Europako Batasunak ardaogintzearen arloko erreformea onartu dau
2008-05-28 12:29 Jan edanakErreformea Europako Batasuneko nekazaritza ministroek onartu eben. Eginiko proposamen nabarmenena honako hau izan zan: estaduek neurriak hartzeko askatasun handiagoa izatea.
Europako Komisinoak ardaogintza arloko erreforma proposamena aurkeztu eta bederatzi hilabetera, luze eztabaidatu ostean, 2007ko abenduan onartua zan. Erreformea Europako Batasuneko nekazaritza ministroek onartu eben. Eginiko proposamen nabarmenena honako hau izan zan: estaduek neurriak hartzeko askatasun handiagoa izatea.
2008ko apirilaren 29an, Kanpo Hartu-emonetarako Europako Batasuneko 27 estaduetako ministroek berretsi eben Ardaoaren Merkaduratzeko Araudi Bateratu barria. Bertan, datozan lau urteotarako erispideak agertzen dira, besteak beste, destilazinorako laguntzinoak, sektorearen ardura nagusietariko bat. Europako Batasunaren laguntzinoen aurrekontua mantendu egingo dala aitatzen da (1268 miloe euro urteko), banaketarako erispideak aldatuko diran arren, izan be, hain konpetenteak ez diran zonaldeetan mahastiak kentzeagaitik diru zati handi bat banatuko da eta beste zati handi bat gobernu bakotxari emongo jako bertako beharren arabera banatzeko.
Erreformearen helburuetariko bat merkadua orekatzea dala, hain konpetenteak ez diran zonaldeak apurka-apurka desagertarazoteko eta konpetenteagoak indartzeko.
Onartutako testuak, alde batetik, ustiaketa bakotxeko pagu bakarra onartzen dau; eta, bestetik, gobernu bakoitzak lagundu ahal izango dituan arloak ugaritzea be ahalbidetzen dau. Gobernu bakotxari emongo jakon diru-laguntzinoa erabagiteko, kontuan izango da produzinoaren % 50a eta mahastiek hartutako lurzorua. Espainiari jagokon diru kopurua 420 miloe eurokoa da, aurrekontu orokorraren % 31.
Erreformearen bidez, gobernu bakotxak euren beharren araberako laguntzinoak emon ahal izango ditu. Espainian, laguntzinoa edateko alkoholaren destilazinoa, brandy eta likoreak egiteko erabiliko da. Hasieran, lehenengo lau urteetan produziduten dabenaren arabera lagunduko da eta, gero, pagu bakarragaz.
Erreformearen landatzeko eskubideen sistemea bertan behera itxi dau eta, orain, landatzeko eskubidea liberalizau da, atzeratu egin da 2015era arte. Ganera, estadu bakotxak epe hori 2018ra arte luzatu ahal izango dau. Bestalde, 2007ko garagarrilaren 31 izango da azken eguna landaketa ez-arautu guztiak legeztatzeko.
Laguntzinoak chaptalizazinoari eta muztioari
Alemaniak lortu dau chaptalizazinorako diru-laguntzinoak mantentzea, ardaoari azukerea ganeratzeko. Halanda be, teknika hori erabilten daben ardaoek etiketan adierazo beharko dabe.
Muztioaren laguntzinoa be mantenduko da, Italiak eta Portugalek eskatuta.
Landa garapena eta promozinoa
OCMk landa garapenerako bideratutako laguntzinoek behera egingo dabe eta diru hori gobernuetara joango da, ostean bideratzeko.
Ardaoaren promozinoari jagokonean, ez dira kontuan izan ardaogintza sektoreak eginiko eskaerak, hau da, barruko merkadua sustatzea. Laguntzinoak kanpainea beste herrialde batean egiten bada baino ez dira jasoko. Horretarako, 32 miloe euro erabiliko dira urtero.
Etiketak eta Jatorrizko Izentapenak erraztu
Europako kalidadeko ardao guztiak bitan banatuko dira, Jatorrizko Izentapen Babestua dabenak eta Adierazpen Geografiko babestua dabenak. Bestalde, tradizinoa daben aitamen eta erreferentziak zainduko dira, hala nola, kriantza, generosoa, erreserba eta erreserba handia.
Etiketei jagokenean, Jatorrizko Izentapenik ez daben ardaoei etiketan jarri ahal izango jake urtea eta baita bariedadea be. Neurri hori batzuentzat oso ona izango da baina kaltegarria izan daiteke Jatorrizko Izentapena dabenentzat, kontsumitzailea nahastau egin daitekelako.
Europako Komisinoa erreformaren garapenerako prozeduren onarpenagaz hasiko da, erreformea abuztuaren 1ean indarrean jarteko, neurri batzuk 2009ra arte aplikauko ez diran arren.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!