Miren Azkaratek Europako kultura eta hizkuntza aberastasuna eta Euskadiren presentziaren beharra azpimarratu dau

Bizkaie! 2008-05-22 11:25   Euskaldunak munduan

Euskadiren parte hartzea Europako erabagietan oso mugatua da eta, alde horretatik, Azkaratek Ministro Kontseiluen atariko unea aprobetxau gura izan dau Euskadiren parte hartzea Europako Batasunaren erakundeen erabagi unetan ez dagoala bermatua gogoratzeko.

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak Europako Batasunaren Kultura, Hezkuntza eta Gazteriako Ministro Kontseiluaren ikus-entzunezko eta kultura gaietarako osoko bilkuretan parte hartu dau, euskeraz. Alde batetik ikus-entzunezkoen arloari buruzko bileran izan da, eta merkatu bakarrean sormenezko sareko edukien inguruan ekarpena egin deutso Europar Batasuneko Kontseiluak Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordea eta Eskualdeetako Komitearen aurrean aurkeztutako txostenari. Ondoren, kultura arloko kontseiluaren bileran parte hartu dau.

Euskadik, Eusko Jaurlaritzearen Kultura Sailaren eta Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa Sailaren bitartez, erkidegoen ahotsa daroa Europar Batasuneko Hezkuntza, Gazteria eta Kultura arloko Ministro Kontseilura kultura eta hezkuntza eta ikus-entzunezko gaietan 2008. urteko lehen seihilekoan, Esloveniaren presidentziaren aroan, hain zuzen.

Ikus-entzunezkoen gaien inguruko Ministro Kontseiluan, Azkaratek merkatu bakarreko eduki sortzaileak lantzea eta zabaltzea helburu daben ekimenen aldeko jarrerea azaldu dau. Bere esanetan, ‘eduki sortzaileen inguruko edozein planteamendu egiterakoan, Batzordeak argi eta garbi agertarazo behar ditu sormena eta dibersidadea, eta Europako Batasunaren kultura eta hizkuntza aberastasuna arretaz zaindu beharko leuke’.

Euskadiren parte hartzea Europako erabagietan oso mugatua da eta, alde horretatik, Azkaratek Ministro Kontseiluen atariko unea aprobetxau gura izan dau Euskadiren parte hartzea Europako Batasunaren erakundeen erabagi unetan ez dagoala bermatua gogoratzeko.

‘Parte hartze hori ezinbestekotzat dogu eta Estadua Europako Batasunean txertatu zanez, defendiduten dogu, are eta gehiago hori etorkizunari begira dauen estrategikotasuna kontuan izanda. Europa geure-geurea dan esparrua da eta hor hartzen diran erabagietan egon beharra dogu herri eta gizarte moduan. Jakin badakigu horretarako mugea Madrilen dogula eta ez dogu amore emongo hori gainditu arte eta Europan gure lekua egin arte’, azaldu dau.

Parte-hartzea mugatua eta itxia da eta hamar gai-arloren inguruan gauzatzen da, parte-hartzeari zabaldutako lau alderdi honeekaz bat etorriz: Nekazaritza eta Arrantza; Ingurumena, Lana, Gizarte Politika, Osasuna eta Kontsumoa; eta Hezkuntza, Gazteria eta Kultura.

Azkarate, Bruselan zala aprobetxauta, Rhodri Glyn Thomas Galeseko Kultura sailburuagaz bilerea egin dau, eta Europa mailan hizkuntza gitxituen erabilerea eta nazinoetako gobernuek jorratu beharreko betebeharra izan dabe berbagai.

Eusko Jaurlaritzeak agenda zabala dauka egunotan Bruselan. Batetik, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria hainbat erakunde-bileratan izango da eta bestetik, Tontxu Campos Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa sailburuak Europar Batasuneko Ministro Kontseiluan hartuko dau parte gaur, Azkaratek atzo egin eban legez.

Ibarretxe Luc Van de Brande Eskualdeetako Lan-taldearen presidenteagaz alkarrizketea izango dau gaur arratsaldean, eta Europar Batasunean erkidegoak eta eskualdeak sendotzeari buruz berba egingo dabe.

Gerora, Ibarretxe, Campos eta Azkarate Europar Batasunak dekretautako Kultura arteko Alkarrizketearen Europako Urtea dala-eta Unescok izentautako kultura aniztasunaren egunean, Eusko Jaurlaritzeak antolatuta Flagey Kultura Zentroan Musikeneko ganbera-orkestrak eskainiko dauen ekitaldira joango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu