Oihana Bartra eta Gorka Lazkano be Bizkaiko Txapelketan

Bizkaie! 2008-05-26 12:16   Bertsolaritzea

Oihana Bartra izan da hirugarrenez Bilboaldean nagusi eta Durangaldekoan, ostera, Gorka Lazkano. Beraz, biek lortu dabe Bizkaiko Txapelketarako txartela.

Bilboaldeko eta Durangaldeko bertsolari txapelketako finalak izan dira astegoienean eta, beraz, badakigu daborduko zein beste bi bertsolarik abestuko daben Bizkaiko Txapelketan. Oihana Bartra izan zan-eta hirugarrenez Bilboaldean nagusi eta Durangaldekoan, ostera, Gorka Lazkano. Esandako moduan, biek lortu dabe Bizkaiko Txapelketarako txartela eta ganerako danek beste eskualdeetako txapelketak jokatu artean itxaron egin beharko dabe, sailkatu diran edo ez jakiteko.

Bilboaldeko finala Bizkaiko uriburuan bertan izan zan, Zazpi Kaleetako Abante kulturgunean. Lagun arteko giroa gura eben Bilboaldeko antolatzaileek eta azkenean ia 60 lagun batu ziran bertsolariak entzuteko. Txapelketan lehenengoz parte hartzen eben finalistetatik hiruk eta jarraitzaile ta guzti joan ziran honeek. Ez zan girorik falta izan. Buruz burukora Mikel Galarza eta Oihana Bartra heldu ziran, baina azkenak jantzi eban bere hirugarren txapela Joserra Bilbaoren eskutik. Besteak beste Santutxuko bertso-eskolako arduradunetako bat dogu Bilbao.

Durangaldeko finala, ostera, Garaiko frontoian izan zan. Eguraldiak ez eban larregi lagundu, baina, halan da be, jentetza handia batu zan saioa entzuteko. 220 lagun inguru kanpoko hotzari aurre egin eta saioa bera berotzen laguntzeko. Berriztarrak pasau ziran buruz burukora, Miren Amuriza eta Gorka Lazkano, hain zuzen be. Bietan onena Lazkano izan zan eta honek Xabier Amuriza bertsolariaren eskutik jaso eban txapel baltza.

Gogoratu datorren astegoienean izango dirala Eskualdeetako azken bi txapelketak. Barikuan, maiatzaren 30ean, 19:00etan Lea Artibaiko finala izango da Amorotoko frontoian eta zapatuan, maiatzaren 31an, 18:00etan Enkarterrikoa Sodupeko kultur etxean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu