Bilboaldeko eta Durangaldeko finalak astegoienean
2008-05-22 12:04 BertsolaritzeaBusturialdea, Ipar Uribe eta Arratiatik pasau ostean, Bilboaldera dator bertso jokoa, bertso jolasa. Barikuan, maiatzaren 23an, izango da Bilboaldeko Bertsolari Txapelketako finala Bilbon; Durangaldekoa, barriz, zapatuan, maiatzaren 24an, Garaiko frontoian.
Busturialdea, Ipar Uribe eta Arratiatik pasau ostean, Bilboaldera dator bertso jokoa, bertso jolasa. Barikuan, maiatzaren 23an, izango da Bilboaldeko Bertsolari Txapelketako finala Bilbon, Zazpi Kaleetako Abante kulturgunean. Saioa 20:00etan hasiko da eta kantuan Oihana Bartra, Matxalen Zabaljauregi, Eneko Piedra, Arkaitz Zipitria, Mikel Galarza eta Mauri Iruretagoiena izango dira, Urtzi Urrutikoetxearen aginduetara.
Bilboaldea
- Oihana Bartra.- Bilbotarra, 24 urte. Euskal filologian lizentziatua da eta irakasle moduan dabil beharrean. Bizkaiko Eskolarteko txapelketan txapeldun izan da hiru urtetan (1999, 2000 eta 2001). 2004ean Osinalde saria eta Bilboaldeko txapelketa irabazi zituan. 2005ean, Abra sariketea. 2006ko Bilboaldeko txapelduna be bada. 2002ko, 2004ko eta 2006ko Bizkaiko bertsolari txapelketetan finalaurrekoetan kantau eban.
- Matxalen Zabaljauregi.- Bilbotarra, 27 urte. Bosgarrenez parte hartuko dau Bizkaiko bertsolari txapelketan.
- Mauri Iruretagoiena.- Zarauztarra sortzez eta gautxoria. 50 urte. Lehenengoz parte hartuko dau Bilboaldeko Bertsolari Txapelketan.
- Arkaitz Zipitria.- Zorrotzan jaio zan (Gurutzetako ospitalean) 1987an, baina Oreretan bizi izan da bost bat urtez. 2000ean Arrigorriagara bizitera etorri zan arte. Aurretik gizarte hezkuntzan aprobea egin ostean, erizaintza ikasten dabil. Lehenengoz parte hartuko dau Bilboaldeko Bertsolari Txapelketan.
- Eneko Piedra.- 1989an, Bilbon bertan, jaioa. Odontologia ikasle hau Santutxun bizi da eta bertako bertso eskolan dabil. Eskolan hasi zan bertsotan, artean umea baino ez zala, eta urteen buruan zarata handirik atara barik, baina afizinoari eutsita txapelketarako prest da.
- Mikel Galarza.- Bilbotarra, 44 urte. Ekonomi eta enpresa zientzietan lizentziatua, irakasle moduan dabil. Santutxu, Gaztainondo eta Kafe Antzokiko bertso-eskoletako kideak izan ditu kantukide ohikoenak.
Durangaldea
Durangaldeko txapelketan, danetara, hamaika bertsolarik emon eben izena eta hori dala-ta, finalaren aurretik kanporaketa edo aurresaio bi antolatu behar izan ditue. Aitatu saio bietan punturik gehien lortu daben sei bertsolariek abestuko dabe zapatuan, maiatzaren 24an, Garaiko frontoian. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da saioa eta bertan izango dira Gorka Lazkano, Eneko Abasolo ‘Abarkas’, Miren Amuriza, Ander Salaberria, Eñaut Uruburu eta Garikoitz Sarriugarte.
- Eneko Abasolo ‘Abarkas.- Iurretarra, 32 urte. Okina da, banatzailea. 1998an parte hartu eban lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. 2004an finalaurrekoetara heldu zan.
- Ander Salaberria.- Durangarra, 32 urte. Soldatzailea da. Iurretako bertso-eskolan trebatua. Azken urteotako Durangaldeko Txapelketa danetan parte hartu dau.
- Gorka Lazkano.- Berriztarra, 28 urte. Irakaslea da. 1998an parte hartu eban lehenengoz Bizkaiko txapelketan eta ordutik txapelketa danetan hartu dau parte. 2004an eta 2006an finalaurrekoetara heldu zan.
- Miren Amuriza.- 18 urte. Ikaslea. Lehen aldiz parte hartuko dau Durangaldeko Txapelketan.
- Eñaut Uruburu.- 19 urte. Abadiñoarra. Psikologiako ikaslea. Lehen aldiz parte hartuko dau Durangaldeko Txapelketan.
- Garikoitz Sarriugarte.- Zaldibarrekoa, 32 urte. Injineru teknikoa informatikan. Etxebarriko EIKA kooperatiban dabil lanean. 1998an parte hartu eban lehenengoz Bizkaiko Txapelketan eta 2004an finalaurrekoetan abestu eban.
Epaile lanetan orain arteko talde bera ibiliko da bai batean eta bai bestean be: Josu Telleria, Iñaki Aurrekoetxea, Mirari Azula eta Asier Ibaibarriaga
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!