Euskerearen aldeko argazkia Ermuan
2008-05-22 12:30 Euskerea berbagaiZatoze, maiatzaren 24an, zapatuan, arratsaldeko 16:00retan, San Pelaioko plazan egingo dogun argazki jentetsuan parte hartzera.
Ermuko 200 lagun inguru batu ginan 1998an, San Pelaioko plazan, ‘Guk Euskereari Bai’ lelopean, euskereari daukotsagun maitasuna erakutsi eta argazki batean agertuta horren aldeko lanari babesa emoteko.
Edade, zaletasun, izakera, jatorri, pentsakera eta jokaera guztietako ermuarrak batu ginan, pluraltasun horren bitartez erakusteko euskerea danona eta danontzat dala.
Argazki ha izan zan, hurrengo hilebeteetan EUSKAL BIRUSA euskera alkarteak egin eban bazkidetza kanpainearen oinarria, eta ordutik 222 ermuarrek urtero egiten dabe diru ekarpena gure herrian euskeraz biziteko aukerak sortzen laguntzeko.
Lan handia egin dau Euskal Birusak 10 urte honeetan eta ekimen asko jarri ditu martxan, beti bazkideen parte hartzeagaz eta sarri beste talde batzuekaz alkarlanean: Drogetenitturri aldizkaria, San Martin Azokea eta San Martin Kulturala, Liburu eta Disko Azokea, Udako Postal lehiaketea, Ahozko ondarearen bilketea, Berbatruk hitzarmena, Juanita Ibaibarriaga lehiaketea, ‘Ermuan Kantuan’ liburu eta kalejirea, Hartza eguna, Berbalagun mintza-taldeak, Berbetan jardunaldiak...
Aurrera pausu handiak egin dira Ermuan euskerearen ezagutzan. Etorkizunari begira, ostera, erabileran dogu erronkea, hau da, gero eta gehiago izatean gogoz eta atseginez, euskeraz bizitea aukeratzen dogunak. Horretarako baina, daukagunari eusteaz gan, aukera barri eta erakargarriak sortu beharko doguz.
Euskal Birusa alkartekoak gogoz gagoz horretan jarraitzeko, eta orain hamar urte bezela, geugaz batera, argazki barri batean agertuta zeuon babesa agertzeko eskatzen deutsuegu.
Zatoze, maiatzaren 24an, zapatuan, arratsaldeko 16:00retan, San Pelaioko plazan egingo dogun argazki jentetsuan parte hartzera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!