Igaz baino 2.000 lagun gehiagok egingo ditue HABEren euskera-gaitasun tituluen azterketak
2008-05-19 12:05 Euskerea berbagaiEuskera-gaitasun tituluen baliokidetzarako Dekretua indarrean dagoanetik 9.747 euskera ikaslek parte hartuko dabe Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru lurraldeetan egingo diran HABEren 2008ko lehenengo deialdiko azterketatan, 1., 2. , 3. edota 4. mailak lortzeko asmoz.
Euskera-gaitasun tituluen baliokidetzarako Dekretua indarrean dagoanetik 9.747 euskera ikaslek parte hartuko dabe Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru lurraldeetan egingo diran HABEren 2008ko lehenengo deialdiko azterketatan, 1., 2. , 3. edota 4. mailak lortzeko asmoz. Horreetatik 7.132 ikaslek 1. edota 2. mailea lortzeko azterketara aurkeztuko dira. Honezkero batzuk egin dabe azterketea asteburu honetan eta besteek datorren asteburuan izango dabe horretarako aukerea. Danetara, igaz baino 2.000 ikasle gehiago dira aurten.
Orain arte, HABEk emondako euskera-gaitasun egiaztagiriek ez eben administrazino publikoetan lan egiteko balio. Ostera, Dekretuari esker, euskaltegietako ikasketen harian HABEk emondako lau mailetako egiaztagiriek balio ofizial osoa izango dabe.
Pasa dan apirilaren 18tik indarrean dagoala, atzeraeragina dauen Dekretuak Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren B-1, B-2, C-1 eta C-2 mailakaz parekatzen ditu IVAPek, HABEk, Osakidetzak, Ertzaintzak eta Hezkuntza Sailak emondako agiriak, bakotxaren baliokidetzeak ezarrita.
Holan, lehenengoz egingo da HABEren 3. mailea lortzeko azterketea (maiatzaren 24an), eta EGAren eta IVAP eta Osakidetzaren 3. Hizkuntza Eskakizunen eta Ertzaintzearen 2. Hizkuntza Eskakizunaren balio berekoa izango da. Bagilaren 14an, HABEren 4. mailea lortzeko azterketa egingo da, saio modura hirugarren urtea baita zazpi euskaltegitan maila hau emoten dana. Konbalidazino dekretuaren ondorioz, HABEren 4. mailea eta IVAPen edota Osakidetzaren 4. HE balio berekoak izango dira.
Eragin 'oso positiboa'
HABEko zuzendari nagusi Joseba Erkiziak azpimarratu dauenez, 'konbalidazino dekretuaren eragina oso positiboa izan da, izan be, jente gehiago animau da azterketak egitera, balio ofizial osoa eta baliokidetza autortu jakelako HABEren egiaztagiriei eta horrek eragin positiboa izango da ikas-prozesuan; ganera, euskaltegien lanari merezidu daben autortzea emoten jake eta, holan, euskaltegietan zerbitzu osoagoa eskaintzen da'.
HABEren 1. mailea lortzeko aurkeztu diranen artean (3.468 guztira), 470 arabarrak dira, 2.264 bizkaitarrak eta 734 gipuzkoarrak. 2. mailara aurkeztuko diranen artean (3.664 guztira), 480 arabarrak dira, 2.342 bizkaitarrak eta 843 gipuzkoarrak.
Bestalde, maiatzaren 24an HABEren 3. mailea lortzeko aurkeztuko diran herritarren artean (2.616 guztira), 1.606 bizkaitarrak dira, 712 gipuzkoarrak eta 297 arabarrak. HABEren 4. mailako ikastaroan, barriz, 72 ikasle izan dira aurten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!