Hegazkinak, txoriak eta softwareak

Gotzon Plaza Informatikoa 2008-05-09 15:30

Aireportuetan, txoriek edota insektuek eragindako istripuek urtero 12.000 miloe dolarreko gastua dakarre hegazkinen konponketak eta geldi egon behar daben denporea kontuan izanda. Hori dala eta, software-teknikariek ikerketa-bideak jorratu ditue arazoari aurre egiteko.

Zelan demontre altzetan da lurretik hegazkin bat? Zelan egiten dau hegaz? Galdera filosofiko horreei erantzuna emoteko akaso fisika kontuetan sartu behar geunke eta, halanda be, ez ginateke guztiz konbenzituta geratuko, ni neu ez, behintzat. Hegazkina altzau, aireratu egiten da, baita lurreratu be; Loiuko aireportuan ikus geinke hori.

Honetaz dakienek zera dinoe: hegaldi baten momenturik larrienak horrexeek dirala, aireratzeko eta lurra hartzeko momentuak. Arrazoi asko ei dagoz horretarako: aire korronteak, hegazkinaren abiadura egokia, aparatuaren zuzenketea edo posizino egokia... Baina badago beste arazotxo (edo arazo handi) bat, sarritan ikusten ez doguna. Zein izango ete da? Aireportuetan egoten diran txoriak, banan-banan doazenean edo, larriagoa dana, tropelean doazenean.

Txoriak, normalean, altuera txikietan mogiduten dira; baina askok esparru zabaletan hegaz ibilteko joerea daukie. Hori dala eta, kontu handiz ibili behar dabe bai aireportuetako arduradunek baita hegazkinetako pilotuek, ezbeharren bat ez izateko. Arazoari aurre egiteko, badago aspaldinadik nahiko arrakastatsua dan metodoa: aireportuetan miruak edo arranoak erabili, ez txoriak atrapetako, ikaratzeko eta handik alde egin arazoteko. Holako zerbitzuak egon badagoz Madrileko aireportuan eta Bartzelonakoan be, baina ez dot uste Loiukoan holakorik dagoanik. Ondo legoke sistema horreek erabiltea baina aireportua oso handia bada (New York-ekoa, Londonekoa edo Moskukoa, berbarako), metodoa ez da arrakastatsua izango bere osotasunean.

Igazko garagarrilean, txori-talde batek eta Antonov 12 BP hegazkin batek alkarren kontra tupust egin eta, ondorioz, hegazkineko zazpi tripulanteak hil ziran. Beharbada ez hain larriak baina holako istripuak ia aireportu guztietan izaten dira. Britainia Handiko 'Central Service Laboratory'-ko teknikarien kalkuluen arabera, urtero 12.000 miloe dolarreko gastua dakarre holako istripuek, hegazkinen konponketak eta geldi egon behar daben denporea kontuan izanda. Ez da ez, orduan, brometako kontua eta horretan ikerketa batzuk garatu dira azken urteotan.

Radarraren bitartez, aireportuetako kontroleko beharginek hegazkinen espazioan zeozer dagoala ikusten dabe baina radarrak ez dau esaten zer dan, txori bakar bat, txori multzo bat, insektu talde bat (erleak, berbarako) edo txoriak eta insektuak nahastauta. Ezta txori hori handia edo txikia dan (zenbat eta txori handiagoa izan, orduan eta arriskutsuagoa). Akaso, kontrol-teknikariak jakingo dau zer dan baina horretarako esperientzia nahikoduna izan behar dau, normalean radarrean holako seinaleak sartu arren, ez dalako denpora nahikoa egoten aztertzeko. Txoriak badira, euren hegoen mobimentuak radarreko seinalean olatuen zaratearen antzekoa eragiten dabe baina ez da erraza honetaz konturatzea, esperientzia eta denporea behar dira eta. Erabagiak arin hartu behar dira (hegazkina desbideratu edota aireratzea zein lurreratzea atzeratzea) eta presinoa handia da. Euren lanean laguntzeko, honako ikerketa bideak jorratzen dabiz software-teknikariak:

- Txoriak edota insektuak diran jakiteko, haizearen norabidea kontuan izaten da. Insektuek ezin dabe haizearen kontra egin eta txoriek bai. Hori oinarritzat hartuta, radarretan agertzen diran seinaleak software baten bitartez aztertzen dira azken emoitzak jakiteko.

- Orain dala urte bi, honako proeiktua plazaratu zan: aireportuen inguruetan mikrofono bereziak iminitea. Mikrofono horreek soinuak hartu eta, holan, txorien kantak detektetan ziran. Hori garatzeko be software berezia behar zan baina sistema horrek puntu negatiboak ditu: eremu bateko soinuak baino ez zituan aztertzen eta, aireportuetako segurtasuna benetan bermatzeko, kilometro bi ta erdira dagozan soinuak aztertu behar ziran. Gainera, txoriak ez baeban kantetan, zer?

- Oraintsu aurkeztu dan aparteko softwarea: radarraren bitartez hartzen diran seinaleak aztertu eta txoriak edota insektuak diran sistema bat garatu dabe Suitzako Ornitologia Institutukoek. Sistema honegaz % 93-98ko arrakastea lortzen ei dala dinoe ikerlariek. Honako soft honek barruan milaka seinale ditu gordeta eta bat aztertu behar dauenean, konparau egiten ditu jasotakoa eta gordeta daukana. Konparazino horretatik analisi estatistikoak egiten dira emoitza eskaintzeko. Zenbat eta adibide gehiago gordeta euki, konparizino gehiago egin ahal izango ditu eta emoitza seguruagoa izango da.

Badaezpada, hurrengoan Loiuko aireportura goazenean, hoba txoririk edo intsekturik ikusten ez badogu. Trankilago hartuko dogu hegazkina. Eta ia behingoz enteretan garan zelan egin leiken hegaz holako burdintzarrak!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu