XXIV. ‘Udabarriko Bertso Saioak’ Jaialdia Bilbon maiatzeko zapatuetan
2008-05-07 15:22 BertsolaritzeaSantutxuko Bertso Eskoleak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak alkarlanean sustatzen daben ‘Udabarriko Bertso Saioak’ jaialdiaren XXIV. edizinoa zapatu honetan, maiatzak 10, hasiko da Santutxuko Karmelo Plazan.
Santutxuko Bertso Eskolak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak alkarlanean sustatzen daben ‘Udabarriko Bertso Saioak’ jaialdiaren XXIV. edizinoa zapatu honetan, maiatzak 10, hasiko da Santutxuko Karmelo Plazan. Hilebete honetako astegoien guztietan, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Unai Gaztelumendi, Sustrai Colina eta Jon Maia lako kategoriako bertsolarien jardunaz gozetako aukerea izango da. Gainera, igaz egin zan legez, haize zabaleko emonaldi honeekaz batera, jaialdiak ekitaldi berezia eskainiko dau Begoñako udaltegian. Oraingo honetan, Unai Iturriagak eta Igor Elortzak inprobisazino ariketa interesgarria egingo dabe musikari batzuen laguntzaz ‘Gu ta gutarrak’ izenburuko ikuskizunean. Hitzordua, barikuan, maiatzak 30, 20:00etan.
Zapatu honetan, hilak 10, eduerdiko 13:00etan hasita, programearen lehenengo emonaldiak protagonista aparta izango dau: Euskal Herriko txapelketa nagusia hainbat aldiz irabazi dauen Andoni Egaña bertsolari ospetsua; eta beragaz batera, belaunaldi barriko bertsolaririk bikainenetako batzuk izango dira jentaurreko zereginetan, Amets Arzallus hendaiarra eta Maialen Lujanbio eta Jon Maia gipuzkoarrak —azken hau txapelketa nagusiko finalista izan da behin baino gehiagotan— tarteko dirala.
Hilaren 17ko hitzorduan, Fredi Paiak erronka botako deutse bere anaia Xabi Payari —Bizkaiko txapelduna 2006an—, Sustrai Colinari —Euskal Herriko finalista 2005ean—, eta igaz, Gipuzkoako txapelketan egindako lehen agerraldian berealdiko ospea lortu eban Aitzol Barandiaran bertsolari gazteari.
Haize zabaleko azken emonaldia hilaren 24an egingo da Santutxuko Karmelo plazan, 13:00etan. Bertan, bertsozaleek norgehiagoka ederra ikusi ahal izango dabe abenduan Gipuzkoako txapela irabazi eban Aitor Mendiluzeren eta orduko haretan finalista geratu zan Beñat Gaztelumendiren artean. Horreekaz batera, Unai Gaztelumendi (Beñaten anaia) azalduko da taula gainera, bai eta bertso mundura etorritako emakume gazteen ordezkari gorenetakotzat joten dan Oihana Bartra bilbotarra be.
’Udaberriko Bertso Saioak’ zikloaren aurtengo azken ekitaldian ‘Gu ta gutarrak’ ikuskizuna eskainiko dabe Igor Elortzak —lau aldiz irabazi dau Bizkaiko txapela—, eta hiru aldiz txapelketako finalista geratu dan Unai Iturriagak. Durangar honeen ekitaldiak bertsoa eta musika buztartzen ditu, bat-bateko jardunetik sortzen diran errimakaz batera. Hitzordua, barikuan, maiatzak 30, Begoñako barrutiko udaltegian (Circo Amateur, 2), 20:00etan hasita. Sarrerea dobakoa izango da.
Bilbon euskerea eta euskal kulturea sustatzeaz gan, ‘Udaberriko Bertso Saioak’ ekimenaren bidez, euskaltzaleei topagunea eskaini eta uriko bertso eskolek egiten daben lanari babesa adierazo gura jake.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!