Toni Lodeiro: inori begira egotea ez da botikarik onena aldaketak gura badoguz
2008-05-26 12:55 Barriketan‘Consumir menos, vivir mejor’ , Toni Lodeiroren (A Coruña, 1978) lehen argitalpena aurkeztu dau oraintsu Txalaparta argitaletxeak www.nodo50.org/consumirmenosvivirmejor. Ia 500 orrialdetan, informazinoa, esperientziak, gogoetak eta ideia praktikoak jaso ditu egileak, besteak beste, globalizazinoa, multinazionalak, garapen jasangarria, osasunaren autogestinoa, konstumo kontzientea, ekouriak, energia, agroekologia zein jatekoen industria lako gaien harian. Entziklopediatzat jo dau Toni Lodeirok, kontsultarako aproposa, edozein kapitulutan hasi eta berrirakurketarako egokia.
Ongizate kolektiboa norbanakoarenagaz buztartuz, bizitzeko estilo eta praktikak ezagutu, zabaldu eta esperimentetea gustetan jako Lodeiro jn.ari eta azken urteotan arlo horretako tailerretan dinamizatzaile lanetan ibili da.
1.- Consumir menos, vivir mejor? Zein da liburuaren filosofia?
Liburu praktikoa da, dinamikoa. Ideia praktikoak eta gogoetarako gaiak proposatzen dodaz, helburua ondo bizitea bada, komunikabideek, kontsumismoak, estresak eta gehiegizko abiadurak jango gaituan bildurrez, atzera egin eta sobran daukaguzan gauzak baztertzea proposatuz.
Bizitza osasuntsua modan dago, jakina, baina sarritan kontsumo kontzientea sakrifizio iturri dala pentsetan dogu eta hor dago okerra. Berbarako, kotxea gitxiago eta garraio publikoa gehiago erabiltea, lan gitxiago egitea, plastikozko poltsen ordez, telazkoak erabiltea, erropa gitxiago erostea liberaziotzat har daitekez. Ganean daroagun zama astunari pisua kentzea da kontua.
Ganera, gizartearen eraginengaitik osasunaren kontzeptu kontsumista-indibidualistea dogu eta, nik uste dot ikuspegi kolektiboa landu behar dala, norberaren bizi-kalidadea ingurumenaren kalidadearen bidetik topau behar dala. Aldaketea gatxa izan daiteke, erakundeek eta sistemeak berak be ez dabelako lar laguntzen eta, esangura horretan, jarduera politikoa, presino soziala beharrezkoak dira.
2.- Proposamen interesgarriak, duda barik, baina ohiko dinamika eta bizimoduagaz apurtzea dakar jarrera horrek. Liburuan kapitulu oso bat idatzi dozu horrezaz: zelan bizi joera nagusiari jarraitu ez eta abrosidu barik? Posible al da hori?
Posible al da joera nagusiagaz bat egin eta zoratu edo abrosidu barik bizitea? Posible al da ‘agintzen’, ‘inposatzen’ deuskuen guztia eginaz bizitea eta zoratu barik? Ez ete dogu behar desobedientzia apur bat astiroago biziteko, benetan gura doguna egiteko, gizartearen zamak (‘diru asko irabazi behar dozu, egizu hau, egizu bestea...’) deskargetako?
3.- Garapen jasangarria danon ahotan dago baina ekonomiaren moteltzeaz eta beste gizarte eredu batzuez gero eta gehiago entzuten da... Gaur hobeto bizi gara atzo baino?
Galdera gatxa. Ez dakit. Arlo askotan, duda barik, hobeto bizi gara. Atzo, orain urte batzuk homosexuala, lesbiana edo emakumea izatea sano gogorra zan eta gaur egun, barriz, oraindino arazoak egon arren, errazagoa da. Niri eskolan maisuak jo egiten ninduan eta 29 urte ditut. Gaur holakorik ez da posible.
Beste arlo batzuetan, barriz, gizarteak atzera egin dau; salbuespenak salbuespen, lasaitasuna, patxadea galdu dogu, bizitzari aurre egiteko moduetan, gizakion arteko hartu-emonetan atzera egin dogu.
Kontuak kontu, nire proposamena da garapenaren eta teknologiaren alde ona hartu eta txarra, ostera, baztertzea. Enpresek salmenta handiak behar ditue ahalik eta diru gehien irabazteko baina kontua da ze, segurutik ez dogula horrenbeste plastikozko ontzi, kotxe, erropa, eskuko telefono, aseguru, publizidade, bigarren etxebizitza behar; gitxiagogaz bizi daiteke eta horrenbeste zama barik eta, are gehiago, ekonomiaren moteltzeak, irabazi txikiagoek bizi—kalidadean onerako eragingo leukie. Galdu galduko dogu, baina irabaziko doguna askosaz gehiago izango da.
4.— Munduak aldatzen gaitu... Baina mundua aldatzea posible al da? Globalizazinoa txarra da ala baditu bere alde onak?
Garapenari buruz esandakoak balio dau honetarako be. Globalizazinoaren alde onak atzemoten be jakin behar da. Ezer baino lehen esan behar dot globalizazinoa gainean dogun fenomenoa dala, diruaren, kontsumoaren eta komertzioaren globalizazinoa, hain zuzen; bestelako bateratze eta bardintze prozesuak aitatutako oinarri horregaz batera datoz baina bigarren fase batean, bakotxaren nortasuna eta ezaugarriak, kulturak eta hizkuntzak zapalduz.
Lehenengo galdereari erantzunez, geure txikitasunean pausuak emotea sano garrantzitsua da, inori begira egotea ez da botikarik onena aldaketak gura badoguz behintzat eta, esangura horretan, asko dago egiteko. Liburuan makinatxu bat proposamen egiten dodaz, ahal dan neurrian mundua aldatzeko baina, batez be, norberaren eta hurren daukaguzanen bizi—kalidadea aldatzeko.
5.— Kotxe kolektiboa, hazien bankua... Proposamen interesgarriak dira baina sano ezezagunak...
Bai. Hazien bankuen harian, agrodibersidadeaz berba egin beharko geunke. Labur esateko, lehen sagar, letxuga eta enparauen bariedade piloa egoan ia eskualde guztietan. Gaur, barriz, sagarretan bospasei bariedade baino ez dagoz. Esangura horretan, mobimentu agroekologikoaren ekinbidez, dibersidadea berreskuratzeko prozesuan gagoz. Kontuan hartu, lekuan lekuko bariedadeak herbizida, pestizida gitxien behar dabenak dirala eta, ingurunera hobeto moldatzen diranak; beraz, hazien bankuaren zeregina da lekuan lekuko haziak jaso, batu, gorde, sailkatu, alkartrukatu, landatu eta birlandatzea. Historikoki haziak gordetea ohiturea izan da, hori da naturalena ze gaur egun astakeria handiak egiten dira, kutsatzaileak diran hazi transgenikoak erabilten dira, hazi industrialak...
Kotxe kolektiboa edo kotxe multiusuaria esperientzia sano interesgarria da. Europa mailan 500 bat uritan praktiketan da eta arrakasta handiz. Bartzelonan be alkarte bat dago praktika hau bultzatzen dauena eta Euskal Herrian be badabiz batzuk (www.euskocarsharing.com) garraio sistema hau suspertzeko ahaleginetan. Jaubea izan barik, urtero edo hilebetero kuota bat pagau eta ibilgailu bat erabilteko aukerea dago sistema honi esker. Diru asko aurrezten da, kotxe asko kentzen doguz kaleetatik, ingurumenari ez deutsagu horrenbeste kalte egiten...
6.- Ekologismoa, eredu psiko-bio-soziala... danak dira bat?
Ekologismo mueta asko dagoz, etiketa hutsalak dira sarritan baina ekologismo soziala da niri interesetan jatana, hau da, gizakiaren eta ingurumenaren arteko harmonia aldarrikatzen dauena, ingurumena, persona, kultura eta kolektibo guztiagazko errespetuan oinarritutako filosofia.
Bestetik, oinarrian osasuna hartuta, eredu psiko-bio-soziala indartzen doa. Osasunaren Mundu Erakundeak aspaldi adierazo eban osasuna zeozer bio-psiko-soziala zala baina kontua da ze, osasunaz gabilzanean, gorputzaren ideia baino ez dogula aintzat hartzen eta gehienbat jateko, botika eta enparauez arduratzen garala. Ereduaren eremua, barriz, askosaz zabalagoa da
7.- Mundua aldatzen hasteko pare bat edo hiru gomendio emongo zeunkez?
Ez dago botika magikorik horretarako baina ezer baino lehen, gora adi ez egoteko esango neukizu. Asmo potoloakaz, potoloegiakaz ez itsututeko eta astiro-astiro baina etenik barik pausuak emoten joatea, beti be, umorea sekula galdu barik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!