Gernika-Lumoko Udalak eta AEK-k etorkin gazteak euskal mundura erakarteko hitzarmena sinatuko dabe

Bizkaie! 2008-05-05 14:14   Euskerea berbagai

Datorren martitzenean, maiatzaren 6an, arratsaldeko 18:00etan sinatuko dute akordioa bilkura aretoan, José María Gorroño alkateak eta Mercedes Mugika AEK-ko ordezkariak.

Euskerearen erabilerea sustatu eta bere etorkizuna bermatzeko lanean jarraitzen dau Gernika-Lumoko Udalak. 2003ko apirilean abiarazo eban Euskerea Bizibarritzeko Plan Estrategikoa eta geroztik, urtero finkatu dau Kudeaketa Plana. 2008. urte honetan, etorkinei zuzenduriko hainbat ekintza aintzat hartu ditu, besteak beste, 'Etorkin gazteak euskerara hurreratzeko egitasmoa'. Plan hori martxan jarteko, AEKgaz alkarlanean arituko da.

Datorren martitzenean, maiatzaren 6an, arratsaldeko 18:00etan, Udal bilkura aretoan sinatuko dabe alkarlanerako hitzarmena eta ondoren, lanari ekingo deutse. AEK-k Gernika-Lumoko etorkin gazteak euskal mundura erakarteko Plan Estrategikoa diseinau eta martxan jarteko ikerlana egingo dau. Euskera saileko Idoia Fernández zinegotziaren arabera, '12 urtetik 24 urtera arteko udalerriko etorkin gazteak izango dira aztergai, hiru azpi-taldetan sailkatuta. Alde batetik, 12-15 urte bitartekoak; bestalde, 16-19 adin tartekoak; eta azkenik, 20 urtetik 24 urtera arteko gazteak'. Gainera, 'AEK-k laguntzino teknikoa eta metodologikoa eskainiko deusku Plan Estrategikoa diseinetako'.

AEK-k, bestalde, hilean behin jasotako datuakaz osotutako txostena aurkeztuko deutso Udaleko Euskera Zerbitzuari. Hausnarketearen bidetik landuko dira programak eta proiektuak, eragile bakotxaren behar eta ahalmenera egokituta.

Horrenbestez, etorkin etorri barriei berenberegi zuzendutako ibilbide programak; gazteei zuzenduriko berbalagun programak; motibazinoa lantzeko jarduerak; gazteen hizkuntza gatazkak emoten diran guneak detektau eta eurei egokitutako mikroplanen diseinuak eta konpromisoetan oinarrituriko hitzarmen bidezko ekintzak jarriko dira martxan.

Udalak proiektua gauzatzeko behar diren azpiegitura eta baliabideak eskainiko ditu, tartean 12.000 euroko diru-laguntzinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu