UEUk 35 udako ikastaro eskainiko ditu Eibar, Baiona eta Iruinean, ‘Udako menua’ goiburuagaz

Bizkaie! 2008-05-29 11:42

Izena emoteko epea zabalik dago honezkero eta bagilaren 20an amaituko da. UEUk webgune bidezko (www.ueu.org) matrikulea bultzatu nahi dau jentearentzat azkarragoa eta erosoagoa baita; bestela, 943-821426 telefonora deitu leikie interesatuek. Ikastaroei buruzko informazino eguneratua blogean topau daiteke.

‘Delicatessen’, ‘Eguneko menua’ eta ‘Mens sana in corpore sano’ azpiataletan banatuta, gustu guztientzako ikastaroak eskainiko ditu aurtengo ikastaldian Udako Euskal Unibersidadeak (UEU). Era horretara, udan goi mailako euskerazko prestakuntzaz gozetako aukera parebakoa izango da.

Udako ikastaroak aurkezteko prentsaurrekoa Iruñean eskaini dau UEUk, eta bertan egon dira Lore Erriondo UEUko zuzendaria, Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroetako arduraduna eta Edurne Koch UEUko Nafarroako arduraduna.

Danetara, 35 ikastaro antolatu ditu UEUk aurten: 12 Eibarren (UEUren egoitza akademikoan), bagilaren 30etik garagarrilaren 11ra; 12 Baionan (Apez etxean), garagarrilaren 14tik 18ra; eta 11 Iruinean (hizkuntza eskolan), garagarrilaren 21etik 25era. Ikastaro guztiak barriak dira, hau da, urte batetik bestera ez dira errepetiduten, ‘gure helburua urtetik urtera gai barriak jorratzea’ dalako, Iciarrek adierazo dauenez.

Aurtengo udako ikastaroak hiru multzotan sailkatuko dira. Alde batetik, ‘Delicatessen’ azpiatalean, osogaiak exotikoak izango dira eta aurretiko ezagutza behar dituen gaiak landuko dira, besteak beste, ‘OpenStreetMap’, ‘Hezkuntzaren Soziologia Frantzian’ edo ‘Euskerearen botere ekonomikoa’.

Bestetik, ‘Eguneko menua’ azpiatala interes orokorreko gaiek osotuko dabe, besteak beste, ‘Kontu-kontari tailerra’, ‘Emakumeen kontrako indarkeria’ edo ‘Kultur Ondarearen didaktika’. Azkenik, ‘Mens sana in corpore sano’ azpiatalak garapen personalagaz lotutako ikastaroak batuko ditu: ‘Biodantza’, ‘Yoga’ edo ‘Sendabelarrak’.

UEUko arduradunek azpimarratu dabe udako ikastaroak proiektu, proposamen eta alkarte barriak martxan jarteko guneak izaten dirala eta, hori dala eta, UEUrentzat oso garrantzitsua izaten dala alkarlana sustatzea. Esangura horretan, aurtengo ikastaroen antolaketan lagundu daben alkarteak ondokoak dira: Bertsozale Alkartea, Soziolinguistika Klusterra, Euskal Idazleen Alkartea eta Aranzadi Zientzia Alkartea.

Era berean, ikastaroak aurrera atarateko laguntzinoa emon daben erakundeak be aitatu ditue UEUko ordezkariek, hau da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa eta Kultura sailak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte eta Harremanetarako Saila eta Euskadiko Kutxa.

Izena emoteko epea zabalik dago honezkero eta bagilaren 20an amaituko da. UEUk webgune bidezko (www.ueu.org) matrikulea bultzatu nahi dau jentearentzat azkarragoa eta erosoagoa baita; bestela, 943 82 14 26 telefonora deitu leikie interesatuek. Ikastaroei buruzko informazino eguneratua http://ikastaroak.ueu.org/bloga blogean topau daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu