Izaskun Moyua Emakundeko zuzendariak Argentina bisitauko dau

Bizkaie! 2008-06-02 11:27   Euskaldunak munduan

Gaur hasitako bisitan, bertako agintari politikoakaz eta hainbat erakundegaz batuko da emakume eta gizonen arteko bardintasunaren ganeko esperientzia eta proiektuen inguruan berba egiteko. Emakundeko zuzendariak buruzagi argentinarren aurrean azalduko ditu institutua orain 20 urte sortu zanetik egin diran bardintasun-politikak.

Izaskun Moyua Emakundeko zuzendariak gaur, bagilak 2, hasiko dau Argentinara bisitea. Bertako agintari politikoakaz eta hainbat erakundegaz batuko da emakume eta gizonen arteko bardintasunaren ganeko esperientzia eta proiektuen inguruan berba egiteko. Emakundeko zuzendariak buruzagi argentinarren aurrean azalduko ditu institutua orain 20 urte sortu zanetik egin diran bardintasun-politikak. Horregaz batera, Buenos Aireseko eta Rosarioko Emakume Abertzale Batza alkarteak omenduko ditu.

Moyua Buenos Airesen batzartuko da Kongresuko ordezkariakaz; Emakumearen Kontseilu Nazionalagaz; Buenos Aires uriko Gobernuagaz; Argentinako Gobernuaren Kanpo Hartu-emonetarako Ministerioagaz; eta Lan Ministerioagaz.

Emakundek Kongresura egingo dauen bisitan, Patricia Vaca Narvaja Diputadu Ganberako presidenteordeagaz batuko da, baita lehenengo diputadu teuelchea dan Rosa Laudelina Chiquichanogaz eta Emakumearen Komisinoaren buru dan Juliana Di Tuliogaz be.

Moyuak ponentzia bat eskainiko dau INADIk (Instituto Nacional contra la Discriminación, la Xenofobia y el Racismo del Ministerio de Justicia, Seguridad y Derechos Humanos) antolatutako 'Consenso de Estado Contra la Discriminación por Género: hacia la Igualdad Real entre Mujeres y Varones' programearen barruan.

Bestetik, Emakundek Buenos Aireseko eta Rosarioko Emakume Abertzale Batza alkarteak omenduko ditu euren 70. urteurrenean. Emakume Abertzale Batza erakundearen jatorria 1922. urteko apirilean Ambrose V. Martin O'Daly irlandarrak Bilbora egindako bisitan dago. Juventud Vascaren egoitzan 'Cumann na mBan' emakume irlandarren erakundearen antzeko bat sortzeko proposamenari baietz erantzun eutsien emakume abertzaleek.

1922an sortu eta 1923ko irailean urtean Primo de Riveraren diktadurak galarazo eban arte, Emakume Abertzale Batzak lan handia egin eban abertzaletasunaren gogo eta ideien zabalkundean. Ekintzen artean, euskerazko eskolak emotea; makinaz idazten ikasteko eskolak; ume eta emakumeen heziketa eta kultura; abertzaleen ospakizun eta agerraldietan parte hartzea edota mendigoizaleei mendirako osterak antolatzea egozan.

1936. urteko gerrearen ondoren, euskal lurraldean desagertu egin zan Emakume Abertzale Batza eta munduko beste hainbat lekutan jaio zan, Txile, Uruguai eta Argentinan berbarako. Orduan sortu zan, 1938ko abuztuaren 15ean, Buenos Aireseko EAB, eta urte bereko zemendiaren 18an Rosarioko taldea.


Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu