Euskadi Kirola Fundazinoak ‘BAT, Basque Team’ marka sortu dau eliteko kirol jarduera ez profesionala sustatzeko

Bizkaie! 2008-06-02 18:42

Euskadi Kirola Fundazinoaren asmoa goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da, kirolariek ordezkaritza zabala izan daien goi-mailako lehiaketetan.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskal Irrati Telebistak (EiTB) jentaurrean aurkeztu dabe gaur ‘BAT, Basque Team’ proiektua, Euskadi Kirola Fundazinoak nazinoarteko lehen mailako norgehiagoketan eliteko euskal kirolari ez-profesionalen partaidetzea ezagutarazoteko erabiliko dauen marka.

Euskadi Kirola Fundazinoaren asmoa goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da, kirolariek ordezkaritza zabala izan daien goi-mailako lehiaketetan. Fundazinoa igazko zemendian eratu zan, eta Eusko Jaurlaritza, Kultura Sailaren bidez, eta Euskal Irrati-Telebista (EiTB) dira bere esku-hartzaile nagusiak. Horreez gan, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua bereganatu daben babesle pribatuak be.

Euskadi Kirola Fundazinoak zehaztuta dituan helburuei jarraituz, sostengua emongo deutse goi-mailako kirolariei eta honeen entrenatzaileei prestakuntzea hobetzeko asmoz, eta esangura horretan, modalidade desbardinetako kirol-taldeakaz eta maila goreneko kirol erakundeakaz batera lan egingo dau.

Fundazinoaren beste zeregin bat, kirolarien prestakuntza eta hezkuntzearen hobekuntzea bultzatu eta goi-mailako kirol jarduereari aplikautako ikerketa sustatzea da. Helburu horreen haritik, ‘BAT Basque Team’ marka eliteko kirolaren erreferentzia nagusi bihurtzea lortu nahi da, diziplina olinpikoak, ez-olinpikoak eta kirol egokitua gogoan hartuta.

‘BAT, Basque Team’ EiTBren Bilboko egoitzan aurkeztu dabe gaur. Ekitaldian, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Bingen Zupiria Euskal Telebistako (ETB) zuzendariak parte hartu dabe, baita Naturgas Energiako Negozio Liberalizatuen zuzendari nagusi Enrique Palominok ere, La Caixa, Igualatorio Medico Quirurgico, Cespa-Ferrovial eta Euskadi Kirola Fundazinoko ganerako babesle pribatuen izenean.

‘BAT, Basque Team’, Euskadi Kirola Fundazinoaren marka dan neurrian, ez da erabiliko talde edo selekzinoak babesteko, gizabanakoak baino, nahiz eta taldekako kiroletan jardun. Era berean, aintzakotzat hartuko da ezintasunen bat daben personei zuzendutako kirol egokitua.

Marka barriaren onuradunak aukeratzeko abiapuntutzat hartuko da errendimenduan oinarritutako puntuazinoa, eta bekak barritzeko derrigorrezkoa izango da kirolari bakotxzaren banakako emoitzak berrikustea. Bestalde, laguntzino honeek, beste erakunde publiko edo pribatuetatik jasotako diru-laguntza, beka edo publizidade-kontratuen bidezko beste diru-sarrera batzuekaz bateragarriak izango dira.

Euskadi Kirola Fundazinoak, sorrerako esku-hartzaile diran Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta EiTBgaz batera, aukerea eskaini deutse babesle pribatu desbardinei, enpresa pribatuetatik eratorritako baliabideak euskal kirolarien prestakuntzea hobetzeko erabil daitezan. Gure herrian egoitza edo presentzia nabarmena daben marka-irudi bikaineko hamar bat enpresa babesle erakartea da helburua, ekimen honi sostengu ekonomikoa eta balioa erants daiotsen, goi-mailako euskal kirolagaz identifiketeak eretxi publikoaren aurrean balio erantsi berezia gaineratuko dauelakoan.

Nazinoarte mailan kirol emoitza onak lortzeak emoten dauen prestigioagaz batera, bere garrantzia sozial eta ekonomikoa kontuan hartu behar dala azaldu dabe aurkezpenean. Estimazinoen arabera, kirolak euskal ekonomiaren gainean dauen eragina BPGren % 1,9koa da, Nekazaritza eta Arrantza lako jarduera tradizionalena eta Garraioa lako sektoreena baino handiagoa.


Kirolari ezagunak

Euskadi Kirola Fundazinoak 59 kirolariri eta hiru kirol erakunderi emon deutse sostengua orain arte beken bitartez. Sostengu programan sartuta dagozan kirolarien artean, oso izen ezagunak dagoz, besteak beste, Naroa Aguirre pertika-jauzilaria, Iñaki Lejarreta eta Leire Olaberria txirrindulariak, Xabi Fernandez eta Iker Martinez itsas-gizonak, Aritz Aranburu surflaria, Oier Aizpurua piraguistea eta Josune Bereziartu, Patxi Usabiaga edo Pou anaiak eskalatzaileak.

Pasa dan zapatuan, maiatzak 31, 2008rako beketarako deialdia argitaratu zan Euskal Herriko Aginte Aldizkarian, eta urtea amaitu arte egongo da indarrean.

Euskadiko kirolariek nazinoarteko goi-mailako lehiaketetan daben partaidetzeari eutsi eta, ahal dan neurrian, hobetzea da ‘BAT, Basque Team’ markaren helburua. Erreferentzia legez gogoratu behar da, Atenasen antolatutako azken Olinpiadan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik joandako 28 atletek parte hartu ebela, eta guztien artean lau domina eta hamar diploma olinpiko lortu zituela. Gaur egun, Euskadiko 24 kirolari Pekinera joateko sailkatuta dagoz, eta beste kirolari batzuek munduko eta Europako txapelketa desbardinetan parte hartuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu