Sagrario Alemanek euskaltzain kargua estreinau dau
2008-06-02 12:58 Euskerea berbagaiEuskal kulturearen ordezkari ugari batu ziran zapatuan Etxalekun Sagrario Aleman euskaltzain barriaren sarrera-berbaldian. Ekitaldia Imozko eta Etxalekuko udal agintarien protokolozko berbakaz eta hainbat sari-emotegaz amaitu eben.
Euskal kulturearen ordezkari ugari batu ziran zapatuan Etxalekun Sagrario Aleman euskaltzain barriaren sarrera-berbaldian. Arturo Campion eta IKAko lagunez gan, Jabier Muguruza kantaria, Inaki Irazabalbeitia Elhuyarreko kidea, Pello Zubiria Argia-koa, Iñigo Aranbarri, Inma Errea, Aurelia Arkotxa eta Aingeru Epaltza idazleak, Patxi Telletxea Iruñeko Hizkuntza Eskolako zuzendaria, Kike Amonarriz, Juan Carlos Etxegoien Xamar, Koldo Artola ikerlaria, Pruden Gartzia Euskaltzaindiko artxibozaina, Paula Kasares NUPeko irakaslea, Fernando Rey itzultzailea... izan ziran bertan.
Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik jaso eban Alemanek euskaltzain izateko eta 27. aulkian jesarteko ohorea. Aulki barria da Alemanena eta, horregaitik, ez eban zertan aurretik jesarten zanaren gorazarre egin behar. Sarrerako berbaldian, euskaltzain barriak sorterriaz eta helduen euskalduntzeaz berba egin eban.
'Gaur, zirikatzeko, barre egiteko, madarikatzeko, txisteak egiteko, axakatzeko, haserretzeko, ironia erabilteko... erderara joten ote dogun larregi eta errazegi bildur naz; ez dakit euskeraz koplarik egiteko graziarik edota ahalmenik badogun. Baina oraindino, ahuldadeak ahuldade, Etxalekun, euskerearen transmisino katea ez da apurtu', nabarmendu eban Alemanek sarrera-berbaldian.
'Euskerearen inguruko mobimentu guztietan hor egon da, eta oraindino aukera handiak ditu horretan segiduteko', esan eban Nekane Otamendi IKAko irakasleak. Andres Iñigo Euskaltzaindiko Nafarroako ordezkariak ganeratu eban Sagrario Aleman ez dala irakaskuntzara bakarrik mugatu. Sekulako kemena izan dauela behetik sortutako ekimenetan lan egiteko. 'Euskara non, Sagrario han egon da, beti'.
Patxi Salaberri euskaltzainak be, Sagrario Alemanen berbaldiari emon eutson erantzunaren bidez, hizkuntzearen akademiarentzat ekarpen baliotsua izango dala azpimarratu eban, 'orain arteko nafar euskaltzainak Iruñerritik urrunekoak izan diralako danak'.
Ekitaldia Imozko eta Etxalekuko udal agintarien protokolozko berbakaz eta hainbat sari-emotegaz amaitu eben. Euskaltzain barriak Mikel Okiñena herriko eskultorearen artelan bat jaso eban, eta zazpi begiko makila, herriko basoan jasotakoa. Lorez beteriko otzara bat eta Joseba Sarrionandiaren poema baten irakurraldia izan ziran beste opariak. Eta, gehien hunkitu ebana, aita zan Pedro Alemanen omenezko koadro bat, meta baten irudiagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!