'Artea ikasbide' programeagaz, ikasleen lanak Guggenheimen izango dira ikusgai

Bizkaie! 2008-05-30 11:38

Erakusketea museoaren 103B aretoan ikusi ahal izango da bagilaren 17tik abuztuaren 24ra eta 2007-2008 ikasturtean egindako bederatzi ikastetxetako 184 ikasleren sortze-lanak izango dira bertan.

Guggenheim Bilbao Museoak 'Artea ikasbide' programearen hamaikagarren edizinoa egingo dau bagilaren 17tik abuztuaren 24ra bitartean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren lankidetzeagaz eta BBKren babesagaz. Erakusketea museoaren 103B aretoan ikusi ahal izango da eta 2007-2008 ikasturtean egindako bederatzi ikastetxetako 184 ikasleren sortze-lanak izango dira bertan.

'Artea ikasbide' hezkuntza-programearen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako eskola-curriculuma sendotzea da.

2007-2008 ikasturtean, hamar artista -Ines Carcoba, Alex Carrascosa, Ibon Garagarza, Iñaki Gracenea, Julio Hernandez, Aiora Kintana, Maider Lopez, Manu Muniategiandikoetxea, Mercedes Periz eta Jorge Rubio-, asko aurreko edizinoetan parte hartutakoak, 6 eta 12 urte bitarteko umeek proposamen interesgarriak garatzeko tailerrak diseinau ditue ikastetxeetako irakasleakaz alkarlanean.


Mila ikasle baino gehiago

1998an martxan jarri zanetik, mila ikasle baino gehiago, 40 bat artista eta Euskal Autonomia Erkidegoko osoko hiru hizkuntza-ereduetako Lehen Hezkuntzako 86 ikastetxetako 100 bat irakasle izan dira alkarlanean Guggenheim Bilbao Museoko hezitzaileakaz batera 'Artea ikasbide' programea garatzen, artea tresna erabilgarria izateko helburuagaz, curriculumaren ikasgaiez gan, umeei euren helburuak garatzen eta gizartean moldatzen lagunduko deutsien baloreak ezagutarazoten, aztertzen eta irakasten.

Hezkuntza-programa hori 1970ean sortu zen New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoan, uriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan arteen irakaskuntzea kendu ebela ikusi ostean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu