Bertsoplaza.tv, bertsolaritzearen egunerokotasuna sarean

Bizkaie! 2008-05-12 15:44   Bertsolaritzea

Bertsolaritzearen egunerokotasuna zuzenean jarraitzeko ekimen interaktiboa da Bertsoplaza.tv webgunea. Dobakoa, erakargarria, bizia, egunerokotasuna islatzen dauena, parte hartzailea edota interaktiboa.

Gipuzkoatik Bizkairako errepidean, Zumaian jazotako ezbehar baten ondorioz, Bertsozale alkarteko gipuzkoar ordezkariek ezin izan dabe sasoiz ailegau Bizkaiko Foru Jauregian egin beharreko prentsaurrekora. Hori dala eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskera sailaren izenean, Miren Dobaran Euskerea Sustatzeko zuzendariak egin dau ekarpena ordezkatzen dauen erakundearen izenean eta Bertsoplaza.tv proiektuaren barri be berak emon dau.

'Bertsolaritzearen egunerokotasuna zuzenean jarraitzeko ekimen interaktiboa da Bertsoplaza.tv webgunea', azaldu dau Dobaranek. 'Sare teknologikoan pausuak emotea ezinbestekoa da euskerearen sustapenerako eta behar-beharrezkoa da euskerazko baliabide teknologikoak herritarren esku jartea eta euskerea aro barrietara egokitzea'. Bide horretan, zuzendariak ganeratu dau Bizkaiko Foru Aldundiak bete-betean egiten dauela bat ekimen barri honegaz, 'bertsolaritzea sendotzeaz gan, euskerea sustatzeko eta zabaltzeko tresna egokia be badalako'.

Interneten eta bertsolaritzearen arteko loturea estua da. Horren erakusle dira bertsozale.com, gutagutarrak.eu edota lanku.com, besteak beste. Halanda be, 'tresna horreek ez dira interaktiboak eta bakotasun horretatik abiatuta sortu da bertsoplaza.tv'.

Dobakoa, erakargarria, bizia, egunerokotasuna islatzen dauena, parte hartzailea edota interaktiboa. Berba horreek erabili ditu Dobaranek webgunea deskribiduteko. 'Erabiltzaileari parte hartzeko aukera zuzena emongo jako', ganeratu dau. Tresna barria bertsolaritzearen inguruko danentzat erabilgarria izango da, ez bakarrik bertsolarientzat edo bertsozaleentzat, baita kazetari, irakasle zein bestelakoentzat be.


Edukiak

Webgunearen berezitasun nagusia bideoak izango dira (Bertsozalek zein erabiltzaileek eurek egin eta bialdutakoak), tartean bertso-saioen emonaldienak. Horretarako, Hitzetik Hortzera telebista-programako bideoak edota publikoak egindako ekarpenak argitaratuko dira. Ostean, emonaldien ganeko iruzkinak egiteko aukerea izango da.

Bideo horreez gan, ikus-entzunezko zein idatzizko eskaintza zabala dakar Bertsoplaza.tv atariak. Saioen ganeko kronikak; erreportajeak; alkarrizketak; bertsolaritzearen inguruko adituek egindako analisiak; bertso-saio historikoak Xenpelar Dokumentazino Zentroaren eskutik; bertso gustukoena zein asteko bertsoa aukeratzeko botazinoa; beste herrialde batzuetako ahozko inprobisazino-lanak... Atal horreetan danetan, erabiltzaileak eretxia emon leike iruzkinen bidez, izan be, 'webgunearen ezaugarri azpimarragarriena, itxuraz webgune arrunt bat izan arren, interaktibotasuna da, erabiltzaileen gustuen arabera elikatuko da', azaldu dau Dobaranek.

Azken batean, 'bertsolaritzea egunean-egunean jarraitzeko tresnea da bertsoplaza.tv, bertsolaritzea gazteei euren tresnaz eta euren hizkuntzaz hurreratzeko baliabide bikaina'.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu