Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketea: 25. urteurreneko finala

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2008-06-06 14:00   Bertsolaritzea

Hamalau urterartekoetan, Nerea Ibarzabal markinarra izan zan txapelduna eta Malen Amenabar txapeldunorde. Hamazortzi urterartekoetan, barriz, Jone Uria algortarra izan da aurtengo txapelduna, puntu bateko aldeagaz Miren Amurizaren aurretik.

Atzo goizean, hamaikak pasautxo zirala, hasi zan Bizkaiko Ikastolen Elkarteak antolatutako Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketea Indautxuko El Carmen aretoan. Urtero legez, jesarlekuak gaztez eta ez hain gaztez bete-beteta egozan Bizkaiko bertsolaritzearen euskarri barriak entzuteko. Txapelketa honen 25. urteurrena izan da aurtengoa eta merezidu eban moduko finala euki dau.


14 urtera artekoak

Gaztetxuenek emon eutsien hasierea finalari. Ordena honetan urten eben oholtza gainera: Sarai Goitia lekeitiarra, Malen Amenabar larrabetzuarra, Beñat Iturbe zornotzarra, Nerea Ibarzabal markinarra, Josune Aramendi markinarra eta Maria Gorriño zornotzarra. Danak be saio polita egin eben, jentearen eretxietan argi igarten zan hori. Nigaitik balitz bertso guztiak, bai gaztetxuenenak eta bai gazteenak, banan-banan jarriko neukez baina honelakoetan ezinezkoa izaten da.

Egin beharreko lana oinakaz zortziko txikerrean bertso bat osotutea, gai bat emonda gura eben neurri eta doinuan bertsoa pentsau ahala kantetan urtetea eta zortziko txikerrean ofizioka bertso bina kantetea izan ziran. Ariketa horreetatik puntu gehien batu zituen lehenengo bertsolari biek zortziko handian ofizioka bertso bina kantau behar izan zituen.

Hona hemen Nerea Ibarzabalen hasierako gaiaren inguruko bertsoa. Nereak urteak daroaz euskal-dantzak ikasten. Gaur baina, maite dauenaren aurrean dantzatu beharko dau aurreskua:

Euskal dantzetan hasi nintzen behin
proba txiki bat bezela
ta ikusi dot dantza guztiak
nire bizitza direla
bere aurrean dantza eitea
jakin ohore bat dela
baina badakit dantza barik be
asko maiteko nauela.

Esan lei gaztetxuen finalean hirukote bat beste guztiak baino puntutxu bat gorago egon zala. Nerea Ibarzabal bera, Malen Amenabar eta Josune Aramendi fin eta seguru ibili ziran. Nerea eta Malen pasau ziran azken fasera. Buruz burukoan, zortziko handian egindako ofizioa aitagarria da. Malenek ingelesa hobetzen pasau gura dau udea. Nereak, ostera, hondartzan egotea gurago dau.

Malen:

Hementxe gabiz aukeratuten
zer egin guk udarako
ta ezin gara etxean lotu
zeuzer aukera beharko
hondartza hortan hare artean
aspertu azkenerako
onena dogu inglesa eitea
gure etorkizunerako

Nerea:

Irakasleek ta azterketek
egiten didate kalte
ta ikasteko ideia hoiek
apurtu egiten naute
nik beste ezer ez dot egingo
deskantsatzeaz aparte
ta libururik ez dot golpe nahi
datorren iraila arte.

Malenek hurrengo bertsoan gura dauena egiteko esaten deutso Nereari eta honek bere ingeleseko maistra lez ikusten dau Malen hurrengo urterako. Puntu guztiak batuta, Nerea Ibarzabal bigarrenez txapeldun izan zan eta Malen Amenabar bigarren, besteak beste, bere kantakera zuzen eta bizkorrari eskerrak.


18 urtera artekoak

Hamabost urtetik 18ra artekoetan, barriz, burruka gogorra egon zan edozein postu lortzeko. Miren Amuriza berriztarra, Imanol Uria algortarra, Irati Erkizia bilbotarra, Jone Uria algortarra, Aitor Beitia bermeotarra, Peio Ormazabal arrigorriagatarra, Xabier Iturraspe lekeitiarra eta Maialen Markaida berangotarra ibili ziran kantari. Txapelaren atzetik baina, saio guztian hurren ibili ziranak Jone Uria, Miren Amuriza eta Xabier Iturraspe izan ziran, Peio Ormazabal be inguruan ebilela.

Bertsolariek egin beharrekoak hurrengoak izan ziran: gai baten gainean bertso bat, zortziko handian ofizioka hiruna bertso eta zortziko txikerrean hiruna bertso kantetea. Puntu gehien eskuratu zituen biak buruz burukora pasau ziran zortziko handian ofizioka egiteko lehenengo, puntuari erantzuna bigarren eta bakarrekoan bakotxak bertso bat kantetako azkenik.

Hona hemen Miren Amurizaren saioko lehenengo bertsoa. Miren urte bi eukazala ikastolan hasi zan. Urteak pasau eta gero, gaur bere azken eguna da ikastolan:

Ondotxo dakit, jolas soilekin
zenbat ikasi leiteken
ez da erreza ibilbide hau
lau berbarekin esaten
ikastolatik abiatuta
mundu zabalera urten
nahiz eta nire azken agurra
luzatu deutsudan aurten
egunen baten itzuliko naz
seme-alabak ekarten.

Zortziko handiko ofizioan entzun genduan bertsorik hunkigarriena. Xabier Iturraspek hau kantau eutson Maialen Markaidari, euren bien amama bisitetan gitxi joaten dan arrebeari:

Amuma Enkarna zahar-etxean
ez dago bape gustura
eta gainera nahiko hurbil dauko
bizitza honen helmuga
baina mailalen zuri kontu hau
antza etxatzu ardura
zaindu ein bear dogu berak txikitan
gugaz ein eban modura

Buruz burukora Miren Amuriza eta Jone Uria pasau ziran. Ofizioka biak be ederto egin eta gero, kartzelakoan puntuari seguru erantzun eutsien. Bakarreko gaian barriz, aspaldian ames bera izaten dauenaren ahotik kantau eben. Hona hemen Joneren azken bertsoa:

Denbora luzez mutil eder bat
izanda nik lagun hurko
aitortu diot: “maitatzen zaitut,
beti izan zaitut gustuko”
berak esan dit berak ni ere
sentitu ohi nau gertuko
eta esan dit sekula ere
ez nauela ahaztuko
nik esperantza badut oraindik
ta ez dut inoiz galduko
egunen baten hau bizi eta
ez naizela esnatuko.

Egiteko guztiak eginda, Jone Uria izan da aurtengo txapelduna, puntu bateko aldeagaz Miren Amurizaren aurretik. Saio sano ona egin eben bertsolariek eta horren neurrian gozau genduan entzuleok.

25. urteurrenean, Juanjo Respaldizaren gidaritzapean, euskal kulturako hainbat ordezkari egon ziran saioan. Jon Lopategik be, beharrezkoa dan bertsozaletasunaren aldeko bertsoa kantau eban.

Hogeita bost urteen inguruko oroitzapen ekitaldian, hasieratik gaur arteko bidean mugarri izan diranak gogoratu eta txapelketearen antolakuntzan laguntzaile izan diranak aintzat hartu zituen. Bertan egon ziran Astileku ikastolako ikasleak, bertsotan hasi barri-barriak; Iñigo Ibarra antzerkilaria, agertokietan 'Ander Lipus' izenagaz dabilena, bera izan baitzan txapelketa honetan lehenengo parte-hartzaileetariko bat, orain dala 25 urte; Xabier Payá bertsolaria, hainbatetan txapeldun umeen eta gazteen mailan, eta gaurko egunean Bizkaiko txapeldun nagusi; eta han egoan Jon Lopategi bertsolari-irakaslea, hasiera urteetako eragile nagusi izan zana. Erakundeen artean Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko udala, Euskaltzaindia, Gipuzkoako Ikastolen Alkartea eta Bizkaiko Bertsozale Alkartea izan ziran bertan.

Ekitaldiaren ostean, lagunarteko bazkari galanta egoan antolatuta. Txapelketa honetatik pasau diran asko eta asko batu ziran bertan. Gogoan eukiteko moduko egun bat izan zan.

Beste barik, zorionak guztiei eta hurrengo urtera arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu