25 espezialidadetako 115 artisau Getxoko XXV. Eskulangintza Azokan

Bizkaie! 2008-05-22 18:31

Maiatzaren 30etik bagilaren 1era Euskal Herriko artisautza topagunerik handiena izango da Getxon, Eskulangintza Azokearen eskutik.

Maiatzaren 30etik bagilaren 1era Euskal Herriko artisautza topagunerik handiena izango da Getxon, Eskulangintza Azokearen eskutik. Aurten 25. urteurrena ospatuko dau azokeak eta bertan 115 artisauk parte hartuko dabe. Urtero legez, 97 artisauk Areetako Geltokia plazan erakutsiko ditue euren lanak eta beste 4 eskulangilek erakustaldiak egingo ditue. Gainera, Ibaiondo kalean kokatutako gastronomiaren gunean beste 14 artisau jardungo dira. Igaz bezela, aire zabalean izango da azokea eta sarrera, dobakoa. Honako hau izango du ordutegia: 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:30era. Zapatuan, 22:00etan zarratuko da.

Aurtengo azokan hainbat espezialidade erakutsiko dira: zeramikea, bitxigintzea, ehuna, harriak, metala, larrukigintzea eta landare-zuntzaz eginiko lanak. Era berean, ezin dira ahaztu eskulangintzan hain ohikoak ez diran beste arlo batzuk be, azokan ikusgai egongo dira eta. Danetara, 25 izango dira Getxon ikusi ahal izango diran eskulangintza arloak. Gainera, gastronomia-gunea be izango da, Ibaiondo kalean, hain zuzen be, eta bertan 14 salerosle egongo dira.

Euskal Herria osotik etorritako eskulangileez gain, Kataluniako, Murtziako, Galiziako, Gaztela eta Leongo, Gaztela-Mantxako, Madrilgo, Errioxako, Asturiaseko, Valentziako, Extremadurako, Andaluziako eta Kantabriako partaideak egongo dira. Aurten, gainera, Irlandatik, Italiatik, Portugaletik eta Frantziatik etorritako artisauek parte hartuko dabe azokan. Beraz, jenteak produktu ezagunak, hain ezagunak ez diranak eskuratu ahal izango ditu eta eskulangintza beste era batera ulertzeko bidea emoten deuskuenak be bai.


Erakustaldiak eta lehiaketak

Salmenta-guneaz gan, aurten erakustaldiak egiteko gunea be egongo da azokan. Bertan, goizez eta arratsaldez, lau eskulangile jardungo dira zuzenean, publikoak eskulanak zelan egiten diran ikusteko. Aurten, bisitariek harzuria zelan lantzen dan ikusteko aukerea izango dabe, Begoña Gutiérrez Fombella artisau asturiarraren eskutik. Bestalde, Alfredo Zatorre eskarmentu handiko forjari nafarrak burdin lana erakutsiko deusku. Era berean, jarduera luzeko beste euskal artisau bat be etorriko jaku Getxora: Román Aduriz, hain zuzen be, egurrezko kateak pieza bakarrean egiteko teknikea lantzen dauena. Azkenik, Extremadurako Ana María Santiago Lineros ehuleak esku-ehungailua ekarriko dau Getxora eta, tradizinozko tresna horrez baliatuta, erakutsiko deusku zelan egiten diran ehunak. Gainera, eskulangile horren eskutik, gaztetxuenek ehungintza ezagutu ahal izango dabe, umeentzako tailerra egongo da eta.

Beste alde batetik, lehiaketak ez dira faltako azokan. Batetik, eskulangileen lana sarituko da eta, bestetik, produktuak aurkezteko daben modua diseinu eta stand lehiaketetan. Ekimen horreetan islatzen da urtez urte produktuen kalidadea eta euren postuen aurkezpena eta apaindurea hobetzeko eskulangileek egiten daben ahalegina. Horregaz batera, urtero erosleen artean egiten dogun zozketea be egingo da aurten be eta zeozer erosten daben bisitarien artean eskulangintza produktuak zozketatuko dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu