Luis Eduardo Autek eta Ruper Ordorikak literaturea eta musikea aztertuko ditue Bilbon
2008-05-19 15:41 MusikeaKantautoreek inspirazinoa non eta noiz topetan dan, sortzeko prozesua eta beste hainbat gai landuko ditue maiatzaren 20an, martitzena, 19:30ean Bilboko Bidebarrieta kulturgunean.
Bilboko Bidebarrieta Kulturguneko 'Eztabaidak literatureagaz' topaketek ospe handiko kantautore bi eroango ditue liburutegi bilbotarrera: Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika. 'Literaturea eta musikea' izenburupean egingo dabe berba Jose Blanco poeta barakaldoarrak aurkeztu eta zuzendutako ekitaldian, maiatzaren 20an, martitzena, 19:30ean.
Antolatzaileek adierazo dabenez, oraingoan sorkuntza prozesua izango da topaketearen aztergai nagusia. Kantautoreek inspirazinoa non eta noiz topetan dan, sortzeko prozesua eta beste hainbat gai landuko ditue. Musikeari jagokonez, Autek eta Ordorikak sentimentu eta gogoeta personalak testu edota doinu jakin batera zelan egokitzen diran azalduko dabe, besteak beste.
Luis Eduardo Aute (Manila, Filipinas, 1943) musika espainiarreko kantautorerik garrantzitsuenetakoa da. 'Al alba', 'Rosas en el mar', 'Aleluya nº 1', 'La belleza', 'Las cuatro y diez' eta 'Pasaba por aquí' lako kantak egin ditu. Ganera, Autek bestelako hainbat arlotan be egin izan ditu lanak: pinturan, poesian, film laburren zuzendaritzan...
Ruper Ordorika (Oñati, 1956) oihartzun handiko artistea da. Joseba Sarrionaindiagaz, Bernardo Atxagagaz edota Jon Juaristigaz batera, Pott literatur kolektiboa osotu eban. Lehenengo diskoa, 'Hautsi da Anphora', 1980an grabau eban. Ordutik, danetariko musika estiloak landu ditu bere ahots bereziagaz, rocketik kanta herrikoietaraino.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!