintzeko eta euren arteko hartu-emonak sendotzeko.
Ikastaroaren antolatzaileek azaldu dabenez, lankidetza horren ondorioa da lehen esperientzia hau. Ikastaroa neurrira antolatu da Txinan dagozan edota Txinan interesak dituen euskal enpresa eta enpresaburuentzat eta Shanghain emongo da.
‘Gatxa da Txinako merkatuan sartzeko erabagia hartzea eta hain konplexua dan merkatuan aritzea; holan beraz, EAEko enpresei arrakastea lortzen laguntzeko, ikastaro honetan merkatuak eskaintzen dituan aukera eta erronkak aztertuko doguz, beti be estrategia lehiakor arrakastatsu baten premisei jarraituz’, adierazo dabe.
Horretarako, ahalik eta gehien aprobetxauko dira MCC Taldea, Gestamp, Gamesa eta Vicinay lako enpresen esperientziak, baita mundu mailako praktika onenak eta erreferentziak be.
Txinako merkatuan sartzeko erabagia modu estrategikoan hartzeko, ikastaroak ondorengo informazinoa eskainiko deutse parte-hartzaileei: Txinako merkatuaren lehiakortasuna erraz aztertzeko kontzeptu eta tresnak; Txinako merkatuan modu azkarrago batean sartzeko hartu-emon instituzionalak; Txinan dagozan euskal enpresakaz hartu-emonetan jarteko sareak. Horreei esker euskal enpresek Txinako merkatuan sartzerakoan izan dituen esperientziak ezagutuko dira.
Ikastaroa hiru ardatzetan oinarrituko da: lehiakortasunari buruzko oinarrizko ezagutzak; Txinan kokatzeko eta negozioak egiteko moduak; Txinan dagozan euskal enpresa eta erakundeen esperientzia. Ikastaroaren helburua da urtero eguneratuko dan txosten bat preparetea Txinan dagozan euskal enpresen errealidadea aztertzeko, 100dik gora euskal enpresa baitagoz han.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!