Jon Lartitegi: 'urte bi barru, hemen ez da flotarik egongo'
2008-05-16 11:56 BarriketanBermeoko 'Caraba' ontziko patroia
Maiatzean, eguzkiaren beroagaz batera, arraina da protagonista kostaldeko hainbat herritan. Ondarroan, zapatu honetan, hilak 17, Antxoa Eguna ospatuko dabe. Bermeon, maiatzaren 22tik 25era bitartean, Arrain Azokan danetariko itsas produktuak egongo dira erakusgai eta salgai. Halanda be, udea iragarten dauen eguzkia hodei baltzek tapau eta trumoi hotsa entzuten da Bermeon. Sektorea krisian dago. Egoera larri horren barri Jon Lartitegi bajurako 'Caraba' ontziko patroiak emon deusku. Kofradiako idazkari Luis Fernando Allikak be eretxia emon gura izan dau.
1.- Zelan bizi dozue Bermeoko Arrain Azokea?
Jon Lartitegi: Arrantzaleok ez dogu ia ezer egiten Arrain Azokan. Azokea fabrikentzat da, arraina zelan elaboretan daben erakusteko.
Halanda be, azokeagaz zerikusia badaukagu ze, azken batean, arraina da protagonistea eta guk arrainagaz egiten dogu behar, baina motorrak, barkuak... ez dira erakusten.
Luis Fernando Allika: Azokea, gehien-gehien, herriak aprobetxetan dau jai bat gehiago egiteko. Batez be, egun horreek konserberek aprobetxetan ditue produktuak saltzeko, arrantzaleek ez daukie ia zerikusirik. Guk be zeozer egiten dogu, geure sektorea dalako, baina oso gitxi.
2.- Jon, noiz eta nondik-nora hasi zinan itsasoan beharrean?
Zortzi urtegaz hasi nintzan, orain dala 32 urte. Familitik jatort, aitagaz hasi nintzan, gitxika-gitxika. Etxeko motor txikitxu bategaz hasi nintzan, hamalau urtegaz itsasora normal urten neban, hamazortzi urtegaz neure motorra erosi arte eta, handik, patroi legez orain arte.
3.- Zein da zure zeregina itsasontziko patroi legez?
Motorra eroan eta arrantzan egin, beste edozein arrantzalek egiten dauen moduan, ze bost baino ez gagoz.
4.- Zelan antolatzen dozue urteko jarduna? Hau da, noiz, nora eta zer atrapetan joaten zarie?
Zemenditik zezeilera, zapotan ibilten gara sareakaz. Gero, zezeiletik apirilera, berdeletan. Gero, bagilean, garagarrilean eta abuztuan, atunetan.
Urte osoan berton inguruan ibilten gara, baina atunetan Azoreserantz eta Irlandarantz joten dogu. Bagilean, Azoreserantz joango gara eta abuztuan igongo dogu Irlandara.
5.- Beraz, gitxi falta da aurtengo atun-kanpainea hasteko. Zelan preparetan da kanpainea lurrean?
Atunetarako, motorra ondo preparau behar da, ze 25-30 egunetarako joaten gara itsasora; zapotan goazenerako, sareak preparau behar dira.
Atrapetan goazenaren arabera egon behar da itsasontzia preparauta.
6.- Zeintzuk dira zure aurreikuspen eta bildurrak?
Kanpainea penaz ikusten dot. Txarto.
7.- Zergaitik?
Petrolioaren prezioa inoizkorik altuen dago eta atunaren prezioa bere horretan mantenduko da, orain dala hogei urteko prezioan dago eta hori ez da aldatuko. Guk atuna hiru euroan saltzen dogu eta erosleak, edonon, hamabi euroan erosi behar dau. Tartean dagozan horreek danak dira gure egoera penagarriaren erantzule.
Gasoilaren prezioa inposible jarri da guretzat. Urte bi barru, hemen ez da flotarik egongo. Oraintxe momentuan gasoila dagoan moduan egonda, penaz gabiz, txarto.
8.- Zenbat barku dagoz Bermeon momentu honetan? Eta zenbat lagun horreetan beharrean?
Hogeta hamazortzi dagoz danetara eta barku bakotxean bost arrantzale; atara kontuak. Danok gagoz bardin, txarto.
9.- Zelan ikusten dozu orain dala hogei urteko arrantzea eta egungoa?
Egungo egoerea askozaz be txarragoa da. Azken hogei urteotan, atunak, berdelak edo edozein arrainek antzeko prezioa euki dabe. Ordurik eta hona, % 10eko igoerea eukiko eben, ez gehiago.
Petrolioak, barriz, gorakada itzela euki dau. Lehen, lehengo 30 pezetan egoan litroa arrantzaleontzat. Orain, ia lau bider karuago.
Allika: Ez dauka zerikusirik, ez personak ez arrantzea bera. Lehen, arrain askoz gehiago egoan, eta beste ilusino bat. Orain, danak dira azkarrak. Lehen, listoak eta ez horren listoak egozan. Orain, danak listoak. Lehen, arrantzaleak profesionalagoak ziran. Hau da, arrantzalea arrantzalea zan goizeko bederatzietan edo gaueko hamarretan. Herrian geratu ezkero, bere burua justifikau behar eban itsasoan ez egoalako, eta begietan min emoten eban kaletik ikusteak. Tripulanteen kalidadeak be behera egin dau. Lehen, ontziari be kasu gehiago egiten jakon, emazteari baino gehiago; orain, ez.
10.- Zein da arazoaren urtenbidea?
Ez dakit. Arrainaren prezioak ez dau egun batetik bestera gora egingo eta badakigu gasoilaren prezioa ez dala bajauko. Bajau ezkero, zer? Bost, sei, zazpi zentimo... Hori baino ez. Altuegi dago.
11.- Gero eta ohikoagoa da euskal itsasontzietan atzerritarrak ikustea. Ze balorazino egiten dozu zuk horren ganean?
Lehenago komentau deutsudan arazoa dala eta, itsasoan gero eta gitxiago irabazten da. Hobeto esatearren: ez da gitxiago irabazten, lehengo moduan irabazten da, baina, egun, herrian biziteko diru asko behar da eta arraina ez bada pagetan, ez dogu irabazten.
Atzerritarrak dirua egiteko asmoagaz datoz hona eta euren helburua lana topetea da. Horregaitik, urteten jakena atrapetan dabe, itsasoa bada, itsasoa. Hori bai: hemen, kanpotarrak zein bertokoak soldata berbera jasoten dau.
Allika: Gure gurasoei esan ezkero Bermeoko ontzietan baltzak egongo zirala beharrean... Orain, hori guztiz onartuta dago ze herritarrek ez dabe lan hori gura.
12.- Zenbat atzerritar dagoz Bermioko ontzietan?
Asko, nahiko. Ukrainiarrak, afrikarrak... leku askotakoak. Ez dagoz lar, hogei lagun inguru, baina gero eta gehiago ikusten dira.
13.- Zergaitik dago gero eta euskal arrantzale gitxiago? Zergaitik ez dira animetan gazteak itsasora joaten? Zer egin behar da horreek erakarteko?
Herrian hobeto bizi gara eta tradizinoa ahaztuta geratu da. Herrian behar egin ezkero, etxean zagoz, zeure soldatatxua daukazu, astegoienak, jai-egunak, oporrak... Itsasoan, zer daukagu guk itsasoan? Zer topauko dogu itsasoan? Urteteko, gastua egin behar da, motorra preparau, gasoila erosi, jatekoa... Gero, hogei egunetarako goaz itsasora, baina: zer atrapauko dogu? Zegan salduko dogu? Zer irabazteko?
Gazteak, hori ikusita eta ganera dirurik ez badau irabaziko, herrian geratzea erabagiten dau. Gaztea itsasora erakarteko, lehenengo eta behin dirua irabazi behar da, hau da, itsasoan herrian baino diru gehiago egingo balitz, animauko litzatekez. Baina egungo egoeran, dirua barra-barra irabaztea ezinezkoa da.
Allika: Egun, herrian lehen baino gehiago bizi da, autoagaz hara eta hona, gizarte segurantza, langabezia kobretan, jaiak... Herrian eta itsasoan soldata bera jasoteko, gazteek gurago dabe herrian geratu. Lehen, hori ez zan holan: itsasoan lurrean baino diru askoz gehiago egiten zan eta horrek bultzatuta joaten ziran gazteak arrainetan.
14.- Egoera latza, benetan.
Bai. Zenbat eta jente gitxiago, motor gitxiago. Eta laster, dana galduko da. Oso argi daukat. Oraindino hemen gagoz, baina ez deuskue aurrera egiten ixten. Ez dago ondorengorik eta nik, neure semeei, ez deutsiet itsasora joaten itxiko, ogibideari ez deutsadalako etorkizunik ikusten. Seme bi daukadaz eta biei esaten deutset: 'edozer gauza, baina itsasoa ez'. Eta ez, berez, gogorra dalako. Gogorrena da hogei egun itsasoan egin zer atrapauko dozun jakin barik eta, zeozer atrapau ezkero, lurrera etorri eta merkadua behe-behean egotea.
15.- Zuk zelan ikusten dozu zure etorkizuna?
Ez dot pentsetan motor honegaz bost urte gehiago egiteko moduan egongo nazenik. Motor barria da, handia, txapazkoa... Neure bizi osoan beragaz lan egiteko modukoa, baina saldu, bota, sua emon... Ez dakit zer egingo dodan ontziagaz...
16.- Ze arrain edo nongoa jango dogu orduan?
Kanpokoa. Hori bai, arrainaren kalidadea bata zein bestea izan... Kontsumitzaileak Bermeko atuna prezio batean ikusten badau baina alboan Italiako atuna merkeago badago, akaso Italiakoa erosiko dau. Eroslea ez da horren erruduna, arrantzalearen eta produktuaren azken prezioaren artean eragiten daben faktore edo tartekoena baino.
17.- 'Playa de Bakio' ontzia urrun ebilen bahiketea jazo zanean. Zelan bizi izan zenduzan bahiketa-egun hareek?
Arduratuta egon ginan, baina ontzia bermeotarra izan arren, atunetako ontziak eta gu mundu desbardinetan gagoz. Horregaitik, zeozelan, kanpotik bizi izan genduzan bahiketa-egunak. Gu bajurakoak gara eta ez genduzan ezagutzen.
18.- Halanda be, itsasoan ibilten zareala kontuan izanda, eretxiren bat eukiko dozu bahiketearen edo bahiketak ebitetako egin beharrekoen ganean.
Bahiketak ebitetako, Gobernuak jokabidez aldatu behar dau eta gune hareetan zeozer imini, ontzi bereziren bat. Hemendik hara doazen itsasontzien helburu bakarra arrantzan egitea da eta ez dira ezertarako be hurreratzen lurrera.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!