Iruñean be ‘Euskaraz bai’!

Bizkaie! 2008-06-03 18:22   Euskerea berbagai

Euskalgintzako ordezkariak, politikoak, kultura munduko eragileak… batu dira Iruñeko Maisonnave Hotelean Kontseiluaren 'Euskaraz bai' lelo barriaren eta izen bereko erakusketa ibiltariaren aurkezpenean.

Euskalgintzako ordezkariak, politikoak, kultura munduko eragileak… batu dira Iruñeko Maisonnave Hotelean Kontseiluaren 'Euskaraz bai' lelo barriaren eta izen bereko erakusketa ibiltariaren aurkezpenean. Erakusketea Iruñeko Auzoenea alkartean (Aldapa kaleko 3. zenbakian) izango da bagilaren 2tik 6ra arte eta, aldi berean, ‘Euskeraz bai’ astea be ospatuko da.

Kontseiluak azpimarratu dauen legez, euskerearen normalizazinoan aurrera egiten jarraitzea da ekimenaren helburua, izan be, hasierako ‘Bai euskarari’ leloaren ondorengoa da ‘Euskaraz bai’. 'Orain aurrerapausu bat emon behar dogu euskerearen normalizazinoan, ‘euskaraz bai’ egitea, hain zuzen; ez da nahikoa euskerearen aldekoa izatea, euskereak hiztunak behar ditu eta', azaldu dau Kontseiluko buru Xabier Mendigurenek.

‘Euskaraz bai’ lelo barriari babesa adierazo gura izan ezkero, www.kontseilua.org/euskarazbai helbidera jo.


Erakusketea

Panelek, argazkiek, ordenagailu bidezko aurkezpenek eta ikus-entzunezkoek osotzen dabe Kontseiluaren erakusketea. 'Baigorrin hasi zan erakusketea eta Tolosa, Santurtzi edo Amurrio lako herrietatik pasau ostean, Iruñeara ailegau da', adierazo dau Kontseiluko ‘Euskaraz bai’ dinamika herrietan proiektuaren teknikari Maite Indak. Erakusketearen bidez Kontseiluak ze lan egiten dauen azaldu gura deutsie herritarrei.

Erakusketeagaz batera, ‘Euskaraz bai’ astea antolatuko da. 'Euskerearen inguruko berbaldiak, antzerkiak, kontzertuak, kirol-lehiaketak, graffiti-erakusketak… antolatu ditue erakusketea izango dan herrietan', azaldu dau Indak. Iruñeako kasuan, euskalgintzako ordezkari Kalen Astizek emon dau egitarauaren barri eta hona hemen:

Bagilak 3, martitzena: Langileen eguna. 20:30etan Zabaldin, hizkuntza-eskubideen tailerra, Behatokiak eskainita (Behatokiko zuzendari Paul Bilbaoren eskutik).

Bagilak 4, eguaztena: Hezkuntzearen eguna. Iruñerriko auzo eta herrietan aldi berean izango dira bertso-saioak, iluntzeko 20:00etan.

Bagilak 5, eguena: Gizarte eragileen eguna. Euskaraz bai adierazpenaren grabazinoa Auzoenean.

Bagilak 6, barikua: Eragile kulturalen eguna. Jaia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu