Abel Enbeitaren ‘Goizero’
2008-05-20 18:42 BertsolaritzeaAurrekoan be esan neutsuen Jentilen Kopla-paper lehiaketako lan gehiago jarriko nituala. Hona hemen ba, bigarren saria eskuratu eban Abel Enbeitaren ‘Goizero’ kopla-sorta:
1- Begiak ezin ireki, 
zergaitik inork baleki...! 
Egunsentiaren zama 
astunegia da beti. 
2- Eguzkiak irriparra, 
sutan da mendi bizkarra... 
Ilargiak disimuluz 
itxi du begi bakarra. 
3- Farolen keinu jolasa, 
piztu da herriko plaza... 
Kale estuan sartu da 
gauaren azken arnasa. 
4- Pausu baldar itxusia, 
eztula ta aharrausia... 
Auzoko mamala horrek 
gaur ere ez ikusia. 
5- Txakurrak zaunka hirutan, 
iratzargailua sutan... 
Izarak korapiloan 
ohearen beheko puntan. 
6- Begira nago, begira, 
ihintza tantaren diztira... 
Izarren keinu azpian 
Zelaia perlaz jantzi da. 
7- Larrosa zuri gorriak 
zabaldu ditu orriak, 
erleak sartu zaizkio 
Ezti gosez etorriak. 
8- Zuhaitz puntatik begira, 
zozoa kantuz ari da... 
Poetaren hitz landuak 
paperean sartu dira. 
9- Printzesak odola urdin 
ihintzak freskura ikurrin... 
Maitasuna izozten da 
Goizero zenbait ikurrin. 
10- Amamak amari ekin 
amak alabari berdin... 
Egunsentia borrokan 
Hiru belaunaldirekin. 
11- Badoa gaua, badoa, 
badoa gauaren loa... 
Egun berriaren suak
heriotzara daroa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
