Lorenzo Portillo: ‘produzidu asko egiten da baina irakurri, barriz, gitxi’
2008-06-03 15:42 BarriketanBilboko XXXVIII. Liburu Azokea zabalik dogu bagilaren 8ra arte Bilboko Arenalean eta aurten be milaka lagun espero ditue antolatzaileek. Liburugintzan, azken barrikuntzak ez eze, klasikoak be % 10eko beherapenagaz eskuratzeko eta liburuen munduagaz lotutako bestelako ekitaldiakaz gozetako aukerea dago.
Azokeagaz batera kaleratu ditue 2006ko euskerazko argitalpenei zein produkzinoari buruzko datuak eta, era berean, igazko irakurketa ohitura eta jokeren gainekoak. Datuen saltsa horretan ez galtzeko Lorenzo Portillo, Euskadiko Liburu Ganbarako buruari eta Argitaratzaileen Alkarteko presidenteordeari eskatu deutsaguz argibideak.
1.- Oro har, liburu azoketara hurreratzen dan jentetza handiak izaten dau eraginik salmenta eta irakurketa indizeetan?
Bai. Salbuespenak salbuespen, azokatan salmenta mailea polita izaten baina irakurketearena beste kontu bat da. Produzidu asko egiten da, eskaintza zabala dago baina irakurri, gitxi irakurten dogu.
Aurten 22 liburu azoka antolatuko doguz EAEn eta helburua argia da, ahalik eta jente gehien erakartea liburuen mundura. Liburu azokak leku publikoetan, jente mobimentu handia dagoan lekuetan egiten doguz jentea ‘atrapetako’ asmoz eta jenteak liburuetara hurreratzeko izan leikezan atxakiak indarbakotzeko. Pentsaizu, goizean goizetik jagiten garanean, burukomin edo ardura nagusienak beharrera joatea edo erosketak egitea izan daitekez; normalean liburu bat erostea ez da izaten gehienon ardurea eta, beraz, irakurleari erraztasunak emon behar jakoz. Azokatan danontzako gusto eta intereseko liburuak dagoz.
2.- Urtetik urtera gora doa euskerazko liburuen argitarapena. 2006ko datuetan be jokera hori ikusten da ala badago gorabeherarik?
2004an eta 2005ean edizinoaren jokerea beti izan da goranzkoa baina 2006ko datuetan beherakadea atzemoten da. Editautako tituluetan (2004an 1584 izan ziran, 2005ean 1616 eta 2006an, barriz, 1467) beheranzko jokerea izan da (% 9,2). Editautako aleak be gitxiago izan dira baina ale bakotxaren batez besteko tiradan igoerea izan da (184 ale titulu bakotxeko).
Kontuak kontu, EAEko argitaletxe pribaduek (67) 34,78 miloe euro fakturau zituen, aurreko bi urteetan baino gehiago.
3.- Gure mugetatik kanpoko edizinoari buruz zer esan daiteke?
Normala dan legez, euskal produkzino handiena berton dogu baina Nafarroan, Iparralden eta beste erkidego batzuetan be editetan da euskeraz, gehienbat testuliburuak.
EAEn euskal liburuen % 78,9 argitaratzen da; Nafarroan, % 2,6; Iparralden % 0,8 eta ganerako erkidegoetan % 9,6. Edizino publikoa, barriz, % 8koa da.
4.- Testuliburuen produkzinoa kolokoan dagoala esan dau liburuaren sektoreak eta mailegutza sistemeak euskerazko kultur industriaren biziraupena kolokan jarten dauela. Datuek zer erakusten dabe? Zein da zure eretxia? Dobakotasun sistemea ezarri beharko litzateke?
Mailegutza sistemearen kontzeptua bera oker erabilten da, izan be, ez dago benetako mailegutzarik. Gobernuak ‘mailegutzan’ emoten ditu liburuak baina gurasoek kostuaren % 25 pagau ostean. Hurrengo urtean liburu horreek beste ume batek jasoko ditu haren gurasoek pagau ostean. Non dago ba mailegutzea? Non dago dobakotasuna? Kontua da ze, sistema honegaz argitaletxeen galerea sekulakoa dala; aurreikuspenen arabera, testuliburu bat amortizetako laupabost urte behar izaten dira eta, jakina, liburuak birziklatzeko sistema honegaz amortizazinoa 10-12 bat urtera joango da. Nork editauko dau, etekinik emongo ez dauen libururik? Argitaletxe handiek baino ezin izango deutse eutsi horri.
Horrezaz ganera, bestelako arazo batzuk dagoz, urteetan liburu bera erabiliz, edukietan izan daitekezan aldaketak jasoteko modurik ez dalako izango eta sortzaileek eurek be lan arazoak izango dituelako. Era berean, liburu saltzaile eta banatzaileek be nabarmen igarriko dabe krisia. Horrezaz gan, liburu zaharren aurrean, irakurketarako eta ikasketetarako ilusinorik eta gogorik eza sor daiteke umeen artean.
Sistema horrek ez dauka hankarik ezta bururik be, izan be, zentruek eurek egin behar dabe administrazino beharra: liburuak sailkatu, ondo dagozan ala ez ikusi, banatu, jaso... Zentruak eduketako dagoz eta ez holako behar eta erantzukizunak hartzeko.
Ikusitakoak ikusita, Hezkuntza Sailak ezarritako sistema hori kulturearen euskal planaren kontrako eraso zuzena dala pentsetan dogu, kaltetuak argitaratzaile, liburu saltzaile, banatzaile, erabiltzaile eta sortzaileak eurak izango diralako. Gu benetako dobakotasunaren alde gagoz eta hori lortzeko badagoz bideak, berbarako, liburu-txekearen aukerea zabaltzea edota liburuen erosketea errenta autorpenean deduziduteko aukerea emotea.
5.- Deustuko Aisiazko Ikaskuntzen Institutuak egindako ikerketa baten arabera, euskeraz argitaratzen dan 4 liburutik 1 testuliburua da eta erosten diran liburuen % 25 testuliburuek osotzen dabe. Mimo handiz zaindu beharreko sektorea da...
Aitatu dozun ikerketea bat dator gure susmo eta kritikakaz, izan be, esan deutsudan legez, sistema horrek kalte handiak eragingo ditu.
Galdereari edo zure iruzkinari erantzunez, jakina, testuliburugintzan dabilzan argitaletxeak sano garrantzitsuak dira, negoziotik aparte eta izan daitekezan etekinak gorabehera, gure seme-alaben hezkuntzea dagoalako jokuan.
6.- Produkzinoa da gauza bat eta irakurketea beste bat. 2001etik 2005era 10 puntu hazi zan sekula irakurten ez dabenen indizea, % 26,6raino. Kontraesan handia dago, ezta?
Ez, kontraesanik ez dago. Lehen be esan deutsut, asko produziduten da eta irakurri, barriz, gitxi.
Estadu espainiarrean 2006an 68.930 titulu argitaratu ziran eta horrek esan gura dau egunean 189 argitaratu dirala. Produkzinoari jagokonez, mundu mailan, Espainia bosgarren postuan dago eta irakurketa indizeetan, ostera, Europako batez bestekoan gagoz, gitxi gorabehera.
Liburu azoken helburua ez da liburuak saltzea bakarrik, irakurketea suspertzea be bada asmoa baina badakigu, esangura horretan guk baino gehiago administrazinoak egin leikela sentsibilizazino kanpaina eta enparauen bitartez.
7.- Euskal herritarren % 52,2 da ohiko irakurlea. Horreetatik % 3,1ek baino ez dau euskeraz irakurten. Irakurle diranek, batez beste, zortzi liburu irakurten ditue urtean. Zelan baloretan dozuz datuok?
Datu barriei erreparauta, EAEn, hamalau urtetik gorakoen artean % 52,7 da ohiko irakurleen portzentajea. Era berean, Gaztelania da irakurketarako ohiko hizkuntzea (% 95,4) eta euskeraz irakurten dabenena, barriz, 4,2koa. Edozelan be, euskerea ohiko hizkuntzatzat eta aldian aldiko hizkuntzatzat ez dabenen artean, % 26,7k dino gai dala euskeraz irakurteko hiztegiaren beharrizanik barik. Beraz, Euskadiko irakurleen % 52,6 euskeraz irakurten edo irakurteko gai dala ondorioztau daiteke.
Irakurle diranek, urtero 9 liburu irakurten dituela agiri da 2006ko datuetan, hor be badago igoerea.
8.- Oraintsu gehien irakurten daben erkidegoen artean, 4. postuan egoan EAE Madril, Nafarroa eta Errioxaren atzetik. 2007ko datuetan zer azpimarra daiteke?
Gorabeherarik ez dago. Europa erreferentziatzat hartuta, batez bestekoaren gainetik edo hortxe bueltan gabilzala esan daiteke.
9.- Euskal editoreak euskarri digitalaren etorkizuna aztertzen dabilz. Papela desagertuko ete da?
Papela ez dala sekula desagertuko uste dot. Gaur egun, papelean eta digitalean argitaratzen daben idalzeak badagoz egon eta bihar-etzi, edizino batzuk digitalean izango dirala esango neuke, beste batzuk papelean eta bietara be bai, segurutik. Oraingoz, nik ez daukat bildurrik. Premina nagusia, gaur egun, irakurketea suspertzea da.
E-book edota liburu elektronikoak ondo dagoz baina papelaren, liburu klasikoaren magia gainditzerik ez dago, papela ukutzea, usaintzea, atzera eta aurrera egiteko erraztasuna, marrazkiak, liburuen azala... Liburuak begietatik sartzen jakuz eta liburu elektronikoak ez dodaz hain erakaragrri ikusten...
10.- Bilboko XXXVIII. Liburu Azokan zer erosiko dauen erabagi dau Lorenzok? Zenbat liburu irakurten dozuz urtean?
Liburuaren egunean be, apirilean, erosi nituan batzuk baina Bilbon be seguru zeozer erosiko dodala, berbarako, Ken Folleten barriena, ‘Un mundo sin fin’. Irakurle amorratua naz. Urtean irakurritako liburuen kopurutik, batez bestekotik gora nabil, aldi berean, pare bat liburu irakurtea gustetan jat, bat arinagoa eta beste bat, ‘astunagoa’, dedikazinoa eta atentzino handiagoa eskatzen dauena. Ganera, liburuak berrirakurtea be asko gustetan jat.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!