Derrigorrezko eskolaldia amaitzean ikasle euskaldun eleanitzak izatea bermatu behar da

Bizkaie! 2008-05-05 18:16   Euskerea berbagai

Irakastereduak gainditzeari buruzkoak batzen dira hezkuntza-komunidadeko eragileen babes zabala jaso dauen Kontseiluaren proposamenean. EHIGE, Ikastolen Konfederazinoa, Kristau Eskola, Sortzen-Ikasbatuaz eta Hik Hasi-k babestu dabe.

Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Hezkuntza Sailak 2007ko martian aurkeztutako ‘Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn’ txostenari ekarpena egin deutso. Instituzinoakazko alkarlan sakonaren adierazgarri da egindako lana, gizarte zibilari bere eretxia eta ekarpena egiteko aukerea emon deutsolako Administrazinoak. Irakastereduak gainditzeari buruzkoak batzen dira hezkuntza-komunidadeko eragileen babes zabala jaso dauen Kontseiluaren proposamenean. EHIGE, Ikastolen Konfederazinoa, Kristau Eskola, Sortzen-Ikasbatuaz eta Hik Hasi-k babestu dabe. Proposamena gizarteratzeko, jardunaldiak antolatu ditu Kontseiluak, ‘Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen. Urrats bat aurrera’ izenburupean.

Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn legearen garapenerako proposamena’ Kontseilua eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arteko alkarlanaren ondorioa da. Arantxa Urbek zuzendutako lan-talde teknikoak hilebete luzetan zehar egin dau lana. Ikastolen Konfederazinoa, EHIGE, Kristau Eskola, Sortzen Ikasbatuaz eta Hik Hasi-ren babesa eta atxikimendua jaso ditu proposamenak. ‘Gizarte mobimentu legez, euskerearen normalizazinorako estrategikoa dan arloan proposamena luzatu deutsagu Administrazinoari’, azpimarratu dabe.

Euskerearen normalizazinoan hutsik barriro ez egiteko irakastereduen erreforman aurrera egitea ezinbestekoa dala aldarrikatu dabe. ‘Euskerearen garapena nahi badogu ezin dogu denpora gehiago galdu, ikasle euskaldun osoak sortu behar doguz’, adierazo dau gaurko prentsaurrekoan Kontseiluko idazkari nagusia dan Xabier Mendigurenek. ‘Irakastereduak agortuta badagoz, erreformea ezinbestekoa da, eta bide honetan, ezin daiteke denporarik gal. Hezkuntza sistemeak ikasleen euskalduntzea bermatu behar dau’.


Hezkuntza jardunaldiak: ‘Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen. Urrats bat aurrera’

‘Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen’ jardunaldietan parte hartzeko deia zabaldu dabe. Sarrerea doban izango da, kontseilua@kontseilua.org helbidean izena emon besterik ez da egin behar. ‘Jardunaldi edegiak izango dira, hezkuntzeagaz loturea edo euskerearen normalizazinoan lan egiten dauen edonork parte har leike’, adierazo dabe. Hitzordua Bilboko Deustuko Unibersidadeko Auditorioan izango da maiatzaren 8an, eguena, goizeko 9:30etatik eguerdiko 14:00etara.

Jardunaldien sarrera Kontseiluko Idazkari nagusi Xabier Mendigurenek egingo dau. Ondoren lan-talde teknikoko koordinatzaile Arantxa Urbek Kontseiluaren proposamenaren gako nagusiak azalduko ditu. Goizeko 11:00etan, barriz, EHUko pedagogia katedraduna dan Felix Etxeberriak berbaldia emongo dau etorkinen euskalduntzeaz. Amaitzeko, mahai-ingurua egingo abe Kontseiluko bazkide diran hezkuntza sektoreko eragileek: EHIGEko Ana Eizagirrek, Ikastolen Konfederazinoko Koldo Tellituk, Kristau Eskolako Mikel Ormazabalek, Sortzen-Ikasbatuazeko Julen Etxeberriak. Mahai-ingurua, Hik Hasiko Joxe Mari Auzmendik dinamizauko dau.


Kontseiluaren proposamenaren ardatz nagusiak

‘Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn’lanari egindako proposamena izan da Kontseiluak aurkeztutakoa. Helburua lortzeari dagokionean (ikasleak derrigorrezko eskolaldia amaitzen dabenea euskaldun eleanitzak izatea), aparteko garrantzia daben hamar ekarpen zerrendatu ditu Ikastolen Konfederazinoko ordezkariak, Koldo Tellituk:

1.- Eleaniztasunaren izaera eta ezaugarriak jendarteratuko dituan diskurtsoa zabaltzea, hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntzearen planteamendu barri horretan euskereari lehentasuna emotearen abantailak eta alde onak azpimarratuz.

2.- Ikastetxeko hizkuntza-proiektua antolatzea. Hizkuntza-proiektuaren barruan Hizkuntza Normalkuntza Plana zehaztea eta horreek kudeatuko dituan arduradunaren lanpostua sortzea djagokozan bitartekoakaz. Hizkuntza Normalkuntza Plana preskriptiboa izatea.

3.- Fundazinoak izatea ebaluazinoaren ardurea. Fundazino horrek, B1, B2, C1 eta egin daitekezan ganerako proben prestakuntzea eta kudeaketea egitea, proba horreetako emoitzak publiko eginez.

4.- Haur Hezkuntzearen amaieran ikasleen hizkuntzen aurrebaluazino glotodidaktikoa egitea.

5.- Hizkuntza zertifikazinoak eskaintzea, ikasleei eta ikastetxeei.

6.- Eskolako langile guztiak euskaldunak izatea.

7.- Irakasleen prestakuntzea diseinau eta antolatzea.

8.- Haur Hezkuntzan, 0 urtetik 6 urtera, murgiltze eta mantentze ereduetan eskolatzea.

9.- Irakasle eskolek irakaslegai euskaldunak bakarrik preparetea.

10.- Eusko Jaurlaritzeak ‘Hizkuntzak Irakatsi eta Ikasteko Markoa’-ren garapenerako proposamena abian jarteko beharrezko bitartekoak aurreikusi eta onartzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu