Joko Olinpikoetako gida polemikoa

Zigor Aldama Shanghai 2008-06-04 12:25   Bidaide

Txinak kanpotarrei zuzendutako testua argitaratu dau olinpiadatan galarazota izango dituezan gauzak zehaztuz.

Zorioneko gida horretan ez dozue topauko Pekineko leku turistikoen barri, ezta instalazino olinpikoen kokapenari buruzko informazinorik be. Asteon Txinako gobernuak argitaratu dauen gida berezia da. Olinpiadatara hurreratuko diranen jakinmina asetzeko moduko testua ei da, zehatz esateko bisitarien 57 galdera edota burukomini erantzuteko gidea. Kontua da ze, askorentzat iraingarria dala liburua. Beste ohar eta gomendio batzuen artean, kanpotarrei ohartarazoten jake herrialdeko legeria zorrotz bete behar dabela eta, beraz, galarazota dagozala kanpotarrenak bakarrik ei diran jokabide eta ohiturak, horreetako asko aspaldi txinatarren jokabide bihurtu diran arren, besteak beste, kalean zehar mozkortuta ibiltea, lagun hurkoak iraintzea edota kalean eta eraikin publikoetan lo egitea.

Dana dala, gidaren oinarrian kirats politikoa dago. Kanpotarrei galarazotako gauzen zerrendan Pekineko gobernuaren nagusikeria atzemoten da eta gurean holakoak argitaratzeaz bat sekulako anabasea sortuko litzateke oinarrizko giza eskubideen kontrakotzat hartuko litzatekezalako, besteak beste, manifestazinoak egiteko debekua, eslogan politiko eta arrazisten debekua eta herrialdean Txinaren interesen kontrako idatzizko testuak zein euskarri digitalean argitaratutakoak sartzeko debekua.

Era berean, gidan argitaratutakoakaz jarraituz, bisitariek errespetua adierazo behar deutse ereserkiari eta bandereari, nahitaez bisitariek pasaportea aldean eroan beharko dabe beti eta etxe partikularren batean ostatu hartzeko asmorik izan ezkero, Txinan sartu eta 24 orduko epean polizian izena emotea be derrigorra izango da. Hori gitxi ez balitz, bisitariek onartu eta ziurtatu egin behar dabe herrialdean zehar ez dirala bisitan ibiliko. Nazinoarteko batzorde Olinpikoak oraindino ez dau testuaren gaineko balorazino ofizialik egin baina apirileak, berbaldi batean argi egin eban berba batzorde horretako buru Jacques Rogge jn.ak: ‘norberaren eretxiak adierazotea, adierazpen askatasuna oinarrizko giza eskubidea da eta, beraz, arautegi olinpikoan holako klausulea jartea zentzunik bakoa da’.

Kontuak kontu, 2001ean Pekin izentau ebenean XXIX, Olinpiadak antolatzeko, Txinako gobernuak berbea emon eban lurralde osoan Giza Eskubideak betearazoteko; zoritxarrez, emondako berbea hankaz gora geratu zan Tibeten pasa dan martian izan ziran protestak tarteko. Orain arteko olinpiadatan egin bada be, aurten ez da publiko egin Txinaren eta Nazinoarteko batzorde Olinpikoaren arteko hitzarmena eta hori sano adierazgarria da. Nicholas Bequelin, Hong Kongen Human Rights Watch erakundeko arduradunak New York Times egunkarian argitaratutrako alkarrizketan ondokoa adierazo eban: ‘Murrizketa politiko eta erlijiosoei jagokenez, Pekinek muga-mugaraino eroan dau arautegi olinpikoaren intrepretazinoa’.

Txinako uriburuan, datorren abuztuaren 8an hasiko diran Joko Olinpikoetako antolatzaileek ‘hooligans’ basatiei ateak zarratu gura deutsez. Esangura horretan, gida berezian argi adierazota dago kirol jarduera guztietan epaile edota arbitroen kontrako erasoak galarazota dagozala eta horregaz batera, kirol proba guztietan normaltasuna nagusitu daiten bengala, suziri eta antzekorik be ezin izango da erabili. Jakina, aginduok zorrotz bete ezean zigorrak eta isunak iragarri ditue.

Edozelan be, Txinan bizi diran kanpotarrentzat iraingarriena testura argi-argiak diran eta, beraz, zehaztu beharrik be ez dagoan atal batzuk batzea izan da, berbarako, Txinaren ohiko bizimodua eta gizartea bera arriskuan jar leikien erakunde terrorista zein bestelako taldeetako persona susmagarriei Herrialdean sartzea galarazoteari buruzkoa. Ikusitakoak ikusita, Amnesty International edota Greenpeace erakundeetako karneta etxean ixtea komeniduko da...

Era berean, ‘Ez dira ondo etorriak izango droga eta personakaz trafiketan dabenak edota prostituzinoan jarduteko amesagaz etor daitekezanak’. Era berean, ‘buruko gatxa edo sexu-hartu-emonen bidez kutsa daitekezan gatxak dituenak be galarazota dabe Txinan sartzea’. Gaiaren harian, Txinako foro batzuetan nazionalidade desbardinetako deserriratuen galderak zabaldu dira, berbarako, ardura nagusienetakoa da ia Joko Olinpikoak pasau ostean, ‘gizatxar’ horreek onartuko dituezan ala ez eta leporatutako ‘delituak’ kanpotarrei bakarrik leporatuko deutsiezan ala ez. Txinatarren erantzuna da Jokuak eurenak dirala eta badala ordua Txinak berari egoki begitantzen jakozan arauak ezartzeko. Duda barik, gaia pil-pilean dago.

Plemika hau ez da bakarra izan ze orain hilebete batzuk txinako agintariek bisa agirien murrizketeari ekin eutsen. Gain honi buruzko informazino lar ez da zabaldu baina bidaia agentzia batzuen esanetan, sarrera anitzeko baimenik ez da emon aspaldian eta bisa normal bat eskuratzeko zailtasunak be inoizkorik handienak dira. Ganera, gobernuak oraintsu esan dau Joko Olinpikoetarako sarrerak erosita be ez dala bisa errazago lortuko.

Joko Olinpikoak antolatzeko Pekin izentau ebenetik, kritikak bata bestearen atzetik etorri dira. Giza Eskubideen aldeko erakundek erregimen komunistearen egoskorkeria edo itxikeria salatu dabe eta Txinak, barriz, politikeagaz nahastautako protesta mueta guztiak kontrolau gura ditu Jokuen eta herrialdearen beraren irudia ez kaltetzeko. Egunotan argitaratutako gidak protesta eta salaketa giroa suspertu baino ez dau egin baina ez arduratu, oraingoz txineraz bainoe zin daiteke irakurri. Harrigarria baina egia santua.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu