BFAk 'Gozatu euskaraz' gazteek eguneroko jardunean euskerea erabilteko kanpainea aurkeztu dau
2008-05-29 15:35 Euskerea berbagaiKanpainea 15 eta 25 urte bitarteko gazte bizkaitarrei zuzenduta dago eta helburua gazteak euren eguneroko jardunean euskerea erabilteko lehenengo pausua emotera animetea da. Egitasmoa hiru euskarritan garatuko da: telebista iragarkian, www.gozatueuskaraz.com webgunean eta Youtuben zabalduko daben plataforman.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailak Euskerearen erabilerea sustatzeko 'Gozatu euskaraz' izeneko sentsibilizazino kanpainea aurkeztu dau gaur Foru Jauregian. Bertan izan dira Kulturako foru diputadu Miren Josune Ariztondo eta Euskerea Sustatzeko zuzendari Miren Dobaran.
'Kanpaina hau 15 eta 25 urte bitarteko gazte bizkaitarrei dago zuzenduta eta beste lurraldeetakoek be parte hartzen badabe, hoba', azaldu dau Ariztondok. 'Helburua gazteak euren eguneroko jardunean euskerea erabilteko lehenengo pausua emotera animetea da'.
Gazteen interesa erakarteko, lehenengo aldia dakar gogora kanpaineak eta, zeozelan, sexuaren eta euskerearen arteko jokoa egiten da. 'Esperientzia desbardinetako lehenengo aldia eta euskeraz egiteko orduan lehenengo aldia lotu gura ditugu'. Horretarako, hiru euskarritan oinarrituko da egitasmoa: hiru astez ikusiko dan telebista iragarkian, www.gozatueuskaraz.com webgunean eta Youtuben zabalduko daben plataforman.
'Gure adin-talderako oinarrizko baliabide nagusiari erreparau deutsagu', azaldu dau Dobaranek. Baliabide hori Internet da eta berenberegi preparautako webgunearen berezitasun nagusia interaktibidadea. 'Erabiltzailea zuzenean sar daiteke telebistako iragarkiko protagonisten logelan eta bertan dagozan elementu guztiak ikutu. Tartean, sorpresa ugari be egongo dira'. Kontzertuen agendea, jaien egutegia, kanpainearen iragarkia... dira, besteak beste, elementu horreek eta 'gazteek jakinminez joko dabe webgunera, logelako gune guztiak egunero barriztauko diralako'.
Azken batean, 'gazteen artean zabaldu gura dogun mezua hauxe da: euskerearen ohiko erabilerea bizitzako esperientzia onenen artean sartzen dala', azpimarratu dau Ariztondok. Gazteen baloreen edota jarduteko moduen eremuan eragin gura dau kanpaineak: sexua, trebakuntzea, kirola, etorkizuna... Horretarako, 'diskurso original, erakargarri eta dibertigarriak igorriko ditugu'.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!