Amezua ‘tanbolintteruei’ omenaldia Berrizen

Bizkaie! 2008-05-08 18:47

Maiatzaren 10ean, arratsaldeko 20:00etan, egingo da herri ekitaldia Amezuatarrak gogoratuz. Berrizko Udalak eta Gerediaga Alkarteak antolatu dabe ekitaldia eta Durangaldeko Txistulari Alkartea, Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo Dantza Taldeak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntzinoagaz egingo da.

Juan Bautista Amezua jaio zala 250 urte bete dira apirilaren 4an. Berrizen eta Durangaldeko beste herri batzuetan tanbolinteru izan ziran Amezuatarren lehen oinordekoa izan zan bera. Danetara, bost belaunalditan iraun dau Amezuatarren txistu-doinuak.

Maiatzaren 10ean, arratsaldeko 20:00etan, egingo da herri ekitaldia Amezuatarrak gogoratuz. Berrizko Udalak eta Gerediaga Alkarteak antolatu dabe ekitaldia eta Durangaldeko Txistulari Alkartea, Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo Dantza Taldeak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntzinoagaz egingo da.

Berrizko Kultur Etxean egingo da omenaldia:

- Serafin Amezuaren txistu-doinua entzungo da, orain dala hiru hamarkada egindako grabazinoa.

- 20ko hamarkadan Manuel Intxaustik Euskal Herriko usadio eta dantzen filmazinoak egin zituan Eusko Ikaskuntzagaz alkarlanean. Horreen artean, Berrizko dantzariak dagoz, Amezuatarrak tanbolinteru dirala. Lau minutuko grabazinoa Euskal Filmotekan dago. Irudi horiek proiektauko dira.

- Durangaldeko txistulariek Dantzari-dantzako doinuak jo eta ikus-entzuleen laguntzinoagaz, doinu horreetara moldatutako Berriz, Mañaria eta beste herri batzuetako herri-koplak kantauko dira.


Amezuatarrak

Amezuatarrei buruz ez da egin ikerketa sakonik. 1814an Berrizko Eleizateko kontuetan agiri da lehenengoz Amezuatarrei egindako ordainketa bat tanbolinteru lanengaitik: Juan Bautista de Amezua Basagutxi Ganekoari egindakoa. Vicente de Urkizak ‘Antigüedades de Berriz’ liburuan aitatzen dau bera izan daitekeela Berrizko lehen txistulari ofiziala. Baina Udaleko kontuetan, 1785ean, San Pedro eguneko funtzinoetarako Durangoko tanbolinteru bat dakarrela aitatzen da; herrikoa da antza, baina ez da bere izenik aitatzen.

Juan Bautista Amezua 1758ko apirilaren 4an jaio zan. Pedro Amezua eta Josepha Lasuen de Susoren semea zan. SegurutikAndikoako Basagutxiganekoa baserrian jaio zan. Abizenak erabilteko orduan, Amezuaren ondoan, batzuetan, Basagutxiganekoa erabilten eban, jatorriko etxea aitatuz. Juan Bautista Magdalena Gallastegi Oregigaz ezkondu eta bost seme izan zituen.

Euren artean egoan Juan Domingo Amezua Gallastegui, 1805eko garagarrilaren 14an jaioa. Aitaren txistulari sena Juan Domingok hartu eban. 1939an Abadiñoko Francisca Mallabiabarrena Apraizegaz ezkondu zan. Tanbolinteru ofizioak ez eban emoten biziteko beste, eta Juan Domingok, urte askotan, Berrizko Udalak Ereñan eban taberna enkantean izan eban. Lau seme-alaba izan zituan. Hirugarrena, 1846an jaio zana, Francisco Maria Amezua Mallabiabarrena izan zan. Berak jarraitu eban aitaren tanbolinteru ofizioagaz.

Vicente de Urkizak idatzi ebanez, 1841etik 1873ra izan zan Juan Domingo Amezua Berrizko tanbolinterua. Urteko 460 errealeko soldatea jasoten eban. 1880ko kontuetan, Garaiko Udalean be, Juan Domingo Amezua agertzen da tanbolinteru nagusi.

Francisco Maria Amezua Mallabiabarrena, seguruenik, aitagaz atabalero legez hasiko zan jaietan, ofizioa ikasiz eta plaza gizona eginez. Pentsetakoa da, Francisco izan zala ‘Patxikotxu’ ezizenagaz ezagutzen ebena. Aitak itxi ebanean, Francisco Mariak jarraitu eban Garai eta Berrizen ‘tanbolintteru’. 1884ko Garaiko kontuetan, 50 pezeta pagau eutsiezala agertzen da jaietan joteagaitik. Iurretan be, eleizate honetako dantzariakaz San Migel jaietan joten eban. 1891ean, Iurretan egin ziran Euskal Jaietan, Antoine Abbadie eta bere emaztea, Sabino Arana, Jose Maria Ampuero, eta garai haretako euskal kulturan aintzindari izan ziranen aurrean be Franciscok jo zituan txistua eta tanbolina. Sabino Aranak berak idatzi eban, Amezuari entzun eta gero ‘Agintariena’ doinuaz liluratu eta doinu hori erabili ebala ‘Euzko abendaren ereserkia’ egiteko.

Francisco Maria 1869an ezkondu zan Abadiñoko Petra Agirre Bizkarragaz. Zortzi seme-alaba izan zituen. Hipólito Amezua Agirre 1870eko abuztuaren 22an jaio zan. Aitaren musikari bidea jarraitu eban berak, nahiz eta XIX. mendearen amaieran eten bat izan. Urte horreetan Berrizko tanbolinteru Pedro Jose de Abaitua y Aresti agiri da papeletan. Halan da be, XX. mendearen hasieran, Hipólito Iurretako tanbolinteru izan zan 1945era arte. Amezuatarrek ez zituen Berriz, Garai edota Iurretako plazak bakarrik alaitzen. Mañaria eta Izurtzako eleizateetako ‘tanbolintteru’ be baziran. Sasoi hareako argazki batzuetan, Hipolito tanbolinteru ta Serafín bere semea atabalero agertzen dira.

Hipolito 75 urtegaz erretirau zan eta bere semeari, Serafíni, itxi eutson ofizioa. Serafín Amezua Usaola 1899ko urriaren 12an jaio zan. Abere tratantea izan zan ogibidez. 1973an Juan Maria Mendizabalek ‘Txistulari’ aldizkarirako egin eutson alkarrizketan 12-13 urte zituala aitagaz hasi zala txistulari autortu eban. Berriz, Garai, Iurreta, Izurtza eta Mañariako dantzarien musikari izan zan eta herriotako jaietarako dantza taldea osotzerakoan berak aukeratzen zituan zortzi ezpatadantzariak.

XX. mende hasieran euskal folkloreak loraldia izan eban. Euskal Herritik kanpora be dantzatu eben eskualdeko dantzariek. Serafinek gogoratzen eban, esaterako, 1929ko maiatzean, bera, aita eta Iurreta eta Berrizko dantzariak Sevillara joan ziranekoa. 1929. urteko abenduan, Violet Alford folklorista britainiarraren lanaren ondorioz, Berrizko dantzariakaz Londresko Albert may antzoki famatuan be jo eben aita-semeek.

Askok bezela, 36ko gerra zibilak bere bizitzan eragin handia izan eban. Abertzale izanda, 1937an Berriztik alde egin eban eta ezkutuan izan zan 1941. urtera arte. Berrizera bueltau eta gerra-kontseilu bati aurre egin eutson. Errubakotzat jo eben. Gerra ostean aitagaz jarraitu eban eta gero, bakarrik. Bere doinuakaz, Apatamonasterio, Arrazola, Mendata, Bolibar, Markiña, Ibarruri... hainbat herritako erromeriak be alaitu zituan. 1973ko zemendiaren 12an hil zan Gurutzetako ospitalean.


Oroigarria

1974ko garagarrilaren 7an, Gerediaga Alkarteak bultzatuta, merinaldeko dantza taldeen laguntzinoagaz, Ereñan antolatu zan VIII. Ezpatadantzari Eguna, Amezuatarren oroimenez. Ereña auzoko taberna ondoko landan, Eugenia Aranzibiagaz, Serafinen emazteagaz, eskualdeko 22 dantza talde eta hainbat personen aurrean ‘Tanbolitteruen’ oroimenez monolito bat inaugurau zan. Zutabea, herri harpidetza bidez pagau zan. Amezuatarrei egin gura jaken lehen zatia izan zan, eskultura bategaz osotu gura zalako. Baina eskulturaren ideia bertan behera geratu zan.

Markinara doan bidearen konponketak egin ziranean, Ereña auzoko tabernea bota egin eben eta oroigarria Ereña-etxebarrira aldatu zan, Amezuatarrak bizi ziran etxearen ondora. Azken urteetan tokiak aldaketa handiak izan ditu. Ereña-etxebarri bota eta gasolindegia egin eben. Horregaitik, oroigarria gaur egun, gasolindegiko lorategi txiki batean kokatuta dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu