Gaurkotasun zientifikoak berezko lekua izango dau Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean

Bizkaie! 2008-05-07 14:04

Jardunaldion bitartez, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak zientziaren garapenagaz zerikusia daben gaiei buruzko eztabaida eta zabalkunderako gunea sortu gura dau, euskeraz nahiz erderaz, maila handiko adituen gogoetak abiapuntutzat hartuta.

Bidebarrieta Kulturguneak harrerea egingo deutso maiatzeko eguen guztietan zientzia dibulgazinoa xede dauen ‘Bidebarrieta zientifikoa’ programearen laugarren edizinoari. Berbaldi ziklo honetan, matematikaren etorkizuneko erronkak eta Unibersoko bizitza lako gaiak aztertuko dira. Jardunaldion bitartez, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak zientziaren garapenagaz zerikusia daben gaiei buruzko eztabaida eta zabalkunderako gunea sortu gura dau, euskeraz nahiz erderaz, maila handiko adituen gogoetak abiapuntutzat hartuta. Oraingo honetan, Agustín Sánchez Lavega fisikaria, Enrique Zuazua Iriondo matematikaria eta Ana Ramos itsas-biologoa dira konbidatuak, hilaren 8, 15, 22 eta 29an, 19:30etan hasita (sarrerea dobakoa).

Lehenengo ekitaldian, Bilboko Injinerutza Goi Eskolako Fisika Aplikatuko katedradun Agustín Sánchez Lavegak honako galdera hau luzatuko deutse bertaratutakoei: ‘Unibersoko edozein lekutan bizi al daiteke?’. Berbaldian, fisikariak bertatik bertara azalduko dau, energia iturria, ur likidoa eta karbonoa izanda be, ez dala beti posible bizitza agertzea, ez behinik behin gure artean ezagutzen dogun moduan. Sánchez Lavegak Max Planck Institutuko astronomia zentro espainiar-alemaniarrean lan egin dau Almerian, eta Eguzki Sistemearen Esplorazinorako aholku batzordeko kidea izan da Europar Espazio Agentzian. Horrezaz gan, 130 ikerketa artikulu baino gehiago argitaratu ditu, eta lan horreetako batzuei esker, hiru aldiz azaldu da ‘Nature’ aldizkari ospetsuaren azalean.

Hilaren 15ean, matematika izango da jaun eta jabe Bilboko liburutegian. ‘Matematika = etorkizunerako bide?’ izenburuko berbaldian, Zientzia eta Teknologiaren Euskadi Saria irabazi dauen Enrique Zuazua Iriondo adituak antxinako jakintza-alor honek informatikearen eskutik eta garapen teknologiko eta sozialean laguntzeko asmoz gainditu beharko dituan erronkak aztertuko ditu. Zuazua Iriondo Matematika Zientzietan lizentziau zan EHUn, eta Europako eta OTANeko zenbait proiektutan parte hartu ondoren, gaur egun Ikasketa Aurreratuen Madrilgo Institutuko (IMDEA) zuzendaria da. Igaz Julio Rey Pastor Ikerketa Saria irabazi eban Matematika eta Informazino eta Komunikazino Teknologien alorrean.


Henrike Knörr filologoari omenaldia

Hilaren 22ko berbaldian, oraintsu hildako Henrike Knörr filologoaren irudia eta lana ekarriko dira gogora. Omenaldi hau Euskaltzaindiako burua, Andres Urrutiaren eskutik izango da.

Henrike Knörr (Tarragona, 1947), EHUn Euskal Filologiako Katedraduna zan eta Hizkuntzalaritzako eta Euskal Ikaskuntzako Saila zuzentzen eban. `Landazuri´ aldizkariko arduradun gorena zan aldizkaria jaio zanetik, 1993tik. Bere ikerketak euskerearen jatorriaren eta bere garapenari lotuak egon dira, euskaldunen garapen sozial eta kulturalari lotuak eta ganerakoo hizkuntza eta kulturakazko hartu-emonei lotuak.

‘Bidebarrieta Zientifikoa´ egitarauaren lekukoa Andoni Sagarnak hartuko dau, Euskaltzaindiako kidea berau 2006tik, nahiz eta 1987tik hainbat lan egin erakunde honentzako. Bere ekarpenak lexikoari lotutakoak izan dira eta honen modernizazinoaren ingurukoak bestelako hizkuntzetan. Sagarnak Nafarroako Unibersidadeko Goi Injinerutza Tekniko Industrialean, Injinerutza Industrialeko ikasketak egin zituan, egun zentru honetan euskera zientifikoko klaseak emoten ditualarik .

‘Ibilbide bat euskal kulturearen historian barrena: Iruña-Veleiatik gure egunetaraino’ gaia jorratuko dau. Zikloan euskeraz egingo dan hitzaldi bakar honetan, erromatarren garaiko Euskal Herriko aztarnarik garrantzitsuenak batzen dituan arkeologia aztarnategitik abiatu eta gainbegirada orokorra egingo deutso euskaldunen ondare kulturalari.

‘Bidebarrieta zientifikoa’ amaitzeko, hilaren 29an, Ana Ramos itsas-biologoaren berbaldia izango da. ‘Bizitza muga-mugan: 20 urteko ikerketa Antartikoan’ izenburuko berbaldian, adituak izotzezko kontinentea inguratzen dauen ozeano ezezaguna hurreratuko deutse bertaratutakoei, baita planetako habitat gogorrena dan honetan bizirik irautea lortu daben ekosistemak be. Ikertzaileak, 1987an Scotiako Arkuko artxipelagoetako hidrozooak arakatzen hiru hilebete emon zituan eta ‘Antartika 8611’ proiektuko lantalde zientifikoko kide bezela lortu eban esperientzia azalduko dau. Gaur egun, Ozeano Antartikoko itsasbarreneko flora eta faunari buruzko proiektuetako ikertzaile nagusia da Vigoko ozeanografia zentroan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu