‘Spraikada’, Euskal Herriko V. Graffiti Lehiaketea Erandion aurten
2008-05-13 19:32Lehiaketan parte hartzeko, egin nahi dan graffitiaren zirriborroa bialdu behar da lehenengo eta behin, eta hori egiteko epea bagilaren 27ra arte dago zabalik. Jasotako lan guztien artean, hamar onenak aukeratuko dira, eta horrexek izango dira Erandioko hormetan islatuko diranak.
Orain bost urte hasitako bideari jarraituz, aurten Erandion egingo dan Euskal Herriko Graffiti Lehiaketea aurkeztu dau gaur, hilak 13, Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoak Bilbon. Aurkezpenean izan dira: Xabier Sanchez Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendaria, Maitane Leizaola Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria zuzendaria, Aitziber Oliban Erandioko Udaleko Gazteria Batzordeko presidentea eta euskera zinegotzia, Garikoitz Arregi grafitilaria eta Sonia Pérez Anguera Topagunearen Haur eta Gazte Saileko teknikaria.
Bosgarren edizinora heldu izana ‘Lehiaketearen harrera eta indarraren seinale’ dala esan dau Topagunearen Gazte Saileko arduradunak, Sonia Perez Anguerak. Arrakasta hori ospatzeko, eta proiektuari osotasuna emoteko, aldaketa nabariak izango dira aurten lehiaketearen planteamenduan.
Lehenengo eta behin, izen propioa estreinauko dau aurten Euskal Herriko Graffiti Lehiaketeak. Graffitiaren munduan mobiduten diran lagunen proposamenak eta eretxiak jaso ostean, igazko lehiaketan parte hartu eban Mikel Aldekogarai gazteak proposatutako Spraikada izena eroango dau ekimenak aurrerantzean.
Izenagaz atera, irudi grafiko bateratua be estreinauko dau Spraikadak. Atal grafikoa 2007ko lehiaketearen irabazlea izateaz gan, 2006koan be sarietako bat jaso eban Garikoitz Arregi berriztarraren esku itxi izan da. Antolatzaileen esanetan, artista gazteak ‘oso irudi argia sortu dau, Spraikadaren mamia be oso ondo islatzen dauena’. Aldaketak, beraz, izenean, baina baita izanean be. Aurtengo edizinoan hasita, lehiaketea baino askoz gehiago izango da Spraikada, izan be, garagarriletik aurrera webgunea eta Durangoko Azokarako aldizkaria ataratea dira asmoak.
Gaurko aurkezpenaren helburua, halan da be, graffiti lehiaketearen beraren barri emotea izan da: Mendaro, Getxo, Tolosa eta Gernika-Lumotik pasau ondoren, Erandion izango da aurten buruz burukoa, garagarrilaren 19an. Buruz burukoan, betiko moduan, hamar graffiti lehiatuko dira, 1.500, 1.200 eta 900 euroko sariak eskuratzeko.
Lehiaketan parte hartzeko, egin nahi dan graffitiaren zirriborroa bialdu behar da lehenengo eta behin, eta hori egiteko epea bagilaren 27ra arte dago zabalik. Jasotako lan guztien artean, hamar onenak aukeratuko dira, eta horrexek izango dira Erandioko hormetan islatuko diranak.
Parte hartzeko baldintzei dagokienez, gitxi dira, eta beteten errazak: 16 urtetik gorako gaztea izatea, graffitiko testuak euskeraz egitea, zirriborroa epea amaitu aurretik bialtzea eta, finalista subertau ezkero, aukeratutako zirriborroko graffitia antolakuntzak emondako sprayakaz egitea. Hortik aurrera, estiloa, teknika eta gaiak libreak dira erabat.
Edozelan be, parte hartzeko interesa dabenek euren herriko euskera alkartean zein interneten topau leikiez lehiaketaren oinarriak. Horretarako helbidea ondoko hau da:
http://www.topagunea.org/graffiti
Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoa 1997an sortu zan, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 euskera alkartek osotzen dabe. Alkarteon zein Federazinoaren beraren helburua euskerearen erabilerea sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen ditue, besteak beste, haur eta gazteen aisialdia, kulturgintzea,tokiko hedabideak, mintzapraktikea, entidateak euskalduntzea, sentiberatzea…
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!